2020ko urtarrilaren 8an Imanol Lasa Foru Diputatuarekin bilera bat adostu zuen, hainbat asteko ahalegin luzearen ondoren, Naturkonek. Aldez aurretik, Gipuzkoan natura kontserbatzeko aplikatzen diren egungo politikak aldatzeko hainbat proposamen biltzen zituen txosten hau prestatu eta bidali genuen.
Txostenaren edukia motibotzat hartuta, bilera hura zapuztu zuen Lasa jaunak egunean bertan eta partaide guztiok eserita ginela, ez lehenago.
Dokumentuaren inprimatzeko bertsioa jaisteko (pdf): sakatu hemen
-------------------------------------------------
Gipuzkoako natur talde eta
talde ekologistak
|
NATUR
KONTSERBAZIORAKO POLITIKA ALDATZEKO ESKAERA
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIARI
|
SARRERA
1. Gipuzkoako Aldundiarekin harremanak------------------------------------------------- 2.
or
1.1 Saileko zuzendaritzarekin-------------------------------------------------------- 2. or
1.2 Ehiza eta arrantza kontseiluak-------------------------------------------------- 2. or
1.3 Parke naturaletako patronatuetako bilerak--------------------------------- 3. or
2. Aurreko Legealdiaren (2015-2019) balorazio orokorra---------------------------- 4. or
2.1 Pinudien krisia----------------------------------------------------------------------- 4.
or
2.2 Aralarko pistak----------------------------------------------------------------------- 5.
or
2.3 Ehiza------------------------------------------------------------------------------------ 5.
or
2.4 Babestutako eremuen kudeaketa ---------------------------------------------- 6.
or
3. Legealdi berriari begirako eskaerak------------------------------------------------------ 7.
or
1. GIPUZKOAKO ALDUNDIAREKIN HARREMANAK
Pasa den legealdia ez da gozoa izan Gipuzkoako natur talde eta talde
ekologistak ordezkatzen dituen Naturkon elkartearentzat. Gipuzkoako natur
kontserbazioaren eta ekologismoaren ahotsa Gipuzkoako Aldundira eramateko ahaleginean
bazterketa eta isiltasuna izan dira jasotako emaitza bakarrak.
2.1 SAILEKO ZUZENDARITZA
Legealdi osoan zehar, saileko zuzendaritzak bilera bakar batean biltzeko
aukera eman zigun: 2016ko urtarrilean.
Bilera hura Naturkon elkarteak deitua izan zen, eta asmo jakina zuen:
zuzendaritza berriari gure elkartea aurkeztu, aurreko legealdian egindakoaren
balorazioa jakinarazi eta taldearen helburuak zein gure eskakizunak mahai
gainean jarri.
Bilera gogorra izan zen, zuzendari(tz)ak argi eta garbi erakutsi zuelako
Gipuzkoan natur kontserbazioaren arloan dugun ikuspegiarekiko eta gure
jarduerekiko erabateko gaitzespena. Bilera hartan esan zitzaigun, gainera,
zuzendaritza hark ez zuela Natura 2000 sarea garatzeko asmorik, eta beraz, natur
kontserbazioaren arloan aurrera pausurik ezin genezakeela espero ondorioztatu
genuen.
Gauzak horrela, Naturkon elkarteak ez zuen aukerarik ikusi beste bilerarik
deitzeko, eta noski, ez ginen deituak izan.
2.1 EHIZA ETA ARRANTZA
KONTSEILUAK
Urtero argitaratzen diren ehiza eta arrantza aginduen harira, aurreko
legealdian (2011-2015) osatu ziren ehiza eta arrantza kontseilura deituak izan
gara urtero.
Hutsik egin gabe agertu gara bileretara, baina guztietan parte hartze
eraginkorra ez da posible izan Aldundiak bilera hauek egiteko erakusten duen
prozedura desegokiaren ondorioz:
- Bilerak lan ordutan deitzen dira.
