Baso-politika berri baterako oinarriez gogoeta egiteko jardunaldia antolatu du Naturkonek beste behin
Joan den larunbatean, abenduaren 17an, Aranzadi zientzia-elkartearen egoitza nagusian, jardunaldi tekniko bat antolatu zuen Naturkon plataformak Gipuzkoan eta Euskal Herrian basoak berreskuratzeko daukagun erronkari aurre egiteko proposamenak aztertzeko. Hainbat adituk erakutsi zituzten beren esperientziak ikerketa eta kudeaketa alorretan. Antolatzaileek aldarrikatzen dute ezinbestekoa dela basoak berreskuratzea, ez soilik deskarbonizazioari bide egiteko; baita, eta bereziki, biodibertsitatearen galera geldiarazteko ere.
Ekitaldia, Naturkon elkartzeko Aitziber Sarobe Egigurenek hasi zuen, basoa zer den eta zer ez den argituz; basoak berreskuratzeaz ari garenean, zertaz ari garen argitzea izan zen sarrera motxaren helburua (bideoa hemen).
Ondoren, lur-jabeen ahotsa entzun genuen Goikolau kultur elkarteko Joseba Goienolak egindako aurkezpenari esker. Berriatuko elkarte honek, euren herrian ehundik gora lur-jabe elkarrizketatu ditu pinuaren gaitzen basogintzak eragindako krisiaren ostean duten iritzi eta begirada jasotzeko. Jabeen artean dagoen iritzi-aniztasunaren berri izan genuen, baina, zerbait azpimarratzekotan, jabeek egoera honen aurrean sentitu duten bakardadean jar daiteke arreta. Argi dago, egin dituzten landaketan eta izan nahiko lituzketen zuhaizti-motak, beti ez datozela bat (bideoa hemen).
Hirugarren agerraldian, basoen berreskurapenean lanean ari diren tokiko administrazioen ahotsa entzun genuen. Iñaki Aizpuru, Itsasondoko alkateak, udalerri horrek mendi lurrak erosteko egin duen ahaleginaz gain, lur horietan basoak berreskuratzeko eta horiek ezagutarazteko gauzatu dituzten eta gauzatzen ari diren proiektuak erakutsi zituen. Bestalde, Iñaki Azkarate, Errenteriako ingurumen teknikariak, Errenteriako udalerriak hainbat urteetan diseinatu eta gauzatu duen biodibertsitatearen zaintzarako eta berreskurapenerako estrategia erakutsi zuen. Herri lurrak babesteko Lurralde Antolaketarako Plangintzatik hasita, helburu horretara bideratzen dituzten baliabideak erakutsi zituen (bideoa hemen).
Atsedenaldiaren aurretik, azken agerraldian Jose Luis de la Cuesta, Kriminologiaren Euskal Institutuaren zuzendaria entzun genuen. Basoak, gaur gaurkoz, ez du berariazko babes legalik. Basoak babesteko, lege-markoan egin beharreko aldaketak proposatu zituen adituak (bideoa hemen).
Azkenik, atsedenaldiaren ostean, Lurgaia, Naturkon eta Baso biziak elkarteen arteko solasaldian parte hartzeko aukera izan genuen. Azken 5 urte hauetan, basoen berreskurapenean auzolanean Gipuzkoan egindako lana ezagutzearekin batera, bide horretan natur taldeek dituzten aukerez eta zailtasunez hausnartu genuen (bideoa hemen).
No hay comentarios:
Publicar un comentario