2026/07/16

ZERBITZU EKOSISTEMIKOAK, GIPUZKOAKO ALDUNDIA ETA DIRU-LAGUNTZAK

 

Gipuzkoako Foru Aldundiak maiatzaren 15ean argitaratu zituen “Gipuzkoako Lurralde Historikoko nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako ustiategiek ematen dituzten zerbitzu ekosistemikoak konpentsatzeko laguntzen oinarri arautzaileak”. Deialdian bertan aipatzen denez: Gipuzkoako Lurralde Historikoko nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako ustiategiek ematen dituzten funtzio ekosistemikoak konpentsatzeko.

Hasiera batean, ez dirudi ideia txarra. Ez bageneki Aldundiak trikimailu berri hau baliatu nahi duela, kosta ala kosta, biodibertsitatearen berreskuperapenari eta naturalizazio prozesuei kontra egiteko. Lehengo lepotik burua!

Kontzeptua ez da berria. Dagoeneko, aurreko mendeko 70. eta 80. hamarkadetan ekologoek ekosistemek eskaintzen zituzten zerbitzuez hitz egiten zuten. Natur kontserbazioaren eremutik datorren kontzeptua da, dirutan kapitalizatu edo ez, natur baliabideek gizakioi eskaintzen dizkiguten zerbitzuen ezinbestekotasuna, eta beraz, garrantzia balioan jartzeko ahaleginari erantzuten diona.

Urte hauetan guztietan literatura zabala sortu da kontzeptu horren inguruan, ekonomialarientzat tentagarria den begirada delako, sistema kapitalistak materializatu ezin duena arbuiatzen baitu, bizitza bera barne. Bada egun, zerbitzu ekosistemikoen sailkapen ezberdinak ditugu, gehienetan 3 multzotan banatzen badituzte ere: hornikuntza zerbitzuak (naturak ematen digun ura, elikagaiak, energia, zura, sendagaiak…), erregulazio zerbitzuak (klima, polinizazioa, ura eta bestelako kutsaduraren arazketa, lurreko deskonposaketa ..) eta kultura zerbitzuak (naturak aisialdirako, ongizaterako, espiritualitaterako … eskaintzen dituen aukerak). 

Bada, zeintzuk dira balio handieneko zerbitzu ekosistemikoak eskaintzen dizkiguten eremuak? Natur balio handiena dutenak, alegia, natur ondarea eta beraz, biodibertsitatea ondoren kontserbatu dutenak.

Ezinbestekoak izanagatik, zerbitzu ekosistemikoak zailak dira dirutan neurtzen eta nekez hartzen dira kontuan natur ingurunearen ustiapenean oinarritutako jardueretan: esaterako, basogintzan eta abeltzaintzan. Horregatik, Nazio Batuetatik "Milurteko Ekosistemen Ebaluazioa" deitutako programa bideratu zuten mende honen hasieran, nazioarteko programa zientifiko baten bidez, zerbitzu ekosistemikoen kontzeptu eta metodologia-esparrua garatzeko. Bada, mende honen lehen laurdenean metodologia-esparruak adostasun eta garapen-maila handia izan du, zientzialari-sareen bidez egindako lanari esker.

Gurean Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Garapen Iraunkorrari eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko UNESCO Katedratik ari dira ikerketa horretan parte hartzen Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, besteak beste,  "Euskadiko Ekosistemen Zerbitzuak" ebaluatzeko ikerketa proiektuaren baitan.

Aipatutako katedrak argitaratutako UPV/EHUko Garapen Iraunkorrari buruzko UNESCO Katedraren aldizkariaren 10. Zenbakian (2010) irakur daiteke Urdaibaiko erretserba Biosferako zerbitzu ekosistemikoen ebaluazioa. Zehazki, 4 ebaluatu ziren:  biodibertsitatea (euskarri-zerbitzua); ziklo hidrologikoaren erregulazioa, karbonoa lurzoruan zein landaredian biltegiratzea (erregulazio-zerbitzuak); eta aisialdirako erabilera (kultura-zerbitzua). Ikerketak oso emaitza argia eman zuen: Urdaibain biodibertsitatea ekosistemen zerbitzuen adierazle modura erabil daiteke, ez ordea landareen hazkunde-tasa (landareek euren hazkuntza-prozesuan karbonoa finkatzen dutenez, klima aldaketaren kontrako neurri gisa baliatzen dira).

Emaitza hauek Gipuzkoako babestutako natur eremuetara zabal litezke? Ziurrenik bai. Landa eremura? Aztertu behar … Baina argi dagoena da, basoek, padurek, belardiek eta zer esanik ez, landaketek, ez dituztela balio bereko zerbitzu ekosistemikoak eskaintzen. Areago, landaketa bidezko basogintza-eredu intentsiboarekin eta gehiegizko abere-zamarekin kudeatutako belardiek zerbitzu ekosistemiko eskasak eskaintzen dituzte, biodibertsitatea kaltetzen duten neurrian. 

Administrazioek badakite edo jakin beharko lukete hau guztia, besteak beste, UNESCO katedraren helburua ebaluazio-sistema horren baitako kudeaketarako irizpideak ezartzea delako. Hartu da hau guztia kontuan GFAren zerbitzu ekosistemikoak konpentsatzeko diru-laguntzen oinarrietan? Ez. Makinaria astunarekin eta arraseko mozketaren bidez kudeatutako diren baso-landaketen jabeei bezala, abere-zamaren ingurumen eraginak neurtzen ez dituzten larre eta zelaien jabeei ere diru-laguntza horiek eskatzeko aukera eskaini zaie (zenbatekoak nola kalkulatu dituzten argitu ez badute ere).

Gipuzkoako Foru Aldundiak abandonua deitzen dio berezkotzeari, naturalizazioari;  basoa, espezie bakarrarekin osatutako zuhaitz-landaketei; eta orain, modu intentsiboan kudeatutako landa eremuko azaleren zerbitzu ekosistemikoak saritzeari ekin dio. 

Espainian VOX alderdiak lehen sektorearekiko duen begirada larritzat jotzen da, zientziarekiko negazionistak izanda, populismoan oinarritutako diskurtsoak zabaltzen dituztelako. Ez dago haraino joan beharrik, Aldundian bertan ditugu pentsamendu berarekin politika publikoak arautzen ari diren politikariak.