Aurtengo udaberrian bi hauteskunde
izango ditugula eta, boto-emaileei eta oro har herritarrei informazio
egokia aurkeztearrren, joan den astean
baso-politikari buruzko dokumentu bat helarazi zien Naturkonek
Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean odezkatuta dauden
indar politiko guztiei, hura aztertu eta gaiari buruz zer iritzi eta
proposamen duten azal dezatela eskatuz.
Ehizaren eta arrantzaren kudeaketari buruzko beste dokumentu bat helaraziko die aurki, eskaera berberarekin.
Hemendik denbora batera haiek emandako erantzunak bildu eta aurkeztuko ditugu.
BASOGINTZAN ALDAKETA BEHARRA GIPUZKOAN
Iazko
udazkenetik iritzi publikoan dagoen gaia da basogintza Gipuzkoan eta
Bizkaian. Gure paisaia gorritzen ari da, eta ez han eta hemen pinudiak
gaitzak jota daudelako, baita egurra modu intentsiboan makinaria
astunarekin eta matarrasen bidez menditik atera beharraren
beharrarengatik mendi-lurrak gero eta soilduagoak ageri zaizkigulako.
Beste behin ere, makina bat tona lur erreketara eta itsasora,
lurzoruaren higadura eta pobretzea areagotuz. Berdin eremu publikoa ala
pribatua izan, naturagune babestua edo Natura 2000 Sarea.
Egurraren
sektoreak agintzen du administrazioko baso politika publikoetan. Haien
mesedetara arautzen da basogintza, gure mendien kudeaketarako aukera
bakarra espezie exotikoen monolaborantzan oinarritutako ustiapen eredu
intentsiboa bailitzan. Ingurumen kalteak aintzat hartu gabe, diru
publikoak sostengatzen du baserritar eta gainerako lurjabe txikientzat
gero eta errentagarritasun gutxiago duen jarduera hau. Salagarria da
EAJk praktikatzen duen klientelismo politikoa, beti Ingurumenaren
kalterako. Baina, ustiapen-eredu honek ezkutatu ezin den aterabiderik
gabeko krisia eragin badu ere, gure administrazioa tematuta dago eredu
honi eusten. Egurra mozteko diru-laguntzak berrantolatu, pinudiak
eraginik izango duen frogatu ez den oxido kuprosoarekin airez fumigatu
eta pinuak hazkuntza azkarreko beste konifero eta zuhaitz espezie
exotikoekin ordezkatzea (eukaliptoa barne): alegia, egurraren sektorea
elikatzeko egituratutako politikari nola edo hala eutsi, hori da gure
administrazioaren planteamendua ingurumen krisi honen aurrean.
Benetako baso politika berritzaileen beharra
Bestelako
ekonomia-sektoreetan hain aurreratua omen den eta hainbeste aurreratu
omen duen herri honek, lehen sektorean XIX. mendeko jokamoldeekin
dihardu, gizakiaren jarduerak ingurumenean duen eraginean arretarik
jarri gabe. Gipuzkoan ez daukagu apenas baso naturalik (EAEn ere
jatorrizko basoen %75a desagertu da dagoeneko), dauzkagun sail txikiak
egoera ekologiko negargarrian daude, bioaniztasuna guztiz kaltetuta.
Egur landaketez josi dugu lurraldea, egurra ateratzera bideratuta mendi
publiko zein pribatuak. Aldundiarena da gure ingurune naturala eta natur
balioak kudeatzeko eskumena, eta beraz, espero zitekeen gutxienez
publikoak diren herri onurako mendietan eta naturagune babestuetan
guztiona den ondarea berreskuratzeko bestelako politikak lehenestea,
bertako basoak berreskuratuz (hariztiak, pagadiak, artadiak edo
ameztiak) eta egur ekoizpena bertan behera utziz. Baina, ez da kasua.
Gurea
bezalako klima eta orografia duen herrian basoa da natur ingurumenaren
sostengua. Basotik eskuratzen dugu ura, basoak eusten dio gure lurrari.
Betidanik ustiatu ditugu gure basoak, egurra modu ez jasangarrian
ateratzeak dituen ondorioak ezagunak zaizkigu: basoak ia desagertzera
eraman baititugu. Baina, iraganetik ez dugu ezer ikasi, ez dugu basoa
ulertzeko eta ikusteko moduan aldatu. Herri aurreratuetan aspaldi eman
zen eztabaida hau. Ipar Europara begiratu besterik ez dago bestelako
basogintza-politikak ikusteko. Landaketak egiteko bertako espezieak
erabiltzen dituzte, noski, etekina ateratzeko. Nafarroan eta Araban ere
baditugu bestelako ereduak.
Baina, horretarako
egurgintzaren industriak ere aldatu behar du. Hazkuntza geldoagoa eta
kalitate handiagoa duen egurrari aterabidea eman behar zaio, eta hori da
hemengo industria egiteko prest ez dagoena. Egur merkea mesedegarriagoa
zaio nonbait. Eta pagotxa da. Datozen urteetarako tonak pilatu dituzte
hutsaren hurrengo prezioan. Jabeak kezkatzeko moduko egoeran daude, ez
horrela egurgintzaren industria. Oraintsu aurkeztu berri dituzte Basotek
partzuergoaren etorkizuneko planteamenduak. Bioekonomiaz, bio-etiketaz,
ekonomia iraunkorraz, kimika berdeaz eta bioefizientziaz ari dira:
Basoa 4.0 alajaina, I+G+B diziplinak biltzen dituen estrategia. Hitzak,
hitz hutsak, hazkuntza azkarreko espezieen bidez lortutako kalitate
eskaseko egurrari aterabide berriak emateko. Baina, horrek ingurumenean
duen kalteaz hausnarketarik txikiena egin gabe. Nola edo hala, ereduari
eutsi nahi diote, gure mendiak industria jakin baten mesedetan jarri.
Errentagarria zaie.
Egurraz gain, basoen zerbitzu guztiak
Basoak
egurra ez den bestelako onurak ematen ditu: ura, aisialdia, jakiak,
…osasuna. Beste modu batera esanda, basoek zerbitzu ekosistemikoak
eskaintzen dizkigute eta hauek dirutan neur daitezke. Zerbitzu hauek
egurra baino askoz ere onuragarriagoak dira, eta errentagarriagoak izan
daitezke baso-politikak aldatuta. Naturkon Gipuzkoako natur talde eta
talde ekologisten elkarteak irudikatu ditu horretarako abiapuntua
beharko luketen ardatzak eta lan-taldea: Bioaniztasunaren kontseilua.
Aldundiari dagokio kontseilu hau martxan jarri eta baso-politika berria
diseinatzea. Lehen sektoreak bizi duen krisiak sistema-aldaketa eskatzen
du, modernizazioa, natur ingurunearen ustiapena kontserbazioarekin
uztartuz, krisi ekologiko globalaren paradigman kokatzeko. Etorkizuna
dago jokoan.
NATURKON (Gipuzkoako Natur Talde eta Talde Ekologisten elkartea)
No hay comentarios:
Publicar un comentario