"EZ DUGU ASMORIK GIPUZKOAN NATURA 2000 SAREA GARATZEKO"

Arantza Ariztimuño (PNV)

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi Zuzendaria

Gipuzkoako natura kontserbatzeko ardura duen pertsona (Donostian, 2015eko azaroan)



2020/02/11

GFA: Natura kontserbatzeko politikak aldatzeko eskaera
(2020 01 08)


2020ko urtarrilaren 8an Imanol Lasa Foru Diputatuarekin bilera bat adostu zuen, hainbat asteko ahalegin luzearen ondoren, Naturkonek. Aldez aurretik, Gipuzkoan natura kontserbatzeko aplikatzen diren egungo politikak aldatzeko hainbat proposamen biltzen zituen txosten hau prestatu eta bidali genuen.

Txostenaren edukia motibotzat hartuta, bilera hura zapuztu zuen Lasa jaunak egunean bertan eta partaide guztiok eserita ginela, ez lehenago.


Dokumentuaren inprimatzeko bertsioa jaisteko (pdf): sakatu hemen

-------------------------------------------------


    
Gipuzkoako natur talde eta talde ekologistak
    

NATUR KONTSERBAZIORAKO POLITIKA ALDATZEKO ESKAERA
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIARI




SARRERA

1. Gipuzkoako Aldundiarekin harremanak------------------------------------------------- 2. or
1.1 Saileko zuzendaritzarekin-------------------------------------------------------- 2. or
1.2 Ehiza eta arrantza kontseiluak-------------------------------------------------- 2. or
1.3 Parke naturaletako patronatuetako bilerak--------------------------------- 3. or

2. Aurreko Legealdiaren (2015-2019) balorazio orokorra---------------------------- 4. or
2.1 Pinudien krisia----------------------------------------------------------------------- 4. or
2.2 Aralarko pistak----------------------------------------------------------------------- 5. or
2.3 Ehiza------------------------------------------------------------------------------------ 5. or
2.4 Babestutako eremuen kudeaketa ---------------------------------------------- 6. or

3. Legealdi berriari begirako eskaerak------------------------------------------------------ 7. or








1. GIPUZKOAKO ALDUNDIAREKIN HARREMANAK

Pasa den legealdia ez da gozoa izan Gipuzkoako natur talde eta talde ekologistak ordezkatzen dituen Naturkon elkartearentzat. Gipuzkoako natur kontserbazioaren eta ekologismoaren ahotsa Gipuzkoako Aldundira eramateko ahaleginean bazterketa eta isiltasuna izan dira jasotako emaitza bakarrak. 

2.1 SAILEKO ZUZENDARITZA

Legealdi osoan zehar, saileko zuzendaritzak bilera bakar batean biltzeko aukera eman zigun: 2016ko urtarrilean. 

Bilera hura Naturkon elkarteak deitua izan zen, eta asmo jakina zuen: zuzendaritza berriari gure elkartea aurkeztu, aurreko legealdian egindakoaren balorazioa jakinarazi eta taldearen helburuak zein gure eskakizunak mahai gainean jarri. 

Bilera gogorra izan zen, zuzendari(tz)ak argi eta garbi erakutsi zuelako Gipuzkoan natur kontserbazioaren arloan dugun ikuspegiarekiko eta gure jarduerekiko erabateko gaitzespena. Bilera hartan esan zitzaigun, gainera, zuzendaritza hark ez zuela Natura 2000 sarea garatzeko asmorik, eta beraz, natur kontserbazioaren arloan aurrera pausurik ezin genezakeela espero ondorioztatu genuen.

Gauzak horrela, Naturkon elkarteak ez zuen aukerarik ikusi beste bilerarik deitzeko, eta noski, ez ginen deituak izan.

2.1 EHIZA ETA ARRANTZA KONTSEILUAK

Urtero argitaratzen diren ehiza eta arrantza aginduen harira, aurreko legealdian (2011-2015) osatu ziren ehiza eta arrantza kontseilura deituak izan gara urtero. 

Hutsik egin gabe agertu gara bileretara, baina guztietan parte hartze eraginkorra ez da posible izan Aldundiak bilera hauek egiteko erakusten duen prozedura desegokiaren  ondorioz: 
  • Bilerak lan ordutan deitzen dira.
  • Bileretako aktak bileraren deialdia egiten denean, urtebete beranduago deitzen dira bilera prestatzeko denbora-tarte oso txikiarekin (inoiz bileran bertan aurkeztu izan du Aldundiko idazkariak aurreko urteko bileraren akta).
  • Bileran bertan jakiten dugu zer proposatzen den Foru arauetan Naturkon ordezkariarengan jarriz talde guztiarena beharko lukeen erabakia.
  • Informazioa ukatu egiten zaigu edo inguratutako informazioa nekez lortzen dugu.
Kontseilu hauetan egiten diren bilerak tramite hutsa bihurtu dira. Inoiz egin da ahaleginik ehizaren aginduren batean ehizarako araudia zorrozteko, baina ezerezean gelditzen dira behin eta berriz ahalegin horiek behar bezalako eztabaida zientifikoak mantentzeko aukerarik ez duelako eskaintzen Aldundiak. Bileren dinamikan ez da posible proposamenak egitea, erabakiak hartzeko edota onesteko direla argudiatzen dute teknikariek zein politikariek. Ez da natur talde eta talde ekologisten benetako parte-hartzea sustatzen.

Hala ere, gure ustez Naturkon elkarteko ordezkarien parte-hartzea ezinbestekoa da ehiza eta arrantza kontseiluetan. Izan ere, kontseilu horietan natur baliabideen ustiapena helburu duten elkarteek ehiza zein arrantza sustatzeko egiten duten ahaleginean jarduera horien ingurumen kalteak ez dituzte kontuan hartzen. Sistematikoki arbuiatzen dituzte ikerketa zientifikoen ondorioak eta gizarteak gero eta ozenago eskatzen duen bioaniztasunaren aldeko defentsa.  

Hala, gaur egun berebizikoa beharko lukeen informaziorik gabe jarraitzen dugu:
  • Zein da ehizatzen diren populazioen egoera biologiko-ekologikoa? Nolakoa izan da bilakaera azken 20 urte hauetan?
  • Zenbat ehiza-postu baimendu dira eta zein irizpiderekin babestutako natura-eremuetan? Zein da ehiza-postu horien eta ehiza beraren eragina bioaniztasunean? Nork egiten ditu ikerketa horiek eta non argitaratzen dira emaitzak?
  • Zein da zinegetikoak ez diren beste basa-ezpezieen kontserbazio-egoera?
Naturkon da ehizaren eta arrantzaren aldeko elkarte horien ahotsa kontrastatu dezakeen Gipuzkoako gizarte eragile nagusia, eta beraz, uste dugu Naturkonek bioaniztasunaren defentsan egiten duen lana aitortzeaz gain, kontseilu horretan ematen ez zaion garrantziarekin hartu beharko litzatekela kontuan.

2.3 PARKE NATURALETAKO PATRONATUETAKO BILERAK

Gipuzkoako parke naturaletako patronatuetako bilerek ez dute urtean behineko maiztasunik ere mantendu. Legealdi osoan bi aldiz bildu dira Pagoeta, Aiako Harria eta Aralarko patronatuak. Aizkorri-Aratz parkekoa behin ere ez. Bilera hauen helburua guztiz administratiboa izan da, tramite hutsa. Parte-hartze organo hauek ez dute euren izatearen arrazoia betetzen, hutsalak eta inoperanteak bihurtu ditu Aldundiak.

Ehiza eta Arrantza Kontseiluen kasuan bezala, parke naturaletako patronatuen bileren funtzionamendua ere guztiz salagarria da. Bilera batetik bestera urtebete edo gehiagoko tarteak egonda, bileren deialdiarekin bidaltzen dira aurreko bilerako akta eta hilabeteko epearekin proposatzen den bilera berriko deialdia. Ordutegia ere, aurrekoetan bezala guztiz deserosoa, bilerak lan-orduetan egiten dira. Hamaika aldiz salatutako kontuak dira hauek eta Aldundiari eskatzen diogu, behingoz, gure eskaerak onar ditzan, benetako partaidetza sustatzeko.

Hala eta guztiz, gure uste parke naturaletako patronatuek izan beharko lukete eremu horietan natur kontserbazioak duen garrantzia sustatzeko tresna nagusia. Kontua da, ordea, egun parke naturaletan natