"EZ DUGU ASMORIK GIPUZKOAN NATURA 2000 SAREA GARATZEKO"

Arantza Ariztimuño (PNV)

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi Zuzendaria

Gipuzkoako natura kontserbatzeko ardura duen pertsona (Donostian, 2015eko azaroan)



2018/02/06

Arantza Ariztimuñok dimititzeko eskaeraren alde


Aurreko astean Arantxa Ariztimuño Mendietako Foru zuzendariaren dimisioa eskatu zuen Ahal Dugu alderdiak Gipuzkoako Batzar Orokorretan, Natura 2000 sareko babestutako eremuetako legedia ez betetzeagatik. Eskariari EAJ alderdiak berehala erantzun dio, zuzendariari bere babesa eskainiz eta Ahal Dugu alderdia gezurretan ari dela salatuz.

Gezurretan ari dena beste behin EAJ da. Izan ere, Arantxa Ariztimuñok 2015eko azaroaren 5ean (Xabier Arruti nekazaritzako zuzendariarekin eta Aldundiko hainbat teknikarirekin batera) Gipuzkoako natur taldeen ordezkariekin izandako bileran hitzez hitz esan zuen: ““argi daukagu (Kontserbazio Bereziko Eremuen) kontserbazio-neurriak ez direla bideragarriak eta kudeaketa plan horietan jasotakoa ez dugula beteko”.

Baina esan bakarrik ez, Ariztimuño andreak zuzen asko bete du bilera hartan esandakoa:

1) Gipuzkoan ez da ezer egin Europa mailako intereseko habitaten eta arriskuan dauden espezieen egoera zaintzeko eta hobetzeko. Batetik, ez dira garatu babestutako eremuetako kudeaketa-planak, ezta eremu bakar batekoa ere, eta, bestetik, arriskuan dauden animalia eta landareen egoera hobetzeko ez planik, ez ikerketarik ez du abiarazi.

2) Aurreko legealdian salatu bezala, Parke Naturaletako Patronatuetako bilerak pantomima hutsa dira, informatiboak guztiz eta oso parte-hartze eskasekoak. Egitekotan urtean behin egiten dira, aktak ez dira behar bezala jasotzen eta deialdiak oso egun gutxiko tartearekin bidaltzen dira. Bestalde, parkeen zuzendariak legez izendatu gabe jarraitzen dute eta ez dago parke horientzako kudeaketa-planik. Gipuzkoako parke naturalak abeltzainentzako bazka-leku intentsiboa bihurtzea izan da helburu bakarra.

3) Aurreko legealdian EH Bilduk basoen kudeaketan naturaren kontserbazioaren mesedetan hartutako neurri apurrak atzera bota zituen EAJk boterera iritsi bezain pronto. Asko kostata bada ere, ordukoei ikus arazi genien basoen kudeaketa basozaleen mesedetan soilik egiteak dituen ondorio negargarriak. Bide zuzenean hasitakoa, erabat eten du Ariztimuño andreak.

4) Aurreko legealdian izerdi asko botata lortu genuen zuzendaritza honen jarduera hain iluna ez izateko parte-hartze batzordeak sortzea. Azken momentuan Bioaniztasunaren Mahaia sortzea onartu zen, artzainak, nekazariak, ehiztariak, arrantzaleak, basozaleak eta natur kontserbazionistak mahai berean esertzeko. EAJk legealdi osoan ez du bilerarik deitu, eta ez du, nonbait, deitzeko asmorik. Ez ditu natur kontserbazioaren eta ustiapenaren ikuspegiak bateragarri bihurtu nahi.

PNV alderdiak administrazioaren kudeaketan parte-hartzea sustatzen duela esan ohi du, hamaika aldiz entzun diogu hau Imanol Lasa bozeramaileari. Haatik, naturaren kontserbazioari dagokionez gezur borobila da hori. Gure iritziaren kontra, aurreko lege aldian EH BIlduk sortutako batzorde sektoriala (basoena) eta lehendik existitzen ziren kontseiluak (ehizarena eta arrantzarena) baino ez dituzte biltzen. EAJk ez du gardentasunik nahi arlo honetan. Ez ditu naturaren kontserbazioa eta natura-ondarearen ustiapena aurrez aurre jarri nahi, oso agerian geldituko liratekeelako kofradiakideen interesak: ondasun eta ondare publikoa euren sokako enpresa eta elkarteen esku jartzea. Horretarako legea saihestea ez da eragozpena Arantxa Ariztimuño zuzendariarentzat, eta horregatik eman behar du dimisioa lehenbailehen, eta Gipuzkoar guztion mesedetan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario