Esan ohi da gezurra
esateko hiru modu daudela: gezurra esatea, erdi egiak esatea eta estatistika
erabiltzea. Hiru moduak baliatu zituen egurraren industria ordezkatzen duen Baskegur
elkartearen ordezkariak, otsailaren 10ean Gasteizko Legebiltzarrean, Ingurumen
Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Batzordean egindako agerraldian (https://youtu.be/jKt4hWMaLdg).
Estatistika gezurra
esateko erabiltzea baita, esaterako, adieraztea azken 40 urteetan EAEn
baso-azalera (ez badugu zuhaitz-estaldura soila bezala ulertzen) handitu egin
dela, edo iparralderago dauzkagun herrien aldean hemen ez daukagula
hainbesterainoko monolaborantzarik, edo EAE mailan konifero eta hostozabalen
artean oreka dagoela, edota baso-jabeen artean lur-jabe handirik ez dagoela
esatearekin batera, EAEko sail pribatuen erdia baino gehiago, 130.000 ha, jabe
ezagunik gabe uzten dituzten datuak zabaltzea. Nahikoa da Gipuzkoa edo Bizkaitik
Arabara bidaiatzea bertako paisaia askoz naturalagoa dela ikusteko. Arabako
baso-kudeaketak ez du zerikusirik Gipuzkoa eta Bizkaikoarekin, ez jabegoari dagokionez,
ez ustiapen-ereduari dagokionez. Datuak nahastuta diskurtsoak desitxuratu daitezke,
ez ordea errealitatea. Bizkaiko eta Gipuzkoako monolaborantza-ereduak ez du
parekorik Europa osoan; Ipar Europan ez bezala, hemen konifero exotikoen
ustiapen intentsiboa malda handietan, makina astunekin eta matarrasa eta
antzeko teknika agresiboekin ez baita horrela inon egiten. Bizkaian eta Gipuzkoan
landa-eremua gaixo dago, pinuaren izurriteek eta eukalipto-landaketek
begi-bistako ingurumen-krisia eragin dutelako.
Egia erdia esatea
da Baskegurrek jasangarritasunean oinarritutako ereduaren alde egiten duela,
nola eta hiru ardatzak, ekonomia, ingurumena eta gizartea, aintzat hartzen
dituelako. Ingurumen jasangarritasuna zigiluen bidez bermatzen dutela diote.
Baina, ez digute esaten zigilu horien fidagarritasuna ez dagoela lurzoruan eta
ingurumenari egindako kalteen baitan. Kalitatezko egurra lortzeko baliatzen
dituzten zigiluek ez dute bermatzen lurzoruaren eta biodibertsitatearen
kontserbazioa, eta beraz, ezin daiteke onartu estrategia hori jasangarria
denik. Gizarteari dagokionez, gutxi edo gehiago, lehen sektoreari basogintzak
eutsi diola bota zuen Baskegurreko ordezkariak, baserriak egurrari esker
mantendu direlakoan eta hein batean sektorea ere bai. Ez zuen esan, ordea,
egurgintza diru publikoarekin guztiz lagundutako jarduera dela, egurrak ez
baitu dirurik ematen eta emanda ere, diru horrekin ezingo liratekeelako
ingurumen kalteak ordaindu. Eta hala bada, benetan basogintzak eutsi badio
lehen sektoreari, orduan, ondorioztatu liteke basogintzak eragin duela egun
lehen sektoreak bizi duen krisia?
Agerraldi hori
aprobetxatu zuten, besteak beste, fiskalitate berezia eta lurzoruaren
erabilerari ezarritako baldintzengatik kalte-ordainak eskatzeko. Eta udalei natur
eremuen antolaketarako eskumenik ez ematea eskatzeko ere bai. Bistakoa denez,
ondo baino hobeto kontrolatzen dituzten Aldundien esku nahi dute landa
eremuaren kudeaketa; eta beraz, basogintzarako eskumenak. Ez dute gizarteak eta
tokiko administrazioek parte hartzerik nahi Aldundiekin dituzten harreman
ilunetan.
Pinuen eta
eukaliptoen monolaborantza intentsiboan oinarritutako basogintza-ereduarekin
lurra galtzen eta kaltetzen ari gara. Lurra da bizitzaren euskarria, lurraren
menpe dago biodibertsitatea. Orain gutxi ospatu da Lurraren eguna. Pasa gaitezen hitzetatik
ekintzetara eta diseinatu dezagun, behingoz, baso-politika jasangarria. Jakintza
badago, horretarako ekimenak ere bai. Borondate politikoa baino ez da falta.
Hemen ere, jar dezagun bizitza erdigunean.
Aitor
Leiza, Aitziber Sarobe, Edurne Huesa eta Rafa Perez
NATURKON GIPUZKOA
Gipuzkoako
Natur eta Ekologista taldeen koordinakundeak
Donostia,
2020ko maiatzaren 4an
No hay comentarios:
Publicar un comentario