Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Kontseiluak, ICES izenaz ezagutuak (www.ices.dk) azaroaren hasieran argitaratutako txosten zientifikoak ez du zalantzarik uzten: aingiraren (Anguilla anguilla) egoera biologikoa kritikoa da eta, ondorioz, Europako Batzordearen gomendioa zorrotza eta bakarra da estatu guztientzat: 2027an angularen arrantza guztiz debekatzea. Debekuak barne hartzen ditu arrantza profesionala, aisialdiko arrantza eta akuikultura-instalazioetarako zein birpopulatze-programetarako harrapaketak. (ICESen irizpena, 2026ko azaroaren 6an argitaratua, eta Europako Batzordearen COM (2026) 478 proposamena, 2027ko arrantza-aukerei buruzkoa).
ICES erakundea nazioarteko ikertzaile taldeen urte luzeetako lanak elikatzen du. Euskal Herriari dagokionez, AZTI Itsas eta Elikagai Ikerketa Zentroak hartzen du parte ikertalde horretan. Aspaldian ari zaizkigu, bertatik, ikusi nahi duenarentzat bistakoa dena neurtzen eta berresten: gure errioetara gero eta angula gutxiago sartzen denez, gure erreketan gero eta aingira gutxiago dago. Zientzialarien datuek, arrantzaleenek bezala, ez dute interpretazio okerretarako aukerarik uzten: angula bukatzen ari da.
Irizpide zientifikoa argia izanagatik, eta zientziaren argitan eztabaidaezina, irizpide horrek ez du baldintzatu legea. Alegia, irizpide horren baitan, estatuek —gure kasuan, Autonomia Erkidegoek— arautu behar dituzte hurrengo urtean aplikatu beharreko neurriak, betiere Europako Batzordearen gomendioak “balioetsiz”.
Egoera horrek eragiten du, izan ere, harrabotsa eta eztabaida, ezaguna baita gure ordezkari politikariek negazionismo zientifikorako duten joera, batez ere biodibertsitateari buruzko gaietan. Kantauri itsasertzeko ibaien bokale-estuarioetan, angularen arrantza inoiz behar bezala neurtu ez diren interes ekonomikoei lotuta egon da. Gurean, berriki profesionalizatu duten arte, aisialdiko arrantza gisa ia kontrolik gabe baimendu da, herritar arruntak ordaindu ezin izateraino garestitutako arrain preziatu hori. Aspalditik da ezaguna espeziearen gainbehera biologikoa, baina urte luzeetan Jaurlaritzak arrazoi kulturalen babesean baimendu du espeziearen iraungipena.
Europak angularen aisia-arrantza debekatzeak mugiarazi zuen Jaurlaritza duela pare bat urte. Erabaki haren aurrean, Jaurlaritzako Arrantza sailak inoiz profesionala izan ez den jarduera korrika eta presaka “itxuraz” profesionalizatu zuen, arrantzarako baimenak ematen jarraitzeko. Datu zientifikoen larritasunari erantzuteko arrantza erabat debekatu ordez, guztiz modu irregularrean natur ondarearen ustiapenean oinarritzen den jarduera legeztatzeko prozedura bideratu zuen, doloz, baimen-sistema interesatu baten bidez. Mutrikuko Natur Taldearen (eta Eguzki talde ekologistaren) galderei Arartekoak erantzun bezala, Jaurlaritzaren esku-hartzea guztiz eztabaidagarria da.
Erabaki horrek, bestalde, berekin zuen angularen arrantzaren kudeaketarako propio Batzorde bat sortzeko mandatua eta haren iritzia ezagutu bitartean angularen arrantza debekatzeko agindua. Batzordea aurtengo martxoan bildu zen gaiaren interesekoak diren partaideekin (arrantzaleak, Jaurlaritzako Arrantza saila, Gipuzkoa eta Bizkaiko aldundiak, Ura, natur kontserbazionistak) eta bertan argi erakutsi ziren emaitza zientifiko kezkagarriak (Azti zein Ura erakundeetako teknikariek bildutakoak). Jaurlaritzak bileraren ondorioak argitaratu zain gaude.
Inork ez du ukatzen angula-aingiraren egoera biologikoaren larritasuna. Arrantzaleek, bereziki, Euskadiko angulero elkartearen ahotik argudiatzen dutena da gure errioetan debekatzea bidegabea dela inguruko Erkidegoetan eta bereziki, mugaz bestaldean debekatzen ez delarik. Areago, eredu gisa erakusten dute angularen akuikultura-instalazioetako hazkuntza, horrela aritzen direnek angulak askatzen omen dituztelako, espezia birpopulatuz. Zientzialariek ez dute horren onurarik aurkitu; aitzitik, akuikulturaren bidez, gaitzak zabaltzeko arriskuaz ohartarazi dute.
Europako Batzordeak erabateko debekua eskatzen du eta espeziearen egoera ez denez hobetu, Arrantza Sailari eskatzen diogu debekua luzatzea, gutxienez, espeziearen egoera biologikoa hobetu arte. Gure auzokideen barrabaskeriak ez du gurea justifikatzen. Biodibertsitatea zaintzea guztion ardura eta administrazioaren betebeharra da. Angula-aingirarik ez uretatik kanpo!