Erakundeen arteko koordinazioaren arrakasta itzela
bailitzan, Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak Konifero-basoak berreskuratzeko
euskal estrategia saldu berri digute, jakingo ez bagenu bezala Euskadin ditugun
koniferoen baso bakarrak Araba mendebaldeko pinu gorrien pinudiak eta Dueñasko
pinudi txikia direla, Aleppo espeziekoa azken hori.
Nahastea agudo argitzen da, plana bera euskal erakundeek
sektorearen ordezkariekin batera osatzen duten aholkulari taldeak egindako
lanaren emaitza dela azaltzen digutenean. Bistan denez, Euskadin
zuhaitz-landaketek estaltzen duten lurraldearen laurdena baino gehiagori
inposatu nahi dien etorkizunean interesaturik egon litekeen beste 'sektorerik'
ez dute ezagutzen. Eta gero bota, bai, gardentasuna eta gizarte-partaidetza moduko
hitz potoloak, aho bete.
Landaketa horiek biodibertsitatearen onura dakartela
adieraztearen pareko faltsukeria edo sektore honek bere baitan 20.000 lanpostu
dituela ala euskal BPG-aren % 1,5 hartzen duela lotsa barik esatea. Batez ere,
azken 10 urteetan saldutako egurraren urteko batez besteko balioa 40 milioi
€-ra ere iristen ez denean, Euskal Autonomia Erkidegoko estatistikek diotenez.
Estatistika horiek bihurritzearren zerrategiak, papertegiak, altzairu fabrikak
edo beste lantegi batzuk sektorean sartzea iruzur egitea da. Kanpoko
erkidegoetatik Hernaniko paper-fabrikara egurra ekartzera egunero etortzen
diren kamioi-ilara luzeak inork ikusiko ez balitu bezala.
Baina oraingo honetan, gaixotutako pinu-sailak oxido
kuprosoarekin fumigatzeko baimen bereziak tramitatzen ari direla jakin izanak
kezkatzen gaitu batez ere gure herriak benetan inporta digunok. Sustantziaren
berezko arriskuaz gain, abiadura horiekin airez zabaltzen den produktua nora
joango den ezin denez kontrolatu, Europako Batasunean airetiko tratamendu
fitosanitarioak debekatuta daude, oso kasu berezietan izan ezik. Gainera, oxido
kuprosoa arnastuz gero toxikoa da eta azala edo bronkioei narritagarria zaie
ukituz gero. Hori gutxi ez, eta uretako faunarentzat arras toxikoa izateagatik,
administrazioak berak tratamendu hauetan ibai eta erreken inguruan 50 m-ko
segurtasun zerrenda errespetatzea exijitzen du.
Azalduko al digute gure ordezkariek nola pentsatu duten
ziurtatzea gure ibaiak edo edaten dugun ura ez direla pozoituko gure mendietako 124.000 Ha fumigatzen badira? Aire hori arnastean edo substantziak ukituko
bagintu pozoitu ez gaitezen, fumigatzen diren lekuetan egotea edo inguru
horietan ibiltzea debekatu egingo al digute? Gure mendien etorkizunari buruzko
eztabaidaz gain, gizartea halako arriskuan jarrarazteak merezi ote duen benetan
pentsatu behar al dute behingoz?
No hay comentarios:
Publicar un comentario