- Bileretako aktak bileraren deialdia egiten denean, urtebete beranduago deitzen dira bilera prestatzeko denbora-tarte oso txikiarekin (inoiz bileran bertan aurkeztu izan du Aldundiko idazkariak aurreko urteko bileraren akta).
- Bileran bertan jakiten dugu zer proposatzen den Foru arauetan Naturkon ordezkariarengan jarriz talde guztiarena beharko lukeen erabakia.
- Informazioa ukatu egiten zaigu edo inguratutako informazioa nekez lortzen dugu.
Kontseilu hauetan egiten diren bilerak tramite hutsa bihurtu dira. Inoiz
egin da ahaleginik ehizaren aginduren batean ehizarako araudia zorrozteko,
baina ezerezean gelditzen dira behin eta berriz ahalegin horiek behar bezalako
eztabaida zientifikoak mantentzeko aukerarik ez duelako eskaintzen Aldundiak.
Bileren dinamikan ez da posible proposamenak egitea, erabakiak hartzeko edota
onesteko direla argudiatzen dute teknikariek zein politikariek. Ez da natur
talde eta talde ekologisten benetako parte-hartzea sustatzen.
Hala ere, gure ustez Naturkon elkarteko ordezkarien parte-hartzea
ezinbestekoa da ehiza eta arrantza kontseiluetan. Izan ere, kontseilu horietan
natur baliabideen ustiapena helburu duten elkarteek ehiza zein arrantza
sustatzeko egiten duten ahaleginean jarduera horien ingurumen kalteak ez
dituzte kontuan hartzen. Sistematikoki arbuiatzen dituzte ikerketa zientifikoen
ondorioak eta gizarteak gero eta ozenago eskatzen duen bioaniztasunaren aldeko
defentsa.
Hala, gaur egun berebizikoa beharko lukeen informaziorik gabe jarraitzen
dugu:
- Zein da ehizatzen diren populazioen egoera biologiko-ekologikoa? Nolakoa izan da bilakaera azken 20 urte hauetan?
- Zenbat ehiza-postu baimendu dira eta zein irizpiderekin babestutako natura-eremuetan? Zein da ehiza-postu horien eta ehiza beraren eragina bioaniztasunean? Nork egiten ditu ikerketa horiek eta non argitaratzen dira emaitzak?
- Zein da zinegetikoak ez diren beste basa-ezpezieen kontserbazio-egoera?
Naturkon da ehizaren eta arrantzaren aldeko elkarte horien ahotsa
kontrastatu dezakeen Gipuzkoako gizarte eragile nagusia, eta beraz, uste dugu
Naturkonek bioaniztasunaren defentsan egiten duen lana aitortzeaz gain,
kontseilu horretan ematen ez zaion garrantziarekin hartu beharko litzatekela
kontuan.
2.3 PARKE NATURALETAKO
PATRONATUETAKO BILERAK
Gipuzkoako parke naturaletako patronatuetako bilerek ez dute urtean
behineko maiztasunik ere mantendu. Legealdi osoan bi aldiz bildu dira Pagoeta,
Aiako Harria eta Aralarko patronatuak. Aizkorri-Aratz parkekoa behin ere ez.
Bilera hauen helburua guztiz administratiboa izan da, tramite hutsa.
Parte-hartze organo hauek ez dute euren izatearen arrazoia betetzen, hutsalak
eta inoperanteak bihurtu ditu Aldundiak.
Ehiza eta Arrantza Kontseiluen kasuan bezala, parke naturaletako
patronatuen bileren funtzionamendua ere guztiz salagarria da. Bilera batetik
bestera urtebete edo gehiagoko tarteak egonda, bileren deialdiarekin bidaltzen
dira aurreko bilerako akta eta hilabeteko epearekin proposatzen den bilera
berriko deialdia. Ordutegia ere, aurrekoetan bezala guztiz deserosoa, bilerak
lan-orduetan egiten dira. Hamaika aldiz salatutako kontuak dira hauek eta
Aldundiari eskatzen diogu, behingoz, gure eskaerak onar ditzan, benetako
partaidetza sustatzeko.
Hala eta guztiz, gure uste parke naturaletako patronatuek izan beharko
lukete eremu horietan natur kontserbazioak duen garrantzia sustatzeko tresna
nagusia. Kontua da, ordea, egun parke naturaletan natur baliabideen ustiapena
lehenetsi dela natur balioen kontserbazioaren gainetik; alegia, gutxi batzuen
interesak lehenetsi dira gizartearen interesen gainetik eta planteamendu
horretarako funtzionalitate gutxi dute Patronatuek.
2. AURREKO LEGEALDIAREN (2015-2019) BALORAZIO OROKORRA
Gipuzkoako natur talde eta talde ekologistek Arantza Ariztimuñoren
zuzendaritzapean Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendiak eta Natura Ingurunea Sailak
egindako lana OSO MODU NEGATIBOAN balioztatzen du. Hainbat dira horretarako
arrazoiak:
- Sail honen helburu nagusiak natur ondarea kontserbatzea izan beharko zuelarik, urteroko aurrekontuen % 1-a ere ez du bideratu zeregin horretara.
- Babestutako eremuetan ez da natur ondarea ikertzeko plangintzarik sustatu (bestelako erakundeen gerizpean izan ezean …)
- Babestutako eremuen kudeaketan ez da natur kontserbazioaren aldeko irizpide zientifikorik aintzat hartu orokorrean.
- Babestutako natur eremuen kudeaketarako tresna nagusiak, BBEak (ZEC) garatu eta gauzatzeko ez da ahaleginik egin; guztiz kontrakoa, ahalegin berezia egin da natur kontserbazioaren aldeko araudia eta kudeaketa oztopatzeko. Ez dago Natura 2000 Sarean indarrean dauden Kudeaketa Planen betetze mailaren ebaluaziorik.
- Naturkon elkarteak arazo handiak ditu informazioa eskuratzeko: eskatutako informazioa ukatu egiten da edota berandu helarazten da oro har.
- Natur kontserbazioaren alde dauden gizarte eragileak eta haien parte-hartzea guztiz arbuiatu da ezinbestekoak diren organoetatik at; eta egoera horietan ere parte-hartze hori tramite hutsean gauzatu da.
- Aldundiak ez du bideratu aurreko legealdian sortu eta funtzionatzeko bidean jarri zuen Bioaniztasunaren Kontseilua.
2.1 PINUDIEN KRISIA
Gipuzkoan pinudi-landaketetan inoizko krisirik handiena bizi izan da azken
urteetan. Latza izan da gertaera, eta oso negatiboa Gipuzkoako Aldundiaren (eta
Erkidegoko gainerako administrazioen) erantzuna.
Naturkon elkarteak ez du aukerarik izan krisi honi buruzko ikuspegia
Aldundian aurkezteko, ez zaio inolako espaziorik eman horretarako. Ezin daiteke
esan kontu honetan Aldundiak gardentasunez eta parte-hartzea sustatzeko
borondatez jokatu duenik. Natura egoskorra da eta arlo honetan Aldundiak
baliatu duen politika okerraren emaitzak guztion begi bistan daude. Horrek ez
gaitu pozten, besteak beste, ez direlako oinarriak jarri egoera honi aurre egin
eta ingurumenarekin arduratsuagoa izango den eta gizartearekiko begirune
gehiago erakutsiko duen baso-politika berria ezartzeko, benetako eztabaida
publikoa irekiz.
Tamalgarria da Aldundiak gauzatu duen, gauzatzen ari den, eta dirudienez,
etorkizunean gauzatu asmo duen baso-politika intentsiboa. Gure lurraldearen
ondare naturala kolokan jartzeaz gain, landa eremuaren etorkizuna zapuzten ari
da, hiri eremuetako biztanleriarenganako urruntzea eraginez.
Egun, begi bistan dagoen eta hain larria den krisi honen aurrean ez daukagu
krisi honetatik ateratako ikasbideak zeintzuk diren erakusten duen Aldundiko
teknikarien egindako txostenik. Egurgintza-sektoreko ordezkariak ari zaizkigu
epe motzean basogintzaren ustiapenerako baliatuko dituzten irizpideak argitzen.
