Gipuzkoako Talde Naturazaleek beren kezka eta iritziak agertzeko sortutako gunea
"EZ DUGU ASMORIK GIPUZKOAN NATURA 2000 SAREA GARATZEKO"
Arantza Ariztimuño (PNV)
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi Zuzendaria
Gipuzkoako natura kontserbatzeko ardura duen pertsona (Donostian, 2015eko azaroan)
2020/01/24
Angularen isilpeko arrantza Orian
2020ko urtarrilaren 17an, Berria egunkariak legez kanpoko angula-arrantzari buruzko artikulu pare bat (Isil-gordeka egin beharreko arrantza, Guk ere eskubidea dugu) argitaratu zuen.
Haiei erantzunez Naturkonek prestatutako gutun hau argitaratu zuen hilaren 22an Berriak:
Angularen isilpeko arrantza Orian
2020ko urtarrilak 22
Aurreko astean, egunkari honetan bertan plazaratutako erreportaje baten bidez [Isil-gordeka egin beharreko arrantza], zehatz-mehatz irakurri genuen nola dabiltzan Oria ibaian angularen isilpeko, legez kanpoko arrantzan (furtibismoa deitzen zaio honi). Erabateko normaltasunez jakinarazten zaigu nola saihesten dituzten arrantzaleek polizien zaintzak, nola ibiltzen diren kopetako argiak itzalita haien ihesi. Legez kanpo egiten duten jardueraz administrazioa jakitun delarik, mina agertzen dute ez zaielako erraztasunik ematen. Lizentzia gehiago nahi dituzte, orain isilpean egiten dutena erosoago egiteko.
Baina, arrantzaleen jarduna harrigarria bada, benetan larria Usurbilgo alkatearena da. Isilpeko arrantzaleen kexa arrazoizkoa iruditzen zaio, eta, erreportajean aipatzen denez, «nabarmendu du, gainera, angulak harrapatzeko ohitura handia dagoela Usurbilen, eta talde horretako kideen egoeran herritar 'dexente' daudela». Isilpeko arrantzaleen jarduna salatu ez, baizik eta normalizatu nahiko luke arrantza saileko arduradunekin hitz eginez.
Usurbilen, Aginagan eta Orion inon baino hobeto ikusi dute, nola egin duen gainbehera angulak azken urteetan Oria ibaian. Afanean arrantzatutako angula pilak erabat saldu ezin, eta baratzeetarako simaur gisa erabiltzetik, gauean lehorretik ale gutxi batzuk biltzera pasatu dira urte gutxitan. Horrek, ordea, ez die zer pentsatua ematen arrantzaleei, eta dirudienez, ezta alkateari berari ere. Lehorretik diogu, errekan txalupaz askoz gehiago biltzen baitute, aisialdiko arrantza sekulako negozioa bihurtuz, hau ere isilpekoa eta legez kanpokoa, inolako kontrolik gabea (saltoki eta jatetxeetan, bederen).
Eskandalua da. Aingira arriskuan dagoen espeziea da. Europan zorrotz arautu dute bere arrantza, eta bide horretan AZTIk egindako ikerketen ondorioz, ikerlariek angula/aingiraren arrantza ia zerora mugatzea eskatzen dute. Nola da posible, orduan, aingiraren arrainkumeak, angulak, arrantzatzeko halako lizentziak hartu nahi izatea? Zein eskubide dute usurbildarrek, gainerakook ez duguna, arriskuan dagoen espezie baten kaltetan aritzeko?
Iazko urrian bildu ziren Orion angula txalupaz eta lehorretik harrapatzen aritzen diren hauek arrantza sailburuarekin, AZTIko ikertzaileekin eta Ondarroa 12 milia zein Naturkon taldeen ordezkari gisa joandako natur kontserbazionistekin. Bilera hartan arrantzaleek plazaratu zituzten euren nahi eta kezkak. AZTIko ikertzaileak azaldu zuen espezie honen egoeraren larritasuna eta naturazaleek ere babestu zuten arrantzaren kudeaketan, ezinbestez, zientzialarien gomendioetara mugatu beharra. Baina, depredaziorako sena itsuak ez du zientziaz ezer jakin nahi, usadioaren izenean edozer justifikatzeko prest daude batzuk, bioaniztasunaren galera barne.
Datu zientifikoak oso argiak dira, Europako erreketan galzorian dago aingira, eta eskaera zuzena da angularen arrantza debekatzea. Eusko Jaurlaritzaren arrantza-zuzendaria da, Leandro Azkue, angularen arrantzaren arduradun politikoa (eztabaidagarria da zeharo angula-arrantza itsasoko arrantzatzat hartzea, baina tira...). Berak dio ez duela asmorik angularen arrantza debekatzeko, hala, iaz ia 800 lizentzia banatu ziren EAEn angularen arrantzarako. Nola uztartzen da hau arrantza ia zerora mugatzeko eskakizunarekin? Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiaren arrantza-arauek ez dute baimentzen aingira harrapatzerik, baina ez ikusiarena egiten du. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailak dio Europako Batasunaren Ekintza Plana buletinean argitaratu arte ez dela debekatuko. Bitartean, txalupaz arrantzaleek angulen populazioan egiten duten barrabaskeria kontrolatu gabe jarraitzen dugu, eta bistakoa denez, lehorretik ari direnen lantuei hitza ematen. Hori bai, Australiako koalen, Amazoniako tximinoen, Asturiasko hartzen eta Yellowstoneko otsoen alde egiteari utzi gabe...
Administrazioei eskatzen diegu, euren mandatua den bezala, legea betearaz dezatela, isilpeko arrantza bukatu eta araututakoa behar bezala kontrolatuz. Bide horretan, aingira/angularen errekuperazio-plana lehenbailehen EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratzea eskatzen dugu. Horrekin batera, ezinbestekoa da motordun txalupetatik egindako arrantza guztiz debekatzea, eta plan horrek emaitzak eman bitartean, zuhurtziaz jokatzea litzateke lehorretik egindako arrantzari urte batzuetako moratoria ezartzea. Planak funtzionatzen badu, egongo da denbora, espeziea errekuperatzen hasten denean, lehorretik arrantzatzeko lizentziak zozketaz banatzeko. Angulak lehorretik harrapatzeko ezagutza balio handiko patrimonioa da euskal kostaldean, baina, hurrengo belaunaldiek jasoko badute, gaur hartu behar dira neurriak.
Azkenik, gai honekin ezin bukatu angularen legez kanpoko, isilpeko, salmenta salatu gabe. Jatetxeetako angula-salmenta bukatu behar da behingoz, eta horretarako bitartekoak jarri behar ditu administrazioak. Baina, angulak saltzen badira, nonork jaten dituelako da, eta hor herritarrok dugu ardura. Angulak jateari uztea da legez kanpoko mafia hauek bukatzeko biderik zuzenena.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario