Azken urteotan gure paisaiaren koloreak kezkatuta gauzka basozaleak ez
ezik, herritarrak. Basogintzak bizi duen krisia begi-bistakoa da eta jabeen zein
industriaren kexak hedabidetara iristen dira tarteka. Natur talde eta talde
ekologistoi egurraren industriaren mesedetan eraikitzen diren diskurtsoak eta
adiera faltsuak argitzea edota ezeztatzea dagokigu, auzi honetan argibiderik
aurkituko badugu.
Gipuzkoako Basozaleen Elkarteko ordezkaria entzun berri dugu Euskadi
Irratian banda marroiaren izurria (eta pinuak aspalditik dituen bestelako
gaitzak) Covik-19ak eragindako pandemiarekin alderatzen; ez baterako ez
besterako ez geundela prestatua esateko. Banda marroia eta gorriaren
erantzuleak diren onddoak, baina, aurreko mendearen erdi-aldetik dira ezagunak
hemen eta jakin badakigu monolaborantzak oinarritutako ekoizpen eredu
intentsiboak horrelako onddoak zabaltzeko baldintzak erraztu besterik ez
dituztela egiten. Basogintza-eredu horrek, gainera, kaltea ez du zuhaitzetan
bakarrik eragiten. Zuhaitz-espezie horiek matarrasa teknikaren bidez ari dira
ateratzen eta teknika horrek lurzoruan eragiten duen kalteari buruz ez dute
hitzik esaten. Azken urteotan lurzorua higatzen eta galtzen ari gara: tona eta
tona lurrak ari gara itsasoratzen baso-mozketa bakoitzean. Lurraren
emankortasuna galtzen ari gara eta hori ez da izurrien eraginez bakarrik
gertatzen ari: egurraren industriak eta basozaleen elkarteek, administrazioaren
laguntzarekin, mantendu nahi duten basogintza-eredua da horren erantzulea.
Konfinamendu garaian basogintza “aktibitate esentziala” izendatu delako
ez da eten zuhaitz-mozketa udaberrian. Basozaleen elkarteko ordezkariak
egurgintza, papera eta etxegintzarako egurra ekoizteko beharrezkoa delako justifikatzen du erabaki hori. Baina, esan ez zuena
da, Gipuzkoan ekoizten den papera egiteko erabiltzen den egurra itsasontziz
ekartzen dutela eta eraikuntzarako eta bestelako erabileretarako baliatuko dena, kanpora eramaten ari direla kamioietan;
egurraren industria kolapsatu egin baita hemen. Ekonomia globalizatuan gure
basoetako egurrak gure kontsumorako duen balioa hutsaren hurrengoa da.
Tematuta daude basozaleen elkarteak eta egurgintzaren industria bioekonomiarako
egurrak duen balioa goraipatzen. Ekonomia zirkularrarekin eta KM0
estrategiarekin nahasten dituzte kontzeptu denak. Egurrean oinarritutako
ekonomia bioekonomia bezala definitzea onargarria da, baina bioekonomia, bere
horretan, ontzat ematea ez. Hor daude, esaterako, Amazonia eta Borneoko
baso-mozketek edo alboan ditugun Portugal edo Galiziako eukalipto-landaketek
eragindako kalteak. Hauek, noski, ez dugu uste bioekonomiaren izenean onartu
beharreko ereduak direnik. Gainera, badago gure basoetan benetan kaltegarria
izan daitekeen praktika: landaketarik ez dagoen eremuetako biomasa (hildako edo
berez etorritako egurra) ustiatzea. Lurzorua emankorra izango bada materia
organikoa behar du; lurra onduko bada bizidunak edota haien osagaiak usteldu
behar dira bertan. Prozesu hauek zailtzen edota oztopatzen dituen
ustiapen-eredua ezin da jasangarria dela onartu.
Azkenik, aipatzekoa da ere lurjabe askok birlandaketak egiteari uko
egin diolako, basozaleen elkarteek eta egurgintzaren industriak zabaldu nahi
duten beldurra: suteen arriskua emendatuko dela diote. Nortzuk, eta eukaliptoak bezalako espezie pirofiloak
landatzearen alde egiten ari diren berberak. Sutearen kontrako erremediorik
onena baso helduak dira, oreka ekologikoan dauden basoak, guk ez dauzkagunak
eta basogintza-eredu intentsiboak oztopatzen dituenak. Baso “abandonatu” hauek
dira gure berezko basoak berreskuratzeko daukagun aukerarik onena. Denbora
beharko da, baina hauek dira sustatu eta saritu beharreko basoak.
Basogintza krisian dago gure herrian. Eredua aldatu behar da, sektorea
modernizatu: alegia, ingurumen-kalteen baitako ekoizpen-eredua arautu. Hein
batean diru-publikoak eusten du jarduera hau. Bada garaia basogintzara
bideratutako diru-laguntzak eta politikak onura publikoaren baitan (osasuna,
ura, bioaniztasuna, baliabideak, klima aldaketari aurre egiteko aukerak…
alegia, zerbitzu ekosistemikoak) diseinatzeko. Landaketetatik basoetarako bidea
egin behar dugu eta horretarako denbora behar da. Natur ingurune osasuntsua
nahi badugu, denbora ordaindu beharko dugu, basoak birsortu eta biodibertsitateaaniztasuna
berreskuratzeko denbora. Epe luzera begirako politikak diseinatzea eskatzen du
honek eta dagoeneko berandu gabiltza, bizi dugun pandemiak erakusten digun
bezala.
NATURKON, Gipuzkoako natur talde eta talde ekologistak