Eremu publiko zein pribatuan.
2.2 ARALARKO PISTAK
Aralarren gauzatu diren eta etorkizunean gauzatu nahi diren pistak izan
dira aurreko legealdiko beste liskar-iturri nagusia Gipuzkoa osoan.
Bereziki larria izan da Aldundiak gai honetan erakutsi duen jarrera
interesatua. Artzain, eta bereziki abere larrien abeltzainen interesak natur
parke horren ondare naturalaren gainetik lehenetsi ditu. Horretarako, Aranzadi
Z.E bera gutxiestera iritsi da, elkarte honetako zientzialariek ia mende oso
batean egindako ikerlanen emaitzak eta haietatik ateratako ondorioak arbuiatuz.
Zientziari bizkar ematen honek naturarekiko eraso larri hau judizializatzea
ekarri du.
Guztiz larria izan da Enirio-Aralar mankomunitatearen bidez eta hainbat Udalen
ordezkaritza baliatuta gizartean sortu den liskarra, eta Aldundiak horretan
izan duen erantzukizuna ez dago ukatzerik. Naturkonek behin eta berriro salatu
du horrelako eztabaidak ezin direla modu hain deitoragarrian eta lotsagarrian
plazaratu. Ondare naturala eta bioaniztasuna arriskuan jartzen duten proiektu
eta ekimenen aurrean, ikerlari eta teknikariek osatutako mahaiak sortu beharko
lirateke, eta zuhurtasun-printzipioa lehenetsi edozein kudeaketa-modutan.
2.3 EHIZA
Gai hau aspaldiko liskar-iturria da gizartean. Bioaniztasunaren alde gero
eta ozenago hitz egiten duen gizarteak ez du ulertzen ehizak zein funtzio
betetzen duen gaur. Ehiza federazioek euren interesak defendatzeko lotsagabeki
baliatzen dituzten baserritar eta nekazariak, eta hauen ordezkariek (ENBA, EHNE
…) behin eta berriro ametitzen dute joko hori. Honek gizartean anabasa sortzeaz
gain, muturreko jarrerak sustatzen ditu, pentsamendu eta interes ezberdinak
dituztenen arteko eztabaidak zailduz.
Ehizaren eta arrantzaren kudeaketa ikerketa zientifikoan oinarritu beharko
litzateke. Zientzialari eta ikerlariek egindako lanetatik ateratako ondorio eta
gomendioek izan beharko lukete kudeaketarako irizpide nagusiak, eta horien
baitan argitaratu aginduak. Batetik, ez delako behar beste ikertzen, eta
bestetik, ehiztari eta arrantzaleen federazioen indarra gailentzen delako, oso
urruti gaude irizpide zientifikoetan oinarritutako ehiza-kudeaketatik. Hala,
gure ustez hegazti exotikoak eta horien erabilera (faisanarena kasu), ez
litzateke erregulatu behar, baizik eta ingurune naturaletatik atera beharko
lirateke hegazti horiek. Aldi berean, desagertu diren hegaztien erabilerarik
ere ez litzateke erregulatu behar, esaterako eper gorriarena. Hauek babestu
edota berreskuratu beharko lirateke...
Beraz, arlo honetan ere ahalegin berezia egin behar delakoan gaude, ehiza
eta arrantza kontseiluei bestelako funtzionamendua eta funtzionalitatea
esleituz.
2.4 BABESTUTAKO NATURA-EREMUEN KUDEAKETA
Gipuzkoako parke naturalen kudeaketa natur ondarean ustiapenera zuzendua
dago erabat, natur kontserbazioa guztiz saihestuz. Azken urteotan kezkatzekoa
da Aralarren ez ezik, Pagoetan eta gainerako babestutako natur eremuetan
bereziki abeltzaintzaren mesedetan gertatzen ari den larre-eremuen endakapena.
