Bi sindikatu horiek eman berri duten prentsaurrekoan Aranzadi Zientzia
Elkarteak urtarrilaren 13an Batzar Nagusietako Ingurumen Batzordean Aralarko
pisten inguruan egindako agerraldia gaitzetsi dute. Harrituta omen daude
Aralarren inguruan erakunde horrek azaldutako “oinarri zientifiko ezagatik”. Ez
omen dute ulertzen “Aranzadi bezalako prestigiodun elkarte batek zein motibazio
izan dezakeen erabat orkestratutako eszenografia honetan parte hartzeko”.
Salaketa larri hauek egiteko, gainera, zuzenak ez diren hainbat argudio eman
dituzte:
1.
“Aranzadik, zoritxarrez, argi utzi zuen, bere ustean,
abeltzaintza estentsiboak ez duela etorkizunik (2002an Eusko Legebiltzarrean
aurreikuspen berdina egin zuen, eta zorionez, ez zuen asmatu)”. Aranzadiko
ordezkariek esandakotik ondorio hori ateratzea jokabide benetan interesatua da.
Argi utzi zutena da Aralarren gaur egun bultzatzen den abeltzaintza-eredua ez
dela bateragarria natur balioen kontserbazioarekin. Gehiegizko abelburu kopurua
dagoela esan zuten, eta eredu horrek huts egiten duela etengabeko diru
laguntzen emendioak ez duelako artzain kopuruaren gutxitzea gelditu. Aranzadiko
ordezkariek abeltzaintza estentsiboaren aldeko aldarria egin zuten, baina azterketa zientifikoetan oinarrituta
kudeaketaren bermearekin. Hauxe da gaur eguneko ereduak errespetatzen ez duena
eta horren etorkizun eza da Aranzadiko ordezkariek salatu zutena.
2.
“Aralarren artzaintza desagertuko balitz ez litzateke deus
ere gertatuko” esan omen zuten Aralarko ordezkariek. Hori ere ez da zuzena.
Esan zutena da Aralarrek bere oreka ekologikoa bilatuko zukeela, azken 150 urte
hauetako lurzoruaren galera gelditu eta pixkanaka berreskuratuz.
3.
“Aralarko kudeaketa gaur egungo egoera kudeatzera mugatu
beharko litzateke”, Aranzadiren ahotan jarritako beste baieztapena. Hori ere ez
da zuzena. Artzaintza- eredu berri bat eskatu zuten, horretarako ikuspegi
orokorrarekin egindako proposamena eskainiz. Aranzadik aspalditik dauka gai hau
aztertuta, eta sindikatu horiek inoiz kontuan hartu izan ezak ez du
justifikatzen euren ahalegina modu itsusi horretan arbuiatzea.
4.
“Aranzadiren posizionamenduak ez du kontuan hartu, Aralar
mendia Mankomunitatea osatzen duten hamabost udalena dela”. Natur balioen
defentsak unibertsala eta derrigorrezkoa beharko luke izan giza eskubidea den
heinean, eta sindikatu horien ordezkariek ulertzen ez badute ere, baserritarrak
zein abeltzainak balio horien galeraren kaltetu zuzenak dira naturak euren
lanbidea baldintzatzen duelako. Parke naturala udalerri horien lurretan dagoela
uka ezina da, baina eremu horrekiko abeltzaintzatik haratagoko interesak daude,
eta horiek ez daude ordezkatuta parke horren kudeaketarako erabaki organoetan.
Poztekoa da, behingoz, sindikatu hauek
zientziaren aldeko aldarria egitea. Aranzadi Zientzia Elkarteak Aralarri buruz
duen ezagutza zientifikoa zalantzan jartzea zilegi da noski, baldin eta
horretarako argudio zientifikoak erabiltzen badira. Eta hor dago koska, ez
dagoelako (publiko eginda behintzat), horretarako daturik.
Gipuzkoako natur taldeak eta talde ekologistak
urteak daramatzagu babestutako eremuetan ezagutza zientifikoan oinarritutako
kudeaketa gauzatzeko eskaerak eta proposamenak egiten Foru Aldundiari. Aurreko
legealdian Aranzadik proposatutako Batzorde plurala diseinatzea lortu genuen:
Bioaniztasunaren Mahaia. Bere osaera eta funtzioak legez zehaztuak ditu, eta Aldundiari
dagokio martxan jartzea natur balioen ustiapenaren eta kontserbazioaren auzia behar
den arduraz lantzeko. Zain gaude, guztion onerako izango baita.
GIPUZKOAKO NATUR TALDE ETA TALDE EKOLOGISTAK