Berriki jakin dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Enirio-Aralar mankomunitateak Aralarren kudeaketarako akordioa sinatu dutela. Lehenak Parke Naturalaren eta Babes Bereziko Eremuaren ardura du eta gipuzkoar guztiak ordezkatzen gaitu. Mankomunitateak bere jabetzako eremuan gizakion erabilerak arautzeko erantzukizuna du eta 15 herri ordezkatzen ditu.
EAJk eta EH Bilduk sinatu duten akordioa HAZI Fundazioak 10 urtera begira egindako Plan
Orokorrean oinarritzen da. Plan horren arabera, helburua litzateke Aralarko natura eta kultura
ondare baliotsua giza jarduerekin, bereziki abeltzaintzarekin, bateragarri egitea. Baina, ez du
horretarako bermerik eskaintzen, eta ez larreen kudeaketarako baimendu nahi den abereen
bazkatze-presioa oinarri zientifikorik gabe arautzen jarraitu nahi delako bakarrik. Baita,
Gipuzkoako gainerako parke naturaletan bezala, ez direlako Babes Bereziko Eremuetarako
ezarritako helburuak kontuan hartzen. Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea sailak
entzungor egiten dio legealdi honetan Naturkonek egindako eskaerari, eta hala, Gipuzkoak
biodibertsitatearen zaintza eta kontserbaziorako estrategia eta plangintzarik gabe jarraitzen du.
Egoera honetan, bi alderdi politikoek ustiapena areagotzeko neurriak adostu dituzte. Babes
Bereziko Eremuaren (BBE) helburuetako bat larreak kontserbatzea izanda, akordio honek
abereen kopurua handitzeari, sastrakadiak urritzeko erreketei eta sasi garbiketei edota,
fitosanitarioen erabilerari (salbuespeneko egoeretan) bide ematen die, neurri horiek larreen
kalitate ekologikoa kaltetzeaz gain, lur eta ur baliabideak kutsa ditzaketela dakigunean. Bereziki,
Enirio-Aralarrera igotzen dituzten ardi eta azienden kopuruaren azken 20 urteotako bilakaera
ikusita: ardien kopurua % 13 gutxitu da eta behiena zein behor-zaldiena hurrenez hurren % 30
eta % 44 handitu. Ardiek eta aziendek ez dute berdin larratzen, ezta buruko ur kopuru bera
edaten ere, eta belardietan eragindako hanka-zulo eta zapaltzeengatik higadura-maila ezberdina
sortzen dute. HAZI fundazioaren planak ez du hau guztia kontuan hartzen, larreen kudeaketa
abereek eragindako ingurumen-inpaktuaren neurketa eta aurreikuspen zehatzik gabe arautu
nahi da, zientziari bizkar emanda.
Basoei dagokienez, beste hainbeste. BBEaren baitan derrigorrezkoa izan arren, ez da plan
teknikorik proposatzen berrikuspenetik haratago. Natur kontserbazioaren aldeko neurri
positiboak jasotzen dira (abereen mesederako bada ere, babesleku klimatikoak sortzea etabar),
baina ez da planifikatzen basoen berreskurapena Aralarko biodibertsitatearen kontserbazioak
eskatzen duen neurrian.
Bukatzeko, aldian-aldian inguruko herritarrengan ez ezik, Aralar maite dugun guztiongan
haserrea eta tristura sortzen duen gaia aipatu behar da: mendi-pistak. EAJ eta EH Bildu alderdi
politikoek pista berriak ireki edota egokitzeko adostasuna erakutsi dute. Baimendutako 4 x 4
ibilgailuentzat eta atoi txiki batean ganadua eta materialak eramateko izango direla aipatuz
justifikatu badituzte ere, pistak ingurumen-sentsibilitate handiko eremuan egin edota egokitu
nahi dira, malda handiko eremuetan, sekulako higadura eraginez. Kontuan izanda, gainera,
txabolak berrantolatuta eta pisten ondoan daudenak lehenetsita, ez legokeela pista gehiagoren
beharrik.
Zehaztasunik gabe bada ere, planean aipatzen da pistak behar direla txabolak ez dauden eta
ganadu larriak bazkatzen duten inguruetara hurbiltzeko. Abeltzainen tipologia hau da inoiz eta
inola ezaugarritu nahi ez dena. Zenbat dira ibilgailuekin gora eta behera ibili nahi duten horien
artean profesionalak? Nolako ekarpena egiten diote sektoreari? Artzainen duintasunaren
izenean justifikatzen dira azpiegitura hauek, baina benetan zeinen interesak dira lehenetsi nahi
direnak? HAZI Fundazioaren planak ez du jasotzen honi buruzko argibiderik. Artzaintza eta
abeltzaintza sustatzeko laguntzak ematea egokia ez ezik, beharrezkoa ere bada, baina beti ere,
Aralarko ondare naturala kaltetu gabe. Mendi-pistak bateraezinak dira helburu horrekin.
EH Bilduk eta EAJk adostutako akordioarekin Plan Orokorra ontzat eman bada ere, oraindik
Mankomunitateko Batzarrak ez dio onespena eman eta ez herrietan eta ezta udal batzetan, ez
da eztabaidatu. Plan hau ezin da bere horretan onartu, ez dituelako Aralarko Parke Naturalaren
eremu banaketaren arrazoibideak edota Euskadiko Natura-ondarearen Kontserbazio legearen,
eta Europak berriki onartutako Natura Leheneratzeko Legearen xedeak betetzen: konplexutasun
ekologiko handiko natur eremuak berreskuratzea, ustiapenetik salbu. Helburu hau
lehentasunezkoa da gurea bezalako eremu antropizatuan; izan ere, biodibertsitatearen eta
ustiapenaren arteko orekatik oso urrun daude Gipuzkoan babestutako eremu guztiak.
Aralar larreak, pistak eta abereak baino gehiago da: sastrakak, harkaiztegiak, errekak, leizeak,
basoak eta bertan bizi diren bizidun guztiak dira. HAZIren Planean jasotzen denez, antzinatik
gizakiaren ustiapenak eragin du gaur egun ikusgai dugun natura humanizatua. Halaxe, natura
izan zelako da, baina natura delako izaten jarraitzea nahi badugu, bada garaia, natura eta
biodibertsitatea berreskuratzeko planak gauzatzeko, gizarteak dituen bestelako beharrak balioan
jarriz: natur ingurune aberatsak eta osasuntsuak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario