"EZ DUGU ASMORIK GIPUZKOAN NATURA 2000 SAREA GARATZEKO"

Arantza Ariztimuño (PNV)

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi Zuzendaria

Gipuzkoako natura kontserbatzeko ardura duen pertsona (Donostian, 2015eko azaroan)



2018/11/19

Pinuaren gaitzaren inguruan hainbat urrats egin ditzala eskatu dio Naturkonek Gipuzkoako Foru Aldundiari

Joan den asteazkenean, hilak 7, helarazitako gutun baten bidez, hainbat eskaera luzatu dio Naturkon Gipuzkoa kolektiboak Gipuzkoako Foru Aldundiari, pinuari eraso dion onddoaren eta haren aurka jarduteko Aldundiak hartutako erabakiaren inguruan. Zehazki, galdetu dio zer informazio toxikologiko darabilen eskuartean, zer ikerlan egiteko asmoa duen tratamenduaren aurreko eta ondorengo egoera ekologikoa konparatu ahal izateko, nola pentsatzen duen bateragarri egitea tratamendu biozida hori eta perretxikoen kontserbazioa, bereziki Lobaria virens likenaren kontserbazioa...

Halaber eskatu dio, jakinik kobre oxidoa izugarri toxikoa dela onddoentzat ez ezik, arrain eta uretako gainerako faunarentzat ere, bere eskuetan duen informazio guztia helarazteko, Naturkoni berari ez ezik, Gipuzkoako arrantza-elkarte, arrantza-federazio eta elkarte mikologiko guztiei ere.

Ildo beretik eskatu dio Naturkonek Aldundiari informazio horixe bera helarazteko Gipuzkoako parke naturaletako patronatuetako kide guztiei, natura babesteko kudeaketa beren esku baitute.

Azkenik, arazoaren larritasuna eta, bereziki, hura konpontzeko aukeratu den bidearen larritasun handiagoa kontuan izanik, Naturkonek ondorioztatu du badagoela nahiko motibo behingoz konbokatzeko Gipuzkoako Biodibertsitatearen Kontseilua, 2015ean sortu zenetik behin ere bildu ez dena.

Bere gardentasun-politikari muzin eginez, erantzuteari uko egin dio Aldundiak.

Hau da gutunaren testua literala:

.

                                  Ainhoa Aizpuru Murua Foru Diputatua
                                  Arantza Ariztimuño Zuzendaria
                                  Alfonso Acarreta Idazkari Teknikoa
                                  Iñigo Mendiola Zerbitzuburua

                                  Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako                                   Departamentua

                                  Gipuzkoako Foru Aldundia


Jaun-andre horiek, egun on.

Azken hilabeteetan Euskal Herrian oro har eta Gipuzkoan bereziki pinuetan zabaldu den izurritea dela eta, hainbat eskaera egin nahi dizkizuegu honen bitartez:
  • a) Jaso nahi genuke oraintsu onetsi berri duzuen eta urriaren 11n prentsaren aurrean iragarri zenuten “Konifero basoak berreskuratzeko euskal estrategia” delakoaren espedienteko dokumentazioaren kopia bana.
  • b) Halaber nahi genuke helaraztea gaiarekin lotuta eskura duzuen informazio teknikoa —toxikologikoa onddoekiko oro har, toxikologikoa uretako bizidunekiko, ingurumenarekikoa, fitosanitarioa…— eta administratibo guztia, hala nola Madrilgo Gobernuari egindako baimen-eskaeraren ingurukoa.
  • c) Jakin nahi genuke halaber ea zuen sailak aurreikusi duen, kobre (I) oxido bidezko tratamendua aplikatzen bada, aurretiko eta ondorengo azterketa faunistiko, floristiko eta ekologikoa egitea tratamenduaren ingurumen-ondorioak ebaluatu ahal izateko, bereziki onddoen gainekoa eta uretako ekosistemen gainekoa, baina lehorreko makrofaunari buruzkoa ere bai.
  • d) Jakin nahi dugu, orobat, nola aurreikusten duen zuen sailak bateratzea delako tratamendu hori Lobaria virens likena (Europako liken urrien eta mehatxatuenetako bat, Gipuzkoan bizi dena) babesteko obligazioarekin.
  • e) Aurreko puntu guztiei buruzko irizpen teknikoa enkargatzea EHUren Ekologia Departamentuari.
  • f) Gaiaren larritasuna ikusirik, uste dugu une egokia dela, eta hala eskatzen dizuegu, 2015ean sortutako Bioaniztasunaren Kontseilua (9/2015 Foru Dekretua, apirilaren 14koa) konbokatzeko gai hau guztia aztertzeko, informazio hori guztia aldez aurretik helarazita kontseilukideei, garaia baita baso-politikan egurgintzaren sektorearen interesetik haragoko planteamenduak kontuan hartu eta prozedura gardenagoak baliatzeko.
  • g) Kobre (I) oxidoak onddoekiko duen toxikotasuna dela eta, eskatu nahi dizuegu halaber Euskal Herriko elkarte mikologiko guztiei helaraztea aurreko puntuetan aipatutako informazio tekniko guztia.
  • h) Bota nahi den konposatuak uretako bizidunekiko duen toxikotasuna ere ikusirik, halaber eskatu nahi dizuegu goiko puntuetan aipatzen den informazioa Euskal Herriko arrantza-elkarte eta arrantza-federazio guztiei helaraztea.
  • i) Iragarri den tratamenduaren ondorioak oso larriak izan daitezkeela aurreikus daitekeenez, orobat eskatu nahi dizuegu Parke Naturaletako Patronatuetako kideei ere helaraztea esandako informazio guztia.
  • j) Halaber esandako informazioa Gipuzkoako Arrantza Kontseiluko kide guztiei helaraztea, eta gai hau Kontseilu horren urteroko bilkuraren (nahiz aparteko bilkura monografiko baten) gai-zerrendara gehitzea, han ere azter dadin.

Besterik gabe, jaso gure agurrik beroena.


Donostian, 2018ko azaroaren 7an

Naturkon Gipuzkoa
Naturaren Kontserbazioa Gipuzkoan

No hay comentarios:

Publicar un comentario