Gero eta abelburu gehiago dabiltza larrean eremu horietan negu eta uda,
aisialdiko abeltzaintza sustatuz. Galdetuta, Aldundiak LIFE Oreka proiektua aipatzen du
kudeaketarako tresna modura baliatzeko balioko duelakoan, baina Naturkonek aipatu
bezala, proiektu hori hankamotz eta interes jakinei erantzuteko jaio zen. Gai
hau benetan da kezkatzekoa ez dugulako ikusten larre, sastrakadi zein bestelako
ekosistemen egoera ekologikoaren benetako azterketarik egiteko borondaterik
dagoenik.
Honekin batera, TURISMO MASIFIKATUA da kezka eragiten duen beste gai
nagusia. Zumaiako Biotopo Babestua da gain honen adibiderik argiena, hain eremu
zaurgarrian bideen higadura urtez urte modu esponentzialean nola handitzen
ikusten ari baikara bideak jende kopuruaren arabera egiten direlako kopuruak
mugatu gabe …. Natur balioarengatik ezagunak diren eremu guztien joera da hau
eta nabarmena da eremu horietako bioaniztasunaren gutxitzea. Gure bezalako lurralde txiki eta demografikoki
hain populatuan honek oso kontuan hartzeko faktorea beharko luke, baina gure
administrazioek, eta bereziki Aldundiak, muzin egiten dio behin eta berriz,
turismoa natura-eremu horietara bideratuz. Turismo-eredu honekin bukatu behar
da lehenbailehen.
Parke Naturaletako Antolaketa Planak eta Erabilera Planak (daudenean),
Natura 2000 Sareko Kudeaketa Planekiko egokitu gabe ditugu aspaldian. Honek
erakusten du Aldundiak naturaguneetan bultzatzen duen desinbertsioa.
3. LEGEALDI BERRIRAKO ESKAERAK
3.1 GIPUZKOAKO
ALDUNDIAREKIN HARREMANAK
SAILEKO ZUZENDARITZAREKIN
Ez dugu uste normala denik herrialdeko natur talde eta talde ekologista
guztiak ordezkatzen dituen elkarte bat Aldundiak arbuiatu duen bezala
arbuiatzea.
Gizartean gero eta ozenagoa den ingurumenaren zaintzaren eta natur
kontserbazioaren aldeko begirada eta ahotsa ordezkatzen dugu. Uste dugu arlo
horretaz arduratzen den sailarekin HARREMAN NORMALIZATUAK izan beharko
genituzkeela, besterik ez bada naturaren ustiapenean oinarritzen diren sektore
ekonomikoen eragina kontrastatzeko edota
natur kontserbazioaren aldeko interesak sektore ekonomiko horien maila berean
eztabaidatzeko.
Aurreko legealdian bezala, oraingoan ere zuzendaritzarekin elkartzeko
saiakera egingo dugu, gure betebeharra baita sail honen esku dauden
lege-ekimenen eta gainerako kudeaketa-lanen jarraipena egitea, gure ekarpenak
eginez.
Era berean, natur kontserbazioan arituko diren teknikari-kopurua, eta
orokorrean, giza baliabideak emendatzea ezinbestekoa da 200.000 Ha dituen
herrialde honen kudeaketa duina bermatzeko. Zer esanik ez, urteroko foru
aurrekontuetan inbertsioak biderkatzeko beharraz, legeak ezartzen dituen
gutxieneko betebeharrak asetzeko.
EHIZA/ARRANTZA-KONTSEILUAK eta PARKE NATURALETAKO PATRONATUAK
Parte-hartze organo hauek kontsultiboak dira, eta hala izan behar dute.
Baina, egun ematen zaien garrantziak eta duten funtzionamenduak euren izatea ezbaian
jartzen du: tramite hutsa bihurtu dira, besteak beste, jarduera zinegetikoaren
ordezkarien gain-ordezkaritza izugarriaren eraginez.
