2025eko otsailaren 24an, Lurralde Oreka Berdearen
Batzordeko bileraren testuinguruan Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian,
eta ehizaren arloan Ehiza Federazioarekin eta ehiztariekin lortutako akordioari
lotuta, "bere etxean zegoela buruan jotako bala batek hil zuen
pertsona baten istripuari" buruz Xabier Arruti diputatuak egindako
adierazpenak oso desegokiak direnik ezin ukatu.
Gertaera horri lotuta, 2024ko maiatzean ikerketa itxita
zegoela jakinarazi zien hedabideei orduan Eusko Jaurlaritzako Segurtasun
Sailburua zen Josu Erkorekak. Orduko adierazpenetan esan zuenez, baimendutako
uxaldi batean parte hartzen ari zen ehiztari batek bota zuen tiro hura.
2023ko abenduaren 17an gertatu zen "istripu" haren
harira, eta uxaldietan segurtasun-neurriak nahikoak zirela justifikatzeko
ahaleginean aipatutako agerraldian Diputatuak esan zuenez, istripua ez zen
gertatu Aldundiak huts egin zuelako, uxaldia baimenduta ez zegoelako baizik. Honaino
iritsita, honako galdera hau egin behar da:
Noiztik daki diputatuak uxaldia legez kanpokoa zela? Informazio
horrek ez al ditu Erkorekak aipatutako eta Eibarko epaitegiak egindako
ikerketaren ondorioak gezurtatzen?
Bestalde, tiroa legez kanpoko uxaldi baten barruan egin
zela jakiteak kezka handia eragiten digu, agerian uzten baitu ehiza-jarduera
kontrolatzeko neurriak ez direla nahikoak. Hainbesterainokoa da kontrol falta, legez
kanpoko uxaldi bat egitera iritsi zirela, ez dakigun ehiztari kopuruarekin, erriflea
eskuan eta kargatuta, kasu honetan, pertsona baten heriotza eragiteraino.
Arruti Diputatuaren hitzetan, "Debako
istripuak" Aldundia, Ehiza Federazioa eta ehiztariak ehiza-jardueraren (ehiza
larriaren) segurtasun-neurriei buruz elkarrekin hausnartzera behartu ditu, eta
hausnarketa horren ondorioa da lortutako akordioa. Baina, hara non, gai
horretan interesatuak diren gainerako eragileak baztertu dituen hausnarketa-prozesuaren
ondorioz segurtasun-neurriak areagotzea espero zitekeen arren, sen onaren
kontra, Aldundiak ehiza lehen debekatuta zegoen hainbat segurtasun-eremuetan
baimendu duen.
Gainera, aipatutako akordioan uxaldien kontrolaren eta
zaintzaren erantzukizuna ehiztariengan utzi denez, eta legez baimendutako
ehiztariek parte hartu duten legez kanpoko uxaldiak egin badira, egin beharreko
galderak dira:
Nola utz daiteke ehiztarien esku, uxaldietan
segurtasun-neurriak betetzearen erantzukizuna eta ikuskapena?
Segurtasun neurriek ez badute bermatu legezko uxaldiak
egitea, zergatik sinetsi behar dugu ehiztariek uxaldietarako adostutako neurri
bereziak bermatuko dituztela?
NATURKON osatzen dugun kolektiboetatik, Aldundiari
helarazi diogu ehiza-jarduera segurtasunaren eta populazioaren kontrolaren
ikuspegitik eta irizpide zientifiko-teknikoen baitan jorratzeko beharra eta
interesa. Bueltan baina, ez dugu halakorik jaso eta horren erakusgarri da
informazio txikiena jasotzeko 4 hilabete pasa zain egon garen bitartean Aldundia
Ehiza federazioarekin eta ehiztariekin akordio batera iritsi izana. Baldintza hauetan,
zer zentzu du Aldundiarekin hitz egiten jarraitzeak, hitzarmena itxita
dagoenean eta gu baztertuak izan garenean?
No hay comentarios:
Publicar un comentario