"EZ DUGU ASMORIK GIPUZKOAN NATURA 2000 SAREA GARATZEKO"

Arantza Ariztimuño (PNV)

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi Zuzendaria

Gipuzkoako natura kontserbatzeko ardura duen pertsona (Donostian, 2015eko azaroan)



2023/05/18

Energia-iturri berriztagarrien plangintza gaiztoa



Ba al dakigu zer egin nahi duten?
Kapitalismoaren azelerazio-ziklo bakoitzak bere ezaugarriak eta ondorioak izan ditu eta azkena, kolore batek jantzi du: berdeak. Dena da jasangarria, ekologikoa edota berdea gure ordezkari politikoen ahotan: elikadura, energia, turismoa eta nola ez, energia. Energia nuklearra ere berde bihurtu duten honetan, greenwashing izenarekin bataiatu duten infoxikazioa gailendu da politika publikoetan. Ukrainako gerraren aitzakiarekin, ezinbestez energia berriztagarrien ekoizpena ahalik eta azkarren emendatu behar dugunaren mandatuarekin, diru publikoa (Next Generation diru-funtsak) enpresa pribatuetara bideratzeko estrategia bortitzak diseinatu dituzte Europan eta horri erantzuten dio argitaratu berri duten Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurraldeko Plan Sektorialak (LPSa). Presaka argitaratu dute, hauteskunde garaian, Udalak deseginda daudelarik, herritarren eta tokiko administrazioaren parte-hartzea zailduz.

Plan berriak potentzia handiko energia zentral eoliko eta fotovoltaikoak eraikitzeko 110 kokapen proposatu ditu (potentzia txikiagoko zentralak eraikitzeko prozedura ere proposatu du, asko zehaztu gabe). Gure mendilerro nagusi ia guztiak zentral industrial erraldoiez josteko aukera ireki duen planak, ez du natur ondarean eta biodibertsitatean lituzkeen eraginen baloraziorik egiten. Hori, LPS horretan proposatutako lekuren batean eraikitzeko asmoa duen enpresak neurtu behar du, hark proposatutako ingurumen-eraginen txostena da administrazioak baimena emateko edo kentzeko baliatzen duen tresna.

Baina, enpresek ez dute galeran lanik egiten: enpresek proiektu bat proposatzerako, bideragarritasuna aurreikusita izaten dute. Administrazioak nekez botatzen ditu atzera jarduera ekonomikorako baimenak, ingurumen eraginengatik (berriki jakin dugu gainera, txosten horiek egiten dituen enpresan lan egindakoren bat goi teknikaria dela Tapiaren sailean). Tradizio luzea daukate gure herrian ingurumenean eragindako txikizioak leuntzen dituzten baimenek, neurri aringarri edo zuzentzaileak ezartzeko “arteari” esker; behin eginda, kalteak neurtzen aritzea dirua xahutzea baita (inpunitatea esaten zaio horri eta legez araututa dago).

Energia Berriztagarrien LPSaren astakeriaren neurriaren erakusle, ez dira proposatutako azpiegitura kopurua eta haien dimentsioa bakarrik; baita erabili nahi den teknologia ere. Esaterako, 200 m baino luzeagoak diren haize-errotei eman zaie paso. Hala, Planak babestutako natur eremuei izkin egin badie ere, ez dira kontuan hartu, esaterako, kokapen horien eta babestutako natur eremuen arteko korridore ekologikoak; ezta errotak garraiatzeko behar diren pistak egiteko malda edo aldapak. Biodibertsitatean eragindako kalteak, berriz, ezin aurreikusi, arlo horretan ez da modu sistematiko eta esanguratsuan ikertzen eta. Lurraren, bizitzaren, galerak ez du garrantzirik gure agintarientzat, monolaborantzan oinarritutako basogintza-eredu intentsiboarekin erakutsi zigutena, PTS honekin errematatu dute.

Eta zer esan errota/panel horiek eraikitzeko behar diren mineralei buruz. Bidezko energia-trantsizioaz hitz egiten digute, petrolioan oinarritutako ekonomiarekin eragin dugun zor ekologikoak eta klima aldaketan izan dugun eraginak deskarbonizazioa azkartzera behartu behar gaituelakoan. Baina, horri gure kontsumoa muturreraino gutxitu gabe erantzutean, are zor handiagoa eragingo dugu mineralak erauzten ari diren herrialdeetan: estraktibismoa bizi duten herrien miseria ez da bidezkoa gure ongizatearen mesedetan eta hori da kontu honen paradoxa mingarria. Desazkunderik gabe, ez genuke bidezko trantsizioa aipatu ere egin behar.

LPS berriak, 2002ko EAEko Energia Eolikoaren LPSan du aurrekaria. Ez hark eta ezta berriak ere, ez dituzte indarrak jarri energiaren demokratizazioan eta eskuragarritasunean. Ezta biodibertsitatearen eta ondare naturalaren zaintzan ere. LPS berriak energiaren negozioaren mesedetan, lurraldea enpresentzat eskuragarri jartzea du helburu nagusia. Enpresa gutxi batzuen irabazien ordainetan, onar daiteke tamainako txikizioa eta neurtu ezin den biodibertsitatearen galera gure mendietan? Desazkundea planifikatu gabe, ez!Has gaitezen tokian tokiko beharrei erantzungo dien proiektu komunitarioekin, Km 0 eta ekonomia zirkularraren logikari erantzungo dion teknologiarekin. Azpiegitura berriak eraiki behar badira proiektu industrial horientzat, hiri lurretan eta lurzoru industrialetan eraikitzea da bidea.

Naturkonen eskaera argia da: LPS hau ingurumen eraginen baitan berrikustea, eta bitartean, tramitatzen ari diren zentral energetiko intentsibo guztiak atzera botatzea.