Martxoaren 22an, Hernanin,
“Zientzia Basoaren GURE Kudeaketan” izeneko jardunaldia ospatu zen Basoa
Fundazioaren eskutik. Gonbidatuen artean
Pedro Miguel Etxenike edo Javier Armentia Fructuoso bezalako ikerlariak. Jardunaldiaren
helburuak, baina, ez dira errazak uztartzen gaitegiaren baitan: zientzia,
ilargia eta eukaliptoa. Antolatzaileek adierazi bezala, jardunaldiaren jatorria
egun Gipuzkoan eta Bizkaian bizi dugun baso-kudeaketaren krisian
egurgintza-sektoreari, eta bereziki, administrazioari egiten zaion salaketan
dago: eztabaida zientifikoa saihestea. Izan ere, lotsagarria ez ezik,
harrigarria eta beldurgarria ere bada oxido kuprosoarekin gertatu dena, eta
bide beretik doa eukaliptoaren landaketen auzia.
Gipuzkoan eta Bizkaian, gogor jo
zituen iaz pinudiak banda (xingola) marroia bezala ezagutzen den izurriteak.
Ziztu bizian zabaldu zen udaberri-uda partean eta irailerako Aldundiek aitortu
zuten ez zutela baliabiderik aurre egiteko. Hilabetera, Eusko Jaurlaritzak lau
haizetara zabaldu zuen “Konifero basoak berreskuratzeko Euskal estrategia”; besteak
beste, pinudiak airez oxido kuprosoarekin fumigatzea aurreikusi zen, jakinda
aire bidezko fumigazioak debekatuta daudela Europan, eta Espainian oxido
kuprosoa ez dela baimendu inoiz pinudietan erabiltzeko. Izan ere, oxido kuprosoa
fungizida generikoa da, onddo guztiak kaltetzen ditu, eta bereziki pozoitsua
bihurtzen da ur ekosistemetan. Egurraren sektoreak eta administrazioak Zeelanda
Berrian eta Txilen egindako ikerketak baliatu zituen ingurumenean halako
eragina izan dezakeen tratamendua justifikatzeko, hiruzpalau hilabetetan egin
asmo zuten esperimentazio-fase zehaztu gabearekin doituko zutelakoan dosia eta
teknika. Bistan da, zientziarekiko errespetu falta nabarmena. Non zeuden eta
daude HAZI, Neiker, EHU eta administrazioaren esanetara lehen sektoreko ikerketa
aplikatuan ari diren gainerako ikerketa-zentroak? Isil isilik.
Azkenean Espainiak ez du baimendu
aire-bidezko fumigazioa. Horren aurrean, pentsatzekoa zen gure administrazioek
gaiari ardura handiagoarekin helduko ziotela, baina ez, erabakia plazaratu zen
egun berean jakinarazi zuten Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako 1050 Ha pinudi
fumigatuko dituztela lurretik. Hamabost eguneko tartearekin Bizkaiko Aldundiak publiko
egin zuen horretarako Bizkaiko Basogintza Elkartearekin adostutako erabakia,
eta baita baliatuko den diru-kopurua: 5,6 milioi euro, diru publikotik, noski. Hori
bai, “modu esperimentalean” eta Neikerrek diseinatuko ikerketaren baitan,
Aldundiekin, Jaurlaritzarekin, URArekin eta EHUrekin elkarlanean.
Argitaratu berri dute agindua
Bizkaiako Aldizkari Ofizialean, eta bertan irakurri daiteke fumigazioak
baimentzeko prozedura: pinu-jabeen eskariaren aurrean Bizkaiko Basogintza
Elkarteak tramitatuko ditu baimenak. Non dago zientzia hemen? Orografiak,
kokapenak, alegia mikroklimak, lurzoruak edota izurritearen kasuistika eta
dimentsioak ez du zerikusirik izurrite horren hedapenean? Zer da, orduan,
ikertu behar zena? Ezer ere ez, erabakia hartuta zegoen eta lotsagarria denez,
nola edo hala zuritu behar zen. Hauxe da egurgintzaren industriari eta
administrazioari aurpegiratu beharrekoa: jakinda oxido kuprosoak ez duela gaitza sendatuko eta
Pinus radiata pinuaren landaketak
bukatu direla puska baterako, diru publikoa modu horretan banatzea
arduragabekeria da ingurumenean eragin ditzakeen kalteengatik, eta bidegabea,
gutxi batzuen interesak ezin direlako horrela defendatu, zientziaren izenean,
eta guztion diruarekin.
Lurjabeak eta egur zaleak ataka
larrian daude. Administrazioak ez du auzitan jarri egoera honetara ekarri
gaituen basogintza-eredua, eta ondorioz, pinuaren ordez zer landatu jakin
nahian dabiltza. Industriak monolaborantzan oinarritutako baso-kudeaketa
intentsiboarekin jarraitu nahi du, hazkuntza azkarreko eta kalitate eskaseko
egurra baita euren intereseko ekoizpena. Hainbat aukeren artean, eukaliptoarengan
jarri dute arreta eta testuinguru
horretan kokatu behar da Hernanin antolatutako jardunaldia. Portugalen,
Galizian eta Asturiasen izandako suteek eukaliptoarekiko hain uste txarra eragin
duten garaian, sektoreak landaketa iritziz aldatu nahi gaitu.
Baina, jardunaldi horietan ez zen
eztabaida zientifikorik izan. Alde batetik, Inés Alvarez Fernández biologoak eukalipto-landaketek
ingurumenean eragiten dituzten kalteen ondorioz eukaliptoa espezie arrotz
inbaditzaileen zerrendan sartzeko argudioak defendatu zituen, ikerketa
zientifikoetan oinarrituta. Bestetik, Luis Gil Sánchez ingeniariak eukaliptoak
basogintzarako dituen interes ekonomikoak defendatu zituen, ingurumen kalteak
eztabaidatu gabe. Argi esateko, eztabaida zientifikoa ez zen helburua, baso-kudeaketan
ingurumen kalteak ez dira aintzat hartu nahi, eta ondorioz, horri begira dagoen
ezagutza zientifikoa guztiz arbuiatzen dute. Administrazioak, baina, ondorio
argi bat, bederen, atera behar luke: eukalipto-landaketak kaltegarriak dira eta
ez lirateke baimendu behar.
Tristea da gure administrazioaren
jokabidea, eta are tristeagoa errealitate honen aurrean komunitate
zientifikoaren eta ikerketa-zentroen isiltasuna. Diru publikoak sostengatzen
ditu, eta hein batean uler daiteke finantzazio horren menpe bizi direnen
morrontza. Baina, mesede gutxi egiten ari gara zientziari eta ezagutza
zientifikoari halako erabilera interesatuak onartzean. Interes ekonomikoak
dituzten sektore eta lobbyak horrela
aritzea ulertu liteke, baina administrazioak hau guztia diru publikoarekin sustatzea
ez. Ingurumena kaltetu dezaketen gertaeren eta ekintzen aurrean, nahikoa ezagutza
zientifikorik ezean, ZUHURTZIA-PRINTZIPIOA baliatu beharko luke
administrazioak eta zilegi zaigu hori eskatzea guztion osasuna eta natur
ingurunearena jokoan dagoenean.
Aitziber Sarobe Egiguren
N.A.: 34098264M
Biologoa
No hay comentarios:
Publicar un comentario