Naturkon, Gipuzkoako natur-talde eta talde ekologistak biltzen dituen koordinakundeak, azken bi urte hauetan Aldundiarekin izandako bileren balorazioa egin ostean, prozesu hori bukatutzat ematea erabaki du.
Ilusioz hartu genuen bilerak egiteko gonbitea bertan behera uzten dugu gure lana eraginkorra ez delako.
Bi arrazoi izan dira erabaki hori hartzera eraman gaituztenak. Batetik, natur kontserbazioan eragiteko baliagarriak izan ez direlako eta bestetik, natur ondarearen eta biodibertsitatearen zaintzako eta berreskupenerako estrategiarik ez dagoelako.
Arloz arlo lankidetzarako aurkeztu genituen eskaerak azaltzea luzea da, beraz, labur aipatuko ditugu. Atxikituta duzue eskaeren txostena.
Babestutako eremuak: honen barruan Natura 2000 sarea, Parke Naturalak, Natura Leheneratzeko Europar Legea eta Azpiegitura Berdea sartzen ditugu.
- KBEen (Kontserbazio Bereziko Eremuen) kudeaketa planak eguneratu beharra daude, eta horretarako, ezinbestekoa da habitaten egoera ekologikoa ezagutzea, helburu horretara behar adina giza baliabide eta baliabide ekonomikoak bideratuz.
- Parke Naturaletan, Patronatuetatik, egun dagoen kudeaketa eredua aldatu eta biodibertsitatearen zaintza eta berreskurapenera zuzendu behar da.
- Europar legeak jartzen dituen epeak betetzeko asmoak zeintzuk diren argitu beharra dago.
- Korredore ekologikoen estrategia beharrezkoa da biodibertsitatea zaintzeko eta mantentzeko.
Babestutako eta interes komunitarioko espezieak. Hauen kontserbazio-egoera ez dakigu zein den, eta ezagutzen diren espezieei dagokienez, ez dago inolako kontserbazio-planik indarrean.
Basogintza. Egurgintzara bideratu du Aldundiak basogintza politika, eta zuhaitz landaketen erdia baino gehiago gaixotzea izan da ondorioa. Aitzakia honekin BSTK, Basotik fundazioa sortu da, baina kudeaketa intentsiboa aldatu beharrean indartu egin du. Jarduera honekin pribatizazioaren aldeko apustua egiten du interes orokorra baztertuz. Fundazio honen helburua errotik aldatzea eta basoak berreskuratzera bideratzea eskatzen dugu.
Ehiza. Ezinbestekoa da jarduera honen kudeaketa oinarri zientifikotan oinarritzea. Ehizatzeko segurtasun baldintzak bermatzeko ez dira baliabideak jartzen. Eremu sentikorretan jarduera murriztea edo debekatzea aztertzea eskatzen dugu.
Arrantza. Ehizan bezala, jarduera oinarri zientifikotan oinarritu behar da. Ez da erreken eta beraien ekosistemaren egoera ekologikoa kontuan hartzen. Arrantzak erreketako biodibertsitatean duen eraginari ez zaio behar duen garrantzia ematen. Ur gezako espezieak zaintzea edo berreskuratzea bultzatu behar da.
Larreak. Babestutako eremuetan larre kudeaketa Life Oreka Mendian proiektuaren baitan egingo dela aipatu zen, baina ez dakizkigu horren nondik norakoak, ezta emaitzak ere. Larre-habitaten kontserbazioa ez da Aldundiarentzat lehentasun bat. Horren egoera ekologikoa aztertu behar da, eta horrekin batera, mindek biodibertsitatean duten eragina.
Parte-hartze foroak. Naturkonen kideok administrazio-foroetan parte hartzea ezinbestekoa ikusten dugu, horien jarduera ekologiatik bultzatzeko. Eragile sozialen ordezkariak (irabazi-asmorik gabekoak) garela kontuan hartu behar da, eta gure parte-hartzea bermatzeko erraztasunak jarri behar dira, ez zailtasunak orain arte bezala.
Hasieran esan dugun bezala, ilusioz hasi ginen prozesu berri hau, baina emaitzak bertan behera uztera behartu gaitu. Natura eta biodibertsitatearekin dugun konpromisoa betez lanean jarraituko dugu, baina Aldundiak elkarlanerako benetako borondatea azaltzen badu, ez diogu berriro parte-hartzeari ateak itxiko.
Maiatzaren 22an Biodibertsitatearen Nazioarteko eguna denez, igandean, maiatzaren 24an Donostiako Uliara deitzen ditugu herritarrak, egoera honen aurrean protesta egin eta biodibertsitatearen alde ekiteko. Horretarako oinez joaten direnak 10etan Donostiako Okendo Kulturetxetik (Gros) irtengo dira eta 10,30ean Uliako goiko aparkalekuan elkartuko gara, landare inbaditzaileak erauzteko. 12tan amaitu eta mokadutxoa izango dugu. Ahalik eta kotxe gutxien erabiltzeko, jakinarazten da DBusek baduela taxi bus zerbitzua eta gutxienez 30 minutu lehenago egin behar da erreserba
NATURKON 2026-05-12
Gipuzkoa