Garai bereziak
eta arraroak bizi ditugu, hainbatek argi azaldu duen bezala, gure bizimoduaz hausnartzeko
eta gure ekonomiaren oinarriak ulertzeko abagune ezin hobea daukagu.
Errepikatzen ari zaizkigun bezala, ezer ez da berdina izango hemendik aurrera.
Berdina ez, baina hobeto edo okerrago biziko gara?
Galdera horren
erantzunak nahi beste erpin izan ditzake. Arrantzaren jardueran eta
arrantza-sektorearen etorkizunean jarri nahi dugu guk arreta. Eusko Jaurlaritza
aktibitate ekonomikoarekin zer egin erabakitzen ari den garai honetan, lehen
sektorea estrategikoa dela azpimarratu da behin eta berriz, jakiak ezinbestekoak
ditugu eta baserritarren eta arrantzaleen lana azaleratu da inoiz baino
ozenago. Arrantzaleen jarduna, baina, asko mugatu du koronabirusaren krisiak.
Lehendik ere prekarietate larrian ari ziren arrantzaleei, orain sistemikoak eta
gaindi ezinak diren baldintzak suertatu zaizkie: itsasontzi askotan ezin dute
gutxieneko distantziarik mantendu eta ezin dute segurtasunik bermatu elkar ez
kutsatzeko borroka honetan. Bestalde, arrainaren merkatua guztiz desitxuratu da
eta prezioen dantzak ez du errentagarria egiten jarduera.
Hedabideetan
entzuten dugunaren arabera, eta lehendik sektore honek nola jokatu duen
ikusita, gure susmoa da krisi honetatik ateratzeko apustua Europak (edo bertako
administrazioak) banatuko dituen diru- laguntzen zain egotea izango dela. Hau
bada aterabidea, ezinbestekoa da galdera: zertarako behar dugu arrantza,
jarduera honek ez badu balio beharrik handiena dagoenean jakiak eskuratzeko?
Zertarako mantendu sektore hau diru publikoarekin ez badu bere funtzio soziala
beteko? Zergatik onartu halako eragina bioaniztasunean eta ondare naturalean,
estrategikoa ez den jarduera bati? Gure ustez, arrantza, elikadura-subirautzarako
ezinbestekoa da. Administrazioari dagokio jarduera ekonomiko hau, eta horri lotutako
lanbideak, kudeatzea, baina bide horretan ekarpenak egin ditzakegulakoan, hauek
gure proposamenak.
Hasteko, flotak
geratzeko itxura dauka eta hau bere horretan onuragarria izan daiteke
arrantzaleentzat, gaixotzeko arriskua gutxituko dutelako, zein interes
komertziala duten arrainentzat: bakean utziko ditugulako, eta hala, beren ziklo
naturala, eta hemen burutzen duten errunaldia, lasai burutuko dutelako. Baina,
egoera hau onuragarria dela esan ahal izateko, bi baldintza bete behar dira:
arrantzaleak, gainerako langileak bezala, konpentsatu behar dira, eta
arrantza-gabeko epe honek arrainen populazioetan izan duen inpaktua neurtu
behar da. Biak dira bideragarriak, eta administrazioak baditu horretarako
baliabideak.
Bigarren aukera
arrainen kontsumoa ziurtatzea da. Horretarako arrantza-jarduerari eutsi beharko
litzaioke, baina modu kontrolatu eta selektiboan. Egunero/astero eta txandatuz,
portu bakoitzetik 2na itsasontzi ateratzea izan daiteke aukera (Gipuzkoatik 6
eta Bizkaitik beste 6); noski beti ere itsasoratuko liratekeen arrantzaleen
osasun baldintzak behin bermatuta (testak egin eta elkar kutsatzeko aukerak
baztertuta) hala, eguneko arraina kofradien esku utzi eta hauei zuzenean prezio
finko batean saltzeko aukera eskaini dakieke. Prezio horrek merkatua
erregulatuko luke, arrandegiek egoera honetan zilegi ez den abantailarik izan
ez dezaten. Arrantza-jarduerak ere mugatua izan beharko luke; kuotak eta
neurriak errespetatuz eta 12 miliatik kanpora arituz, arrain populazioetan
normalean baino kalte handiagorik ez eragiteko. Arauak irizpide zientifiko eta
teknikoekin doitu eta zorroztu daitezke, bioaniztasuna errespetatuz, eguneroko arrainaren
kontsumoa bermatzeko. Administrazioak badu horretarako ahalmena.
Hauek egingarriak
diren bi proposamen baino ez dira, biak ala biak, arrantza-jardueraren zentzua
eta egoera hobetzera begira egindakoak. Izan ere, krisi honetan arrantzak ez
badu bere funtzio soziala beteko, diru-publikoz zer ari garen sustatzen eta
mantentzen galdetu beharko genioke gure buruari, arraina ondare naturala baita,
eta horrek ustiaketa onura publikoak baino ezin lezake justifikatu.
Ondarroa 12 milia
– Naturkon Gipuzkoa
No hay comentarios:
Publicar un comentario