2018/04/18

NATURKON GIPUZKOA TALDEAK ZORIONDU EGIN DU GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA, HONEK UKO EGIN BAITIO URKULUKO URTEGIAN ESPEZIE INBADITZAILEAK ARRANTZATZEN BAIMENTZEARI


2018. urtean ezin izango da Gipuzkoan arrain-espezie inbaditzailerik harrapatu. Iaz ez bezala, aurten Auzitegi Gorenaren jurisprudentziari men egitea erabaki du azkenean Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta baztertu egin du kirol-arrantza espezie inbaditzaileen kontra egiteko neurri gisa aurkezteko aukera, bidegabea dela onartuta.
Auzitegi Gorenak 2016an emandako epai batek behin betiko erabakitzat jo zuen legearen kontrakoa dela espezie exotikoak (ez bakarrik inbaditzaileak, exotiko guzti-guztiak) ehizatzen eta arrantzatzen baimentzea, horrela ez bailirateke sekula desagerraraziko. Aitzitik, Aldundiak ezinbesteko obligazioa du espezie inbaditzaileen kontra jardutea. 
Ez da ahaztu behar Gipuzkoako uretan espezie exotikoak agertu izanaren zuzeneko erantzukizun historikoa dutela kirol-arrantzaleek eta Aldundiak berak, berariaz ekarri eta askatu izan baitituzte bertan kanpotik ekarritako espezieak, bertakoek baino ‘joko’ gehiago ematen zutelakoan baina ondorio ekologikoak behar bezala aurreikusi eta baloratu gabe. Beste hainbeste esan daiteke, apalago bada ere, zenbait hegazti aloktonori buruz: ehiztariei plazer ematearren askatu zituzten mendian. Gorenaren epaia txukun aplikatuko bada, ordea, arrain exotikoak ez ezik, seinaledun karramarroa eta faisaia ere baztertu beharko ditu Aldundiak ehizaren eta arrantzaren bidez ustiatu daitezkeen espezieen zerrendetatik.
Naturkon Gipuzkoa Taldeak biziki zoriondu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundia, eta erabaki hori beste erabaki-sorta luze baten aitzindaria izatea espero du, hala nola espezie inbaditzaileen kontra jarduteko lehentasunak finkatzean haiek eragiten duten kalte ekonomikoa ez ezik kalte ekologikoa ere izatea aintzat, eta haien aurkako plangintza serio eta eraginkor bat lehenbailehen diseinatzea, diruz behar bezala hornitzea eta gogotik gauzatzea.

NATURKON GIPUZKOA TALDEA

No hay comentarios:

Publicar un comentario