"EZ DUGU ASMORIK GIPUZKOAN NATURA 2000 SAREA GARATZEKO"

Arantza Ariztimuño (PNV)

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi Zuzendaria

Gipuzkoako natura kontserbatzeko ardura duen pertsona (Donostian, 2015eko azaroan)



2018/02/20

Onik egiten al dio artzaintzak mendiari? (artikulu itzulia)



Onik egiten al dio artzaintzak mendiari?
Pierre Rigaux · 2016/02/09


(Pierre Rigauxen "Le pastoralisme est-il bon pour la montagne?" artikuluaren itzulpena. Jatorrizkoaren iturria: https://blog.defi-ecologique.com/le-pastoralisme-est-il-bon-pour-la-montagne/#comments).

Har bedi aintzat funtsean Frantziako Alpeak dituela autoreak hizpide, bereziki Hegoaldeko Alpeak; beraz, analisia ezin da bere horretan eta besterik gabe noranahi estrapolatu.

Pastos en los Hautes-Alpes en el Devoluy Pierre Rigaux

Hautes-Alpeseko larreak, Devoluyen - Pierre Rigaux







"Ardiek garbi atxikitzen dute mendia". 'Bego' mendia Mercantourren bezain irmo dago errotuta leloa. Haatik, benetan zaintzen al du artzaintzak mendia? Zer kalte eragiten ditu ardi-hazkuntzak ekosistema alpinoetan?


Hauxe ikasiko duzu
  • Zergatik den urria bazka naturala
  • Nolatan ordeztu zuen okelak artilea
  • Zer zor dien flora alpinoak ardiei
  • Zer lotura duten ardiek edateko urarekin
  • Nola urritzen duten otsoek mendialdeko langabezia




Zertaz ari garen artzaintzaz ari garenean


Okela, esnea zein bestelako "animalia-produktuak" ekoizteko modua da artzaintza, nola eta ganadua larre naturaletan bazkatuz. Etimologiak adierazten duenez, abereak zaintzaile batek gobernatzen ditu: artzaina. Ardien elikadura, neurri handi batean, eremu naturaletako berezko landareek ematen dute. Landa-eremuko Kodeak (Frantzian, landa-eremua arautzen duten arau zibilen bilduma —Itzultzailearen Oharra) dio lur horien erabilera “sasoikoa eta estentsiboa” izan behar duela. Sasoitik kanpo, etxe ondoko larreetan zein estalpean bazka daiteke ganadua.

Ba al zenekien?
Frantzian, milioi eta erdi hektarea erabiltzen dituzte artzainek goi-mendietan. Alpeetan 700.000 hektarea mendi-larre ustiatzen dira. Milioi bat abelburu inguru igotzen dituzte kamioiek urtero, gehienak ardiak, baina behiak ere bai: transhumantzia deritzo larre-aldaketa horri.

Alpe, alpetar, mendi-larreak
Hautes Alpes en el Briançonnais Pierre Rigaux

Agronomian, 'mendi-larre' esaten zaie abeltzaintzak abereen bazkarako erabiltzen dituzten mendi-bazkalekuei. Ekologian, berriz, 'belardi alpetar' esaten zaie itsas mailaren gainetik 2.000-m eta 2.400-m bitartean ageri diren belardiei. Berez sortzen dira horiek, zuhaitz eta zuhaixkak haztea eragozten baitu halako garaieran hotzak eta haizeak. Itsas mailaren gainetik 3.000-m-ra bitarteko tarteari “estai alpetarra” esaten zaio. Belarraren eremua da, baina hori ez ezik, beste gauza asko ere bai. Oso flora berezia bizi da hemen: elurretako zaingorria Potentilla nivea, Adenostyles alliariae, errosta alpetarra Gentiana alpina eta beste espezie miragarri ugari ez dira beherago hazten, ez bada latitude arktikoetan.
Formazio horiek hain aberatsak eta belarkarak izatea askotan abereen "mantentze-lanari" egotzi izan zaio maiz; hori, baina, uste okerra da. Behe-lurretako larreen kasuan ez bezala, belardi alpetarrek irauteko ez dute inolako beharrik besteek mozteko edo ganaduak bazkatzeko. Milaka urte daramatzate horrela belardi horiek, eta goi-mendiak ezartzen dizkien kondizio gogorrei moldatuta daude. Egia da basoa soildu izanak belardien behe muga hainbat metrotan beheratu duela, inoiz berezko kota baino 200-300 metro azpitik. Baina bitarteko garaiera horietan ere, ganadua larratzeari utzita ere basoa ez da zeharo leheneratzen. Bestetik, garaiera apalxeagotan, belardiak segaren nahiz ardien bidez iraunarazteak basoa eta zelaiak tartekatzen dituen paisaia sorraraz dezake, inoiz biodibertsitate aberatsa gorde dezakeena.

Historia apur bat
Ekialde Ertaineko ardi basatien ondorengoa da gure ardia, eta aspaldi ekarri zuten Europara. Artzaintza bera ere oso zaharra da eta bilakaera luzea izan du. Lehen eskala txikikoa zen, lokalagoa eta ekonomikoki bideragarriagoa. Gaur egun Hego Alpeetako transhumantziako buru gehienak ardiak dira. Artilea eta ardi-simaurra, ongarri gisa erabilia, izan ziren luzaroan artzaintzaren ekoizpen garrantzitsuena. Haatik, XIX. mendearen amaiera aldera, mugetako aduana zabaldu izanak Frantziako artile-produkzioaren gainbehera eta ardi-simaurra beste ongarriez ordeztea ekarri zuen. Bizirik iraungo bazuen, artzaintzak bildoskia ekoiztera bideratu behar izan zuen. Hortik bizi izan da artzaintza hainbat hamarkadatan.
1980ko hamarkadan, baina, are gehiago zabaldu ziren mugak eta horrekin batera hasi zen Frantziako produkzio nazionalaren erabateko galbidea, ez baitzen oso lehiakorra. Bereziki etengabe urrituz doalako bildoskiaren kontsumoa. Bigarrenez larri eta hilzorian, laguntza publikoei esker bizi da gaur egun sektorea.
Oraingoz salbatua da artzaintza, baina behera bidean doa hala ere. Haatik, Hego Alpeetan gainbehera ez da beste toki batzuetan bezain bortitza. Areago, Alpeetako zenbait menditan abelburu-kopuruak gora ere egin du zenbait hamarkadatan, batez ere abeltzainak moldatu egin zaizkielako eredu produktibistari eta laguntza-publikoen sistemari. "Haragia eta diru-laguntzak" oinarri ditu gaur egun artzaintzak, eta garai bateko jarduera tradizionaletik baino askoz gehiago dauka ekonomia berritik. Luzarorako ote?

Mendiaren ustiapena, intentsiboa

Belardi alpetar andeatua, Queyras-en. Pierre Rigaux
Artzaintzak ez du mendia zaintzen. Belardi naturalak ia ez dira bateragarriak milaka arditako artaldeekin. Goi-larreetako landa-reak ez daude moldatuta hala ustiatuak izateko. Ardiek jateak, ardiek zapaltzeak eta ardien goro-tzaren eraginak gainbehera dakar espezie-kopuruan. Botanikari askok deskribatu dute fenomenoa. Txikituta dago landaretza, inoiz lurzorua higatzeraino ere.

Trokak eta lokatz-jarioak ere eragiten ditu: lurzoruari egiten zaion kaltea ez da nekazaritza intentsiboak behe-lurretan eragiten duena baino txikiagoa. Izan ere, mendiko lurra alderik alde igarotzen duten artalde handiekin egiten dena, hazkuntza estentsiboa ezik, intentsiboa da. Hori bai... eremu naturaletan gauzatua.
Ardien parasitoen kontrako tratamenduek ere kalte handia eragiten dute. Konposatu kimiko biozidek gorotz-aleetan bukatzen dute eta intsektu koprofagoak pozoitzen dituzte; horiek jaten dituzten animaliek ere pairatzen dute gerora pozoidura. Orobat, beren gaixotasunak belarjale basatiei eransten dizkiete artaldeek: pestibirosia Auñamendiko sarrioei, bruzelosia Alpeetako basahuntzei... Zentzu horrexetan gauzatzen da kutsadura, ez alderantziz.

Otsoa, artzaintzaren kopla-burukoa
Frantzian artzaintzaren kalteak pairatzen duen espezierik baldin bada, otsoa da hori. Estatuak agintzen ditu Canis lupus sarraskiak, betiere nekazaritza-alorreko lobbyen presioaren ondorioz, ez baitute onartzen predatzaile naturala bizitzea, non eta... naturan bertan!

Otsoa eta artzaintza Italian
Nekazari baten lekukotasuna.


Haatik, ganadua babesteko berariazko laguntzak jasotzen dituzte artzainek, jarduera gauzatze hutsagatik jasotzen dituzten ohiko laguntza ekonomikoez gain. Otsoak diren eremuetan, artzain kontratatuen soldataren % 85 subsidio publikoetatik ordaintzen da. Beraz, artzainek beren artaldeak goi-larreetara eramaten dituztelarik, aldi berean otsoa suntsitzeko exijitzen, haren bizkarretik dirua irabazteko aukera ematen dien egoera probokatu baizik ez dira egiten ari: gaizki zaindutako ardiak otsoek harrapatzen dituzte, haien galera konpentsatzeko otsoak garbitzen dituzte eta artzaintzak berdin-berdin jarraitzen du aurrera, ustiatzen duen naturarekiko herraz eta harekiko gatazkan.

Parke naturaletan ere, mugarik ez

Oeneis glacialis Pierre Rigaux
Frantzian, eremu naturalak babesteko diren arau eta neurri guztietan zorrotzenak parke nazionalenak dira. Bada, haatik, parke nazionaletan abelburuak ugariagoak dira belarjale basatiak baino. Nekez sinestekoa dela? Egon lasai...
Écrinsen eta Mercantourren, parke naturalaren muineko belardi alpetarrak ehunka mila ardiri eskaintzen zaizkie urtero udan. Abere-biomasa hori guztia, hala, babestu omen ditugun eremu horietan diren orkatz, basahuntz, orein eta gainerako belarjale basati guztiena halako 5-10 da, gutxi-gorabehera. Eta non da natura, eskema horretan? Bada, egia esan, ugaztun basatiak ezer gutxi dira ganaduaren aldean, bai parke nazionalen bihotzean, bai mundu osoan.

Artzaintza, edateko uraren kalitatearen kaltegarri
Edateko ura andeatzea da, zalantzarik gabe, mendi-artzaintzak eragiten dituen ondorioetan txarrena. Mendialdeko biztanle gutxik dakite beren edateko uraren kalitate bakteriologiko eskasaren eragileak ura iturrietatik hartzen den mendietan larratzen diren ardien gorozkiak izan daitezkeela. Esan beharra dago egindako neurketak argi askoak izanagatik ere arazoa oso azaletik baino ez dutela aipatzen osasunaren arloko argitalpen ofizialek (bi esaldi besterik ez, 1. eta 8. orrialdeetan). Bakterio fekalez kargatutako ura ez dute ondo iragazten Hego Alpeetako mendi karetsuetako lurzoruek. Eta landa-eremuko udalerri horietako araztegi txikiak ez dira gauza goitik datorren abere-kutsadura hori behar bezala kentzeko.


Naturaren oso parekoa ei da artzaintza

Xarmangarriak dira, haatik partzialak, artaldeak mendi-gailurretan erakusten dizkiguten udako irudi horiek. Balantze agronomikoa osoa izango bada, ustiatzearen zikloa osorik hartu behar du aintzat. Larre natural asko kontsumitzen duenez, eta, beraz, zaintzeko eta hazteko inbertsioa (ura, ongarria, pestizidak…) exijitzen duten etxe-larre gutxiago, artzaintzak ez dirudi hain kaltegarria eta poluigarria, eta abeltzaintzako beste teknika batzuk baino jasangarriagoa dela ematen du. Izan ere, transhumantzian dabiltzan zenbait artzain gai dira haragitarako bildotsak batere osagarri nitrogenaturik eman gabe ekoizteko.
Gehienek, ordea, eman egiten dizkiete, ekoitzi beharrak eraginda. Dela merkatuan erosita, dela etxaldean bertan ekoitzia, abereei ematen zaien elikagai osagarri horrek zalantzan jartzen du artzaintzaren bidezko produkzioaren oreka ekologikoa. Animaliak ekoizteko modu guztiak bezalaxe, abeltzaintza estentsiboa ere ez da proteina begetala ekoizteko moduak bezain eraginkorra energetikoki. Beganistek, jakina, badakite hori, eta behin eta berriro gogorarazten digute egokiagoak direla landareak txuletak baino, gizateria elikatzea baldin bada kontua.
Kontuan izateko moduko detaile bat: naturarekiko oso hurkoak direla dioten mendi-etxalde horietatik, gehienek ez dute nekazaritza organikoa praktikatzen. Azkenik, abere-hazkuntza mota honek eragiten dituen kalteen zerrendan beste bat ere gehi dezakegu: abelburuak transhumantzia dela-eta gora eta behera garraiatzean sortzen den poluzioa. Finean, artzaintzaren azken balantzea ez da zoratzekoa preziso. Oso urrun gaude Elzéard Bouffier-engandik!


Behar bezain zabala da mendia ganadua bertan izateko?
Artaldea Devoluy-en Pierre Rigaux
Bai mendian bakarrik larratzen uzten den ganaduak, bai zaindutakoak, bezkaleku ezin zabalagoa dute beretzat. Belarra eta belarra, besterik ez da ikusten bista iristen den eremu osoan. Ez dago oztoporik. Urte-sasoi jakin batean bakarrik (ukuiluetara itzuli aurretik) izanagatik ere, begi-bistakoa da kondizio horiek direla ganaduari eskain dakizkiokeen onenak.
Aplikatu al litezke kondizio horiek gaur egungo okela- eta esne-kontsumo eredu globalean, oro har? Ez, noski, zeren txikiegia baita eskura dagoen azalera kontsumo horri eusteko behar diren abelburu-kopuru astronomikoak bertan larratzeko. Okela-kontsumoa ez bada behintzat zeharo urritzen, abeltzaintza estentsiboak hutsaren hurrengoa izaten jarraituko du produkzio osoarekiko. Horregatik, hazkuntza industrialaren osagarri txiki gisa baizik ez da bideragarria abeltzaintza estentsiboa. Bestela litzateke okela-kontsumoa ikaragarri eta ia desagertzeraino urrituko balitz, baina hori ez da ekoizleen gustukoa izango!

Labur esanda

Nolakoa litzateke mendia artzaintzarik gabe? Garaiera txikian, txilardiak eta basoak hartuko lukete berez larreen tokia. Hori ona ala txarra den, espezieen araberako epaia izango da, beti ere hainbat segida floristiko eta faunistiko desberdini mesede egingo lieketen mosaiko moduko paisaiei eusteko gai diren laboratzeko modu berririk agertu ezean. Nolanahi ere, handik gora, artaldeek utzitako belardi alpetarrak osasuntsuago egongo lirateke, aberatsagoak lirateke, ederragoak lirateke. Belarrezko paisaia horiek belarrezko paisaia izaten jarraituko lukete bista iristen deneraino. Ez dute ardien beharrik horretarako. Artalderik gabe, kolore-, lore- eta tximeleta-dibertsitate handiagoa erakutsiko lukete. Zenbait hiltegi itxiko lirateke eta basa bizitza hobeto kontserbatua litzateke. Artzaintzak mendiari egiten dion mesedea zuhaitz-mozketek basoari edo arrantzak itsasoari egiten diotenaren parekoa da.
Orduan, nola gerturatu gintezke mendiak gordetzen dituen azken naturaguneak iraunarazi eta aldi berean beste toki batzuetan ekologikoki ondo gordetako landa-guneak sorraraziko dituen  nekazaritzako produzkio-eredu batera?

1 comentario:

  1. Sarrera honen hasieran gaztigatu bezala, Hegoa Alpeei buruzkoa da bereziki artikulua. Alde fisiko nabarmena dago hango eta Aralar, Aitzgorri eta antzeko gure goi-mendietako kasuen artean, eta, alde hori dela eta, bertan esaten dena ez dago besterik gabe gureetara aplikatzerik.

    Altitudea da desberdintasunik behinena, hemen askoz ere apalagoa baita. Horren ondorioz ez dugu hemen estaia alpetarrik, Auñamendian edo Picos de Europan bezala. Alegia, hemen ez dugu hangoen antzeko belar-ekosistema naturalik. Gure belardi guztiak gizakiak sortuak dira, basoa soildu eta lurra bazkaleku gisa erabiltzearen ondorio. Berez basoarena zen lurraldean daude. Oso gutxi dira salbuespenak, tontor harkaiztsuak, esaterako. Alabaina, artikuluan Alpeetako
    Altitude txikiko larreei buruz esaten direnak bai, aplika dakizkieke gure mendi-larreei.

    Alde hori aintzat hartuta, artikuluan aipatzen diren gehiegizko larratzearen ondorioak aplikagarriak dira Aralarren. Bertan dira, izan ere.

    ResponderEliminar