Urtean
behin deitzen du ehiza-kontseilua Gipuzkoako Aldundiak. Bilera horren helburu
nagusia izaten da urtero onartu behar den Ehiza Agindua hainbat eragilerekin
partekatzea, aurtengo bileran basurdeen ugaritzeak landa-eremuan eragin dituen
kalteen kudeaketak garrantzia berezia hartu badu ere.
Ehiztarien
Federazioa, nekazaritza-sindikatuak, Aranzadi Zientzia Elkartea eta Naturkon,
Gipuzkoako natur talde eta talde ekologisten ordezkariak, deitzen dituzte bilera
horretara Aldundiko arduradunek. Berez, osaketa egokia eta orekatua dela pentsa
liteke interes guztien defentsari erreparatuz gero: basa-bizitzaren ustiapena -heriotza- jardunbide duten ehiztariak, basa-bizitzaren kalteak bizi dituzten baserritarrak, basa-bizitzaren defentsa
helburu dugun natur kontserbazionistak, eta ikertzaileak
zein administrazioa, auzi honen ardatz teknikoak izan beharko luketenak. Kontua, ordea, oso bestelakoa da. Ehiza ez da biodibertsitatearen
ikerketatik ateratako ondorioen baitan kudeatzen, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez
duelako biodibertsitatearen kontserbazioa lehenesten, eta horrek erabat
desorekatzen ditu natur kontserbazioaren aldeko interesak ehizaren aldekoen
mesedetan. Ondare naturala, eta beraz, biodibertsitatea, eskubide modura
aitortzen zaigu, baina ez da printzipio horren baitan ez arautzen, ez
kudeatzen. Ehizatzeko eskubidea lehenesten du Aldundiak eta ehizari jarri behar
eta jarri nahi zaizkion mugak ahalik eta txikienak izateko justifikazioak
eraikitzea izaten da Aldundiko ordezkarien jarduna, horretarako ehiztariekin
erabat lerrokatzen direlarik (teknikariak barne).
Ehizatzeko
eskubidea ez da auzitan jartzen. Eskubide historiko eta unibertsal modura
defendatzen du Ehiztarien Federazioak. Zientziaren itxura ematen dio bere diskurtsoari,
inoiz bistaratzen ez dituen ikerketa independenteen eta handik eta hemendik
jasotako ebidentzien izenean. Ehizatzeko eskubideak ukiezinak bailiran
defendatzen ditu, eta euren jarduera gizarteari egiten zaion mesedea delakoan,
errekonozimendua eskatzen du. Armatutako pertsonak mendian ibiltzeak eragiten
dituen arriskuak eta lasaitasun eza ahaztuta.
Oso
gogorra da ehiza-federazioko arduradunaren oldarraldia bizitzea, gainbehera
bizi duten espezieen alde zer egiten ari diren galdezka ikertzaile eta
kontserbazionistei, Aldundiko arduradunak isil isilik dauden bitartean.
Ehiztarientzat naturaren zaintza ez da administrazioaren zeregina, natur
kontserbazionistona baizik. Zuzeneko harremana dute Aldundiko ordezkariekin
euren “negozioa” kudeatzeko; hor biltzen garen gainerakoak etsaiak edo oztopoa
gara.
Aurtengo
bileran, basurdeek baserritarrei eragindako kalteak kudeatzeko ehiztariek eta
Aldundiak adostutako sistemak baserritarrengan eragindako haserrearen testigu
izan gara. Auzi honek erakusten du jatorrian zalantzazko oinarri zientifikoak
dituen kudeaketa, edozein ezusteko gertaera esanguratsuren aurrean, zeinen ahula
den. Basurde-populazioan eragindako kalteak ez ditu inork bere gain hartzen,
administrazioak ere ez, kalteak baserritarrei eragindakoak bakarrik, baitira
(eta hauen zenbatekoa ere ez zaigu erakusten). Basurdea eta orkatza urtean 8
hilabetez eta astean lau egunez ehizatu daitezke: urtean ia 130 egunetan zehar.
Honek sekulako presioa eragiten du animalia basati askorengan: txakurrek hegaztiak
altxatzen dituzte, ugaztunen, hegaztien eta abarren ugalketa etenten dituzte… Kalte
horiek ere ez dira zenbatzen.
Egiteko
eta pentsatzeko modu hauek aldatu ezean, alferrik gabiltza, eta biodibertsitatearen
galera saihestezina izango da. Pentsamendu garaikideak ez du ehiza eskubide moduan
onartzen, anakronikoa da jarduera hau, eta beraz, ehiza kudeatzeko modua
errotik aldatu behar da. Ikerketa zientifikoetan oinarrituta eta seguritatea
bermatuko den eremuetan, ehizak kaltetzen ez dituen edota ehizaren bidez
kontrolatu behar diren espezieen kasuan soilik baimendu beharko litzateke ehiza.
Ehizaren kudeaketa aldatu behar du administrazioak: legeak, araudia eta
kudeaketa eredua. Dena aldatzeko dago, inoiz baino larriago bizi dugun krisi
ekologiko honek aterabiderik izango badu.