Gipuzkoako Foru Aldundiak
maiatzaren 15ean argitaratu zituen “Gipuzkoako Lurralde Historikoko
nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako ustiategiek ematen dituzten zerbitzu
ekosistemikoak konpentsatzeko laguntzen oinarri arautzaileak”. Deialdian
bertan aipatzen denez: Gipuzkoako Lurralde Historikoko nekazaritza, abeltzaintza
eta basogintzako ustiategiek ematen dituzten funtzio ekosistemikoak
konpentsatzeko.
Hasiera batean, ez dirudi ideia
txarra. Ez bageneki Aldundiak trikimailu berri hau baliatu nahi duela, kosta
ala kosta, biodibertsitatearen berreskuperapenari eta naturalizazio prozesuei
kontra egiteko. Lehengo lepotik burua!
Kontzeptua ez da berria.
Dagoeneko, aurreko mendeko 70. eta 80. hamarkadetan ekologoek ekosistemek
eskaintzen zituzten zerbitzuez hitz egiten zuten. Natur kontserbazioaren
eremutik datorren kontzeptua da, dirutan kapitalizatu edo ez, natur baliabideek
gizakioi eskaintzen dizkiguten zerbitzuen ezinbestekotasuna, eta beraz,
garrantzia balioan jartzeko ahaleginari erantzuten diona.
Urte hauetan guztietan literatura
zabala sortu da kontzeptu horren inguruan, ekonomialarientzat tentagarria den
begirada delako, sistema kapitalistak materializatu ezin duena arbuiatzen
baitu, bizitza bera barne. Bada egun, zerbitzu ekosistemikoen sailkapen
ezberdinak ditugu, gehienetan 3 multzotan banatzen badituzte ere: hornikuntza
zerbitzuak (naturak ematen digun ura, elikagaiak, energia, zura, sendagaiak…),
erregulazio zerbitzuak (klima, polinizazioa, ura eta bestelako kutsaduraren
arazketa, lurreko deskonposaketa ..) eta kultura zerbitzuak (naturak
aisialdirako, ongizaterako, espiritualitaterako … eskaintzen dituen
aukerak).
Bada, zeintzuk dira balio
handieneko zerbitzu ekosistemikoak eskaintzen dizkiguten eremuak? Natur balio
handiena dutenak, alegia, natur ondarea eta beraz, biodibertsitatea ondoren
kontserbatu dutenak.
Ezinbestekoak izanagatik,
zerbitzu ekosistemikoak zailak dira dirutan neurtzen eta nekez hartzen dira
kontuan natur ingurunearen ustiapenean oinarritutako jardueretan: esaterako,
basogintzan eta abeltzaintzan. Horregatik, Nazio Batuetatik "Milurteko Ekosistemen
Ebaluazioa" deitutako programa bideratu zuten mende honen hasieran,
nazioarteko programa zientifiko baten bidez, zerbitzu ekosistemikoen kontzeptu
eta metodologia-esparrua garatzeko. Bada, mende honen lehen laurdenean
metodologia-esparruak adostasun eta garapen-maila handia izan du,
zientzialari-sareen bidez egindako lanari esker.
Gurean Euskal Herriko
Unibertsitateko (UPV/EHU) Garapen Iraunkorrari eta Ingurumen Hezkuntzari
buruzko UNESCO Katedratik ari dira ikerketa horretan parte hartzen Eusko Jaurlaritzaren
eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, besteak beste, "Euskadiko
Ekosistemen Zerbitzuak" ebaluatzeko ikerketa proiektuaren baitan.
Aipatutako katedrak
argitaratutako UPV/EHUko Garapen Iraunkorrari buruzko UNESCO Katedraren
aldizkariaren 10. Zenbakian (2010) irakur daiteke Urdaibaiko erretserba
Biosferako zerbitzu ekosistemikoen ebaluazioa. Zehazki, 4 ebaluatu ziren:
biodibertsitatea (euskarri-zerbitzua); ziklo hidrologikoaren erregulazioa,
karbonoa lurzoruan zein landaredian biltegiratzea (erregulazio-zerbitzuak); eta
aisialdirako erabilera (kultura-zerbitzua). Ikerketak oso emaitza argia eman
zuen: Urdaibain biodibertsitatea ekosistemen zerbitzuen adierazle modura erabil
daiteke, ez ordea landareen hazkunde-tasa (landareek euren hazkuntza-prozesuan
karbonoa finkatzen dutenez, klima aldaketaren kontrako neurri gisa baliatzen
dira).
Emaitza hauek Gipuzkoako babestutako
natur eremuetara zabal litezke? Ziurrenik bai. Landa eremura? Aztertu behar …
Baina argi dagoena da, basoek, padurek, belardiek eta zer esanik ez,
landaketek, ez dituztela balio bereko zerbitzu ekosistemikoak eskaintzen.
Areago, landaketa bidezko basogintza-eredu intentsiboarekin eta gehiegizko
abere-zamarekin kudeatutako belardiek zerbitzu ekosistemiko eskasak eskaintzen
dituzte, biodibertsitatea kaltetzen duten neurrian.
Administrazioek badakite edo
jakin beharko lukete hau guztia, besteak beste, UNESCO katedraren helburua
ebaluazio-sistema horren baitako kudeaketarako irizpideak ezartzea delako.
Hartu da hau guztia kontuan GFAren zerbitzu ekosistemikoak konpentsatzeko
diru-laguntzen oinarrietan? Ez. Makinaria astunarekin eta arraseko mozketaren bidez
kudeatutako diren baso-landaketen jabeei bezala, abere-zamaren ingurumen
eraginak neurtzen ez dituzten larre eta zelaien jabeei ere diru-laguntza horiek
eskatzeko aukera eskaini zaie (zenbatekoak nola kalkulatu dituzten argitu ez
badute ere).
Gipuzkoako Foru Aldundiak
abandonua deitzen dio berezkotzeari, naturalizazioari; basoa, espezie
bakarrarekin osatutako zuhaitz-landaketei; eta orain, modu intentsiboan
kudeatutako landa eremuko azaleren zerbitzu ekosistemikoak saritzeari ekin
dio.
Espainian VOX alderdiak lehen
sektorearekiko duen begirada larritzat jotzen da, zientziarekiko negazionistak
izanda, populismoan oinarritutako diskurtsoak zabaltzen dituztelako. Ez dago
haraino joan beharrik, Aldundian bertan ditugu pentsamendu berarekin politika
publikoak arautzen ari diren politikariak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario