2018. urtean ezin izango
da Gipuzkoan arrain-espezie inbaditzailerik harrapatu. Iaz ez bezala, aurten
Auzitegi Gorenaren jurisprudentziari men egitea erabaki du azkenean Gipuzkoako
Foru Aldundiak, eta baztertu egin du kirol-arrantza espezie inbaditzaileen
kontra egiteko neurri gisa aurkezteko aukera, bidegabea dela onartuta.
Auzitegi Gorenak 2016an
emandako epai batek behin betiko erabakitzat jo zuen legearen kontrakoa dela
espezie exotikoak (ez bakarrik inbaditzaileak, exotiko guzti-guztiak) ehizatzen
eta arrantzatzen baimentzea, horrela ez bailirateke sekula desagerraraziko.
Aitzitik, Aldundiak ezinbesteko obligazioa du espezie inbaditzaileen kontra
jardutea.
Ez da ahaztu behar
Gipuzkoako uretan espezie exotikoak agertu izanaren zuzeneko erantzukizun
historikoa dutela kirol-arrantzaleek eta Aldundiak berak, berariaz ekarri eta
askatu izan baitituzte bertan kanpotik ekarritako espezieak, bertakoek baino
‘joko’ gehiago ematen zutelakoan baina ondorio ekologikoak behar bezala
aurreikusi eta baloratu gabe. Beste hainbeste esan daiteke, apalago bada ere,
zenbait hegazti aloktonori buruz: ehiztariei plazer ematearren askatu zituzten
mendian. Gorenaren epaia txukun aplikatuko bada, ordea, arrain exotikoak ez
ezik, seinaledun karramarroa eta faisaia ere baztertu beharko ditu Aldundiak ehizaren
eta arrantzaren bidez ustiatu daitezkeen espezieen zerrendetatik.
Naturkon Gipuzkoa Taldeak
biziki zoriondu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundia, eta erabaki hori beste
erabaki-sorta luze baten aitzindaria izatea espero du, hala nola espezie
inbaditzaileen kontra jarduteko lehentasunak finkatzean haiek eragiten duten
kalte ekonomikoa ez ezik kalte ekologikoa ere izatea aintzat, eta haien aurkako
plangintza serio eta eraginkor bat lehenbailehen diseinatzea, diruz behar bezala hornitzea eta gogotik gauzatzea.
No hay comentarios:
Publicar un comentario