NATURKON naturaren kontserbazioaren aldeko plataformak ohartarazi du, Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Angularen Elkartearekin batera, ”angularen arrantza tradizionala babesteko” emandako urratsekin, Europako aingiraren (angularen) gehiegizko ustiapena eta desagerpena legeztatuko dituela.
Eusko Jaurlaritzak iragarri du angularen arrantza profesionala bihurtuko duela, eta, horri esker, saihestu duela Europar Batasunak orain arte Gipuzkoan eta Bizkaian bakarrik baimenduta zegoen aisialdiko arrantzari jarritako debekua. Horrek esan nahi du:
- Hasteko, biodibertsitatearen aurkako atentatua, beste behin ere, faborezko tratuen mesedetan sakrifikatua.
- Existitzen ez den lanbide-sektore bat artifizialki sortzea, Europako legeriari iseka egiteko, edo, aitzitik, inplizituki aitortzea urteetan aisialdiko jarduera gisa kamuflatu dela benetan jarduera profesional bat izan dena. Hala izanik, behar bezalako ingurumen-kontrolei iskin eginda eta beste edozein jarduera ekonomikoren berezko eskakizunetatik kanpo burutu dela aitortuz.
Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Kontseiluaren (CIEM) azken irizpen zientifikoen arabera, Europako aingira-populazioa segurtasun-muga biologikoetatik kanpo dago, eta gainbehera handia jasan du 70eko hamarkadaren amaieratik; beraz, aingiraren biziraupena kinka larrian dago.
Ildo horretan, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek berak adierazi zuen aingira europarra segurtasun-muga biologikoetatik kanpo eta arrisku larrian dagoela. Egoera horren aurrean, Europa Batasunak Aingira Kudeatzeko Planak egitera behartu zituen estatu kideak. Euskal Autonomia Erkidegoan Aingiraren Kudeaketa Plana onartu zen, eta, bertan, angula aisialdirako arrantzatzea arautu zen: EAE da Europa osoan angularen arrantza modalitate horretan baimentzen zen leku bakarra (1).
Bada, ez CIEM bezalako erakundeek ezarritako irizpide zientifikoek, ez galtzeko arriskuan dagoen espezietzat jotzen den Mehatxatutako Espezieen Zerrenda Gorriak (2), ez CMSak (3), ez EAEn Aingira Berreskuratzeko Kudeaketa Planeko aingiraren egoerari buruzko alertek (aingiraren arrainkumeak diren angularena barne) eta ezta Europa mailan hainbat erakundek bultzatutako kanpainek (4) ere, ez diote EAJri, Euskadiko Angulero Elkartearen interes pribatu aseezinaren mesedetan aritzeko. Arrisku larrian dagoen espezie batekin egiten den merkataritzak diru-sarrera garrantzitsu bidegabeak dakarzkie gutxi batzuei, eta hori guztia tradizioaren izenean egiten dute.
BIODIBERTSITATEAREN AURKAKO ATENTATUA
Aipatu denez, Europar Batasunak aingira berreskuratzeko arauk onartu eta planak egin arazi zituen. Beraz, egokia da galdetzea: 2007tik hona egoerak hobera egin du? Ezta pentsatu ere. 2014ko EBren txosten batean honako hau irakur zitekeen: “Zientzialariek etengabe ohartarazten dute arrantzak edo beste giza faktore batzuek eragindako hilkortasuna (aingirarena eta haren arrainkumeena, angulena) zerora ahalik eta gehien murriztu beharko litzatekeela”, eta premiaz jokatu behar dela. Gobernuek premiaren irakurketa propioa egin dute, baina, azkenean, Bruselan 2022ko abenduaren 11tik 13ra egindako Europar Batasuneko Nekazaritza eta Arrantzako Ministroen Kontseiluak neurri berriak adostu zituen. Zehazki, aisialdi-arrantza debekatu eta profesionalari murrizketa gehiago ezarri zizkion.
Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu al du erabakia, esaterako, aingira Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan sartzeko asmoa iragarriz? Ezta pentsatu ere. EBren debekuari iseka egiteko asmoa erakutsi du, bere garaian aisialdiko edo kirol-arrantza baino ez omen zena, arrantza profesionala izendatuz. Eta zeren izenean? Tradizioaren aitzakiapean. Aizue, tradizioa gure itsasadarretan aingirak bizitzearen gertaera historiko eta biologikoan oinarritzen da. Desagertzen badira, ez da tradizioa gordetzerik izango. Horrek ez al du justifikatzen, gutxienez, geldialdi biologiko bat, bere garaian antxoarekin dekretatu zena bezalakoa, gutxienez espezieak segurtasun-muga biologikoetatik kanpo edo arrisku larrian egoteari utzi arte? Ba, dirudienez, ez.
Eusko Jaurlaritzaren erantzuna nahiko argi geratzen ari zen duela hilabete batzuetatik. AZTI angularen egoera kritikoaz detektatzen eta ohartarazten aritu denean, Eusko Jaurlaritzako Arrantza Zuzendaritzak espezie horren arrantza bermatzeko borondatea erakutsi du beti, ondare naturalaren kudeaketarekiko duen betiko ahuldadea agerian utziz. Betidanik, biodibertsitatea zaintzeko betebeharraren aurretik jarri izan dituzte bestelako interesak (klientelismoa).
Bestalde, aingira aspaldi dago espezie arrantzagarrien zerrendatik kanpo, baina, paradoxikoki, tradizioz, bere arrainkumeak diren angulak arrantzatzeko baimenak eman dira eta, hemendik aurrera, profesionalki. Giza jardueren ondorioz gainbehera betean dauden beste espezie asko, hala nola basoilar kantauriarra, bisoi europarra, mendiko gorila edo panda hartza, denak galtzeko arriskuan, ez daude jatetxe eta elkarteetako mahaietan. Zergatik bide bera daraman aingira (angulak) bai?
AZTIri dagokionez, ezin dugu ahaztu AZTIk angularen egoerari buruz adierazitako alerten aurrean, Euskadiko Anguleroen Elkarteko bozeramaileak edozein epaitegitan ikertzeko modukoak diren mehatxuekin erantzun ziela zientzialariei sare sozialen bidez.
EUROPAR BATASUNEKO LEGERIARI ISEKA EGITEKO FIKZIOZKO LANBIDE-SEKTORE BAT SORTZEA EDO JARDUERA PROFESIONAL KAMUFLATU BAT AITORTZEA?
Kirol-arrantza legezkoa izan den bitartean (angula-harrapaketak ezin ziren merkaturatu), gobernuaren kontrolik eza (Arrantza Ikuskaritza) monumentala izan da, eta espezie hori zigorrik gabe eskaini da dozenaka jatetxe eta elkartetako mahaietan, legez kanpoko diru-sarrera handiak eraginez anguleroei (aisialdiko arrantzan kobratutako aleak ezin baitira merkaturatu). Teorian, anguleroek arrantzatzen dutena familian edo, gehienez ere, lagun aretan kontsumitu behar dute.
Mikel Arruabarrena EAJko legebiltzarkideak duela pare bat aste Eusko Legebiltzarrean iragarri zuenean Jaurlaritzak EBren debekua saihesteko asmoa zuela, orain arteko aisialdiko arrantza profesionala bihurtuz, adierazi zuen AZTIk angula populazioaren jarraipen oso zehatza egingo zuela eta harrapatu beharreko kopuruak zehaztuko zituela. Adierazpen horrek gure ustez berresten du orain arte ez dela jarraipen zehatzik egin.
Adierazi zuen, halaber, aurrerantzean angularen merkaturatzea kofradien edo baimendutako establezimenduen bitartez egingo zela nahitaez. Baieztapen horrek agerian uzten du merkaturatzea beste bide batzuetatik egin dela. Eta airean galdera hau uzten du: Zer egin du Eusko Jaurlaritzak legez kanpoko merkaturatzeari aurre egiteko?
VOXek, Legebiltzarrak gai horri heltzeko bidea eman duen proposamenean, Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Europako Batzordeari eska diezaiola plan bat EAEn angula-arrantzaleek dituzten galera handiak arintzeko. Debekuaren ondorioz angula arrantzaleen artean galera handiak sortuko badira, orain arte irabazi handiak izan direla interpretatu behar al dugu? Eta foru-ogasunak jakinaren gainean daude? Baina, tira, hau ez al zen aisialdiko jarduera hutsa?
Aitzitik, Euskadiko Angulero Elkarteak emandako datuen arabera, iaz, guztira 610 lizentzia eman ziren, eta 800 kilo angula arrantzatu ziren. Zuek kalkulatu zenbateraino ari garen fikziozko sektore profesional baten sorreraz hitz egiten.
Gai horri dagokionez, gogoratu behar dugu espezie horren egoera ekologiko larriak eta erakunde zientifikoek eta nazioarteko itunek behin eta berriz emandako irizpenek gomendatzen dutela aingira europarrari zuhurtziaz jokatzeko irizpidea aplikatu behar zaiola. Izan ere, aingiraren populazioak eta migrazioak arriskuan jartzen dituzten inpaktu antropogeniko guztiak ezabatu behar dira, eta desagertzeko arrisku horri aurre egiteko premiazko neurriak hartu behar dira administrazio eskudunen aldetik, Eusko Jaurlaritza barne.
ONDARE PUBLIKOA GUTXI BATZUEN ESKUETAN ETA BETI BERBERENETAN
Euskal Autonomia Erkidegoan Aingira Berreskuratzeko Kudeaketa Plana (2008) onartu zenetik, lizentziak garai hartan emandakoen artean banatu dira beti. Izan ere, publikoak izan dira derrigorrezko “isilpeko anguleroen” salaketak, inola ere eskuratu ezinik isilpean jardun direlako. Jaurlaritzak argudiatu du lizentziak beti horrela banatu direla “baliabidea oso mugatua delako; lizentzia berriak emateak angulari presio handiagoa eragingo liokeelako”, “kontuan hartuta angularen egoera berezi eta delikatua” (Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuordea, 2022ko abendua). Arrantzarekin kosta ahala kosta jarraitzeko profesionalizazioak are nabarmenago uzten du argudioaren ahuldadea.
Azkenik, NATURKONetik eskatzen dugu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak eta Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak esku har dezatela, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak angulari buruz hartutako erabaki latza atzera bota dezan. Era berean, eskatzen dugu Eusko Jaurlaritzak beharrezko izapideak egin ditzala aingira europarra (angula) Babes Bereziko Erregimenean dauden Basa Espezieen Zerrendan eta Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan sartzeko. Kategoria horiek kontserbazio-estatus kritikoa duen espezie bati dagozkio. Jatetxeetako mahaitik atera behar dira arriskuan dauden espezieak, nahiz eta batzuentzat mantendu beharreko tradizioa izan.
Naturkon, 2023ko otsaila
(1) Abenduaren 28an sinatutako agiri batetik ateratako adierazpenak (azpimarratu ditugunak gureak dira). Honako hau diote: Aingira europarra stock bakarra da Europa osoan, eta Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Kontseiluak ezarritako segurtasun-muga biologikoetatik kanpo dago, eta arrisku larrian dago Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren arabera. Egoera horren aurrean, Kontseiluaren 2007ko irailaren 18ko 1100/2007 (EE) Erregelamenduak, aingiraren populazioa berreskuratzeko neurriak ezartzen dituenak, Aingira Kudeatzeko Planak egitera behartu zituen estatu kideak. Horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoan Aingira Kudeatzeko Plana onartu zen. Bertan, habitata hobetzeari, oztopoak kentzearekin eta arrantza arautzearekin lotutako hainbat neurri jasotzen ziren. Araudi horri esker, angula aisialdirako arrantza modalitatean arrantzatzea ahalbidetu zen, eta hori kasu bakarra da Europan.
(2) Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasuneko Espezie Mehatxatuen Zerrenda Gorria
(3) CMS, Basa-animalien Espezie Migratzaileak Kontserbatzeko Nazioarteko Konbentzioa.
(4) Europako zenbait erakundek kanpaina bat jarri zuten abian, Europako aingirak bere bizi-zikloan aurre egin behar dien mehatxu nagusiak nabarmentzeko eta espeziea gehiago babesteko. Halaber, biziraupena hobetzeko beharrezko neurriak hartzeko eskatu zuten, espeziearen aurkako giza ekintzen inpaktuak murriztuz, gehiegizko arrantza barne.