Honek ez du zertan horrela izan. Askotan eskatu dugun bezala, bilera hauek
hobeto antolatu daitezke partaideek prestatua eraman ditzaten. Aldundiak
partaideen parte-hartzea sustatu beharko luke batzuen eta besteen ideiak,
nahiak eta interesak kontrastatzeko eta horrela arlo horien inguruko ezagutza
gizarteratzeko bideak jartzeko. Parte-hartze aktibo eta arduratsuaren bidea
ezinbestekoa da pedagogia egiteko eta horren beharrean gaude gaur ingurumenaren
zaintzan eta natur kontserbazioan inplikatuko badugu gizartea. Krisi ekologiko
globalaren garaian administrazioaren lehentasuna beharko luke izan helburu
honek.
Ehizarekin legealdi honen hasieran gertatu dena ez da onargarria. Lurralde
bateko bioaniztasunaren kontserbazioak ezin du ehiztari federazioen interes
ludiko eta ekonomikoen menpe egon. Honek beste garai batzuetara garamatza,
natur kontserbazioarekiko eta ingurumenaren zaintzarekiko erabateko
ezjakintasuna eta mespretxua zegoen garaietara. Gaur gizartea, eta bereziki
gazteak, bestelako begirada eta
sentsibilitatea eskatzen ari dira kalean.
BIOANIZTASUNAREN KONTSEILUA
Gure ustez, ezinbestekoa da parte-hartze organo hau martxan jartzea.
Kontseilu honek beharko luken osaera eta bete beharreko funtzioak Dekretu
batean idatzita daude. Ezinbesteko baliabidea da hau, gure ustez, natur
ingurune eta landa eremuaren etorkizun iraunkorra irudikatzeko. Naturaren ustiapena eta
kontserbazioa orekatu ezean, ez dago ez klima aldaketari, ez bioaniztasunaren
galerari, ez lurraren higadurari, ez lehorteari, ez pinudien krisiari eta ez
bestelako ingurumen arazoei aurre egiterik.
Klima Aldaketaren ebidentziek erakusten diguten bezala, ataka larrian
gaude, eta zentzuzko aurrerabide arduratsuak sortu nahi baditugu, arlo
ezberdinetako adituen hitzak ekarri behar dira erdigunera. Horretarako sortu
zen Bioaniztasunaren mahaia.
3.2 BASO-POLITIKA
Gipuzkoako egur ekoizpenera bideratutako landaketa exotikoak larrialdi
egoeran daude. Berez, ia oso osorik basoa beharko lukeen eremuan, larria da
berezko ekosistemak egoera ekologiko salagarrian egoteaz gain, bertako basoa
ordezkatu duten zuhaitz-landaketak paisaia eraldatzeraino gaixotzea.
Basogintza (ia erabat egurgintza bihurtuta) krisi larrian dago Gipuzkoan
eta aukera bikaina sortu da basogintza-politika aldatu eta basoak
kontserbatzeko kudeaketa-eredua aldatzeko. Badugu ezagutza, baditugu ideiak eta
moduak. Eseri gaitezen Gipuzkoako basoak berreskuratu eta egurgintza-sektorea
lurjabe pribatu txikientzat onuragarriagoa izan dadin politika berriak diseinatzeko,
ahaztu gabe lurjabe publikoek galdutako basoen berreskurapenean duten
garrantzia eta ardura.
3.3 ARALAR
PISTAK
Auzi hau ere beste modu batean kudeatzeko ezinbestekoa da Aldundiaren
jokabidea aldatzea. Enirio-Aralar mankomunitateak eta Aralarko Patronatuak ez
dituzte beren funtzioak betetzen. Aurreko legealdian gutxi batzuen interes
partikularrak ezin ditu administrazioak hain modu interesatuan babestu. Eseri
gaitezen auzi hau liskar bidetik atera eta beste modu batean kudeatzeko.
LIZARRUSTIKO ABENTURA PARKEA
Auzi-bidean dago ekimen hau. Aldundiak parke naturalekiko duen begiradak
kezkatzen gaituela azaldu dugu behin baino gehiagotan, eta Aralarko parke
naturalean gertatzen ari diren gatazkak dira horren lekuko. Abentura-parke hau
baimentzeko prozedurak, pistenak bezala, babestutako eremu horiek duten
garrantzia gutxiesten du gure ustez. Eztabaidarako gaia da hau ere ezbairik
gabe.
3.4 BABESTUTAKO
NATURA-EREMUEN KUDEAKETA
Eremu hauen kudeaketan natur kontserbazioak beharko luke
lehentasuna, baliabide naturalen ustiapen jasangarria bermatuz. Azken urteotako
joera geldi araztea larritasunezko kontua da: eremu horien urbanizazioa
gelditu, abelburuen kopurua txikitu, turismoa mugatu, erabiltzaileen inpaktua
eta ondoriozko higadura kontrolatzeko planak diseinatu, ondare naturala berreskuratzeko
planak egin, … dena dago egiteko. Natura 2000 sarearen garrantziaz jabetu eta
horretarako tresnak (BBEak) garatzea ezinbestekoa da eta horretarako gure
lankidetza eskaintzen dugu, lehenbailehen hasteko.
Atal honen hasieran aipatu bezala, lankidetza hau
bideratzeko modurik eraginkorrena parke
naturaletako PATRONATUAK aktibatzea da. Patronatu horiek sekulako aukera ematen
dute ahots ezberdinak entzuteko. Parke naturaletan erabilera publikoak ez ezik,
interes partikularrek natur kontserbazioa auzitan jartzeko dute, sarritan
bateraezinak diren errealitateak sortzeraino. Patronatuak dira interes horiek
mahai gainean jarri eta horien inguruko eztabaida zintzoak gauzatzeko.
Aldundiak patronatuen funtzionamendu eraginkorra sustatzea eskatzen dugu.
Bukatzeko, katalogatutako flora eta fauna espezieen Kudeaketa Planak, eta
arriskuan dauden habitat naturalena, onartu eta garatu behar dira. Ezinbesteko
tresnak beharko lukete Foru kudeaketan, eta horien baitako kudeaketak
(diseinatutako plangintzek eta lortutako emaitzak) publikoak izan beharko luke;
sortuta daude horretarako foroak (Patronatoak eta Bioaniztasunaren Kontseilua).
3.5 BABESTUTAKO
EREMUETATIK AT DAGOEN NATURA-EREMUEN KUDEAKETA
Bereziki kezkatzekoa da abeltzaintza intentsiboaren
eraginez purinekin Gipuzkoan begi-bistan dagoen arazoa. Urte luzeak daramatzagu
honi benetako aterabidea jarri behar zaiola eskatzen. Administrazioaren aldetik
daturik ez badugu jasotzen ere, argi dago modu intentsiboan eta purinekin
ustiatzen diren larreetan landareen (eta bestelako bizidunen) aniztasuna eta
kopurua ez ezik, lurzoruaren izaera ere guztiz aldatzen dela. Purinak, gainera,
az dira zelaietan bakarrik zabaltzen, mendiko larreetan eta baso-lurretan
zabaltzen ere zabaldu dira. Arazo honi behin betiko aterabidea eman behar zaio.
3.6 NATUR
EREMUAREN ZAINTZA
Urtea bukatzeko atarian, kezkaz bizi izan dugu
Guardia Zibilak ingurumena zaintzeko talde bat sortuko duela eta, sortu den
harrabotsa. Kontu honek talde ekologistek eta natur taldeek aspalditik salatu
izan dugun egoera bistarazi du: gure natura- ingurunearen zaintzarako ez dago
behar besteko bitartekorik. Presazkoa da basozainen kopurua handitzea ez ezik,
haiei eskumen handiagoak esleitzea: Bioaniztasunaren kudeaketa dago jokoan, eta
hori da egun bizi dugun, eta gero eta ozenago salatzen den, krisi ekologiko
global honen arriskurik handiena. Aldundiari eskatzen diogu dagozkion
erantzukizunei arduraz erantzutea.
No hay comentarios:
Publicar un comentario