Naturaren kontserbazioa eta biodibertsitatea giza jarduerekin
bateragarri egiteak inoiz baino ahalegin handiagoa eskatzen du.
Dagoeneko garapen jasangarrirako aukerarik gabe gelditu gara, krisi
ekologiko globalean murgilduta, klima aldaketaren mehatxu larriaren
aurrean, eta horrela gizateriaren etorkizunari arduraz begiratzen dioten
ekonomialariak deshazkundearen beharraz hitz egiten ari zaizkigu: epe
ertain eta luzera ezin dugu etorkizunik irudikatu, trantsizio
sozio-ekologikoaren bidetik ez bada.
Oso urruti dago agertoki hau, agintean dauden EAJ-PSE alderdi politikoek
administrazioetatik sustatzen eta gauzatzen dituzten politiketatik.
Etengabeko hazkuntzan oinarri, natur ingurunearen ustiaketa mugagabea
defendatzen eta gauzatzen jarraitzen dute han eta hemen, nola
barnealdean hala kostaldean. Gero eta eskala handiagoko txikizioa
eragiten duten proiektuak defendatzeaz gain, (AHT, Donostiako metroa,
Gipuzkoako erraustegia, eguzki eta haize energia eskuratzeko
makrozentralak, autopista elektrikoak…), biodibertsitateari eragiten
zaizkion eraso larrien aurrean entzungor egiten dute, babestuta dauden
espezieen ehiza eta arrantza baimenduz, edota hauen komertzializazioa
kontrolatzeari uko eginez (angulak, usapala…).
Gure ustetan, bide honetan marra gorriak gainditu dituzte alderdi hauek.
Batetik, zientzialarien gomendioak arbuiatuz ari dira kudeatzen
ingurune naturalak, giza jarduerak ingurune naturalean dituen eraginei
muzin eginez. Gipuzkoa eta Bizkaian pinuen gaitzekin eta
eukalipto-landaketekin sortutako liskarrak dira honen guztiaren adibide.
Bestetik, euren interesen defentsan herritarrek administrazioaren
aurrean eragiteko ahalmena gutxitzeko EAEko oinarri instituzionalak
ahultzeko prest daudela erakutsi dute, Gipuzkoako errauskailuaren kasuan
SOS Gurasoak auzi-bidetatik baztertzeko egin duten ahalegina kasu.
Bukatzeko, baliabide publikoak interes pribatuen esku jartzeko baliatzen
duten euren gobernantza eredu ez demokratikoari eusteko, herritarren
arteko liskarrak sortuz instituzioak kaltetzen ari dira, Enirio-Aralar
mankomunitateari egiten ari zaizkien erasoak kasu. Eta zer esan
Zaldibarko ingurumen-hondamendiaren aurrean erakutsi duten
lotsagabekeriari buruz! Ezin da onartu.
Ikusi berri dugu Euskadi Natura 2000 ikus-entzunezko zoragarria. Irudiak
ederrak dira, baina mezua propaganda hutsa da. Eusko Jaurlaritzak ez
dauka politika, plangintza eta bide lerro argirik EAEn dauzkagun
ingurune naturalak babesteko eta bioaniztasuna berreskuratzeko.
Aldundiek ez dute Natura 2000 sarea kudeatzeko intentziorik.
Propagandarako eta autoengainurako balio lezake horrelako irudietan
dirua xahutzeak, agian inor naturara hurbiltzeko ere bai. Baina, gure
herria txikiegia da irudi horien atzean dagoen errealitatea ezkutatzeko.
Ia guztiz eraldatutako paisaia da gurea, kalitate ekologiko eta
osasun-kalitate gero eta eskasagoko ingurunea, basa-bizitzari irauteko
baldintzak ozta-ozta eskaintzen dizkiona, eta gure osasuna eta ongizatea
kaltetzen dituena. Propagandarekin ezkutatzeko errealitate gordinegia.
Gipuzkoako Talde Naturazaleek beren kezka eta iritziak agertzeko sortutako gunea
"EZ DUGU ASMORIK GIPUZKOAN NATURA 2000 SAREA GARATZEKO"
Arantza Ariztimuño (PNV)
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi Zuzendaria
Gipuzkoako natura kontserbatzeko ardura duen pertsona (Donostian, 2015eko azaroan)
2021/02/09
Euskadiko biodibertsitatea, gero eta okerrago!!
La biodiversidad en Euskadi ¡¡de mal en peor!!
|