"EZ DUGU ASMORIK GIPUZKOAN NATURA 2000 SAREA GARATZEKO"

Arantza Ariztimuño (PNV)

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi Zuzendaria

Gipuzkoako natura kontserbatzeko ardura duen pertsona (Donostian, 2015eko azaroan)



2018/03/05

Emana dio Gipuzkoak erantzuna klima-aldaketari


Ingurumen-ahaldun Asensio jaunari entzun berri diogu Aldundiak Klima Aldaketaren Institutu bat sortzeko asmoa duela, Gipuzkoaren etorkizuna hobetzeko grinak bultzatuta noski. Institutu hori Europa mailan punta-puntakoa izateaz gain, ekonomia berde batera eraman eta gure etorkizuna itxaropenaren kolorez tindatuko omen du. Harrapa ezazue!!

Ez dugu gaizki pentsatuak izan nahi, halabeharra izan liteke, baina Asensio jaunak bere asmakizuna aldarrikatu duen bitartean gure mendiak urtaroen eraginik gabe kolorez aldatzen ari dira, pinuaren iluntasun ia beltzetik eukalipto australiarraren urdin argira. Hain maitatuak izan dituzten pinu gaixoei izurriteak eraso dienean beren zorigaiztoko patuaren eskuetan utzi eta baztertuak izan dira, jada ez dituzte gogoko. Pikutara joan daitezela pinuak!

Eukaliptoak sutan
Gipuzkoako Aldundiko agintariei ez die axola ez Portugalgo gobernuak hango zuhaitz eta biztanleek jasandako hondamendiaren ondoren eukalipto landaketa berriak debekatu izanak, ez Espainiako Auzitegi Nazionalak ontzat ematea “landatzen ari garen eukaliptoa espezie kanpotar bertakotu bat dela, ahalmen inbaditzaile handiko espeziea izateaz gain, hedatzen ari dena eta biodibertsitatearentzako eta ekosistemen funtzionaltasunerako arrisku larria suposatzen duena.”

Horrez gain, kalte ekologikoa larriagoa da zenbait espezieren kasuan, hala nola anfibioak, pinuek eta, batez ere, eukaliptoek, haien bizi-zikloa galarazten baitute, Aranzadi Zientzia Elkartearen lanak oraintsu erakutsi duenez.

Aldundiari bost axola halakoak, pinu zaharren matarrasak diruz laguntzearekin nahikoa ez, eta eukalipto-landaketen aurrean ez ikusiarena egiten baitu; Aldundiak ez du Naturagune Babestuetan (Aiako Harrian, Izarraitzen edo Arnon, esaterako) eukaliptoa landatzearen ondorioz zirkinik ere egin.


Basoek negutegi gasen % 25 xurgatzeak edo baso autoktonoek eukalipto-landaketek metatzen duten karbonoa halako bi xurgatzeak ez du nonbait garrantzirik ditxosozko Klima Aldaketaren Institutuaren bultzatzaileen iritziz. Noizbait kontatuko digu Asensio ahaldunak nola bete nahi duen Europa Batasunak 2050erako negutegi-efektua eragiten duten gasen isuriek % 80 murrizteko helburua... basorik gabe. Eta, dirudienez, Aldundiko agintarien iduriz biodibertsitaterik edo ekosistemarik ez da Gipuzkoan. Portugalgoak bezalako hondamendiak jasan beharko ote ditugu agintarien utzikeria eta gutxi batzuen diru-gosea asetzeko dagoen baso politika hau birbideratzeko?

No hay comentarios:

Publicar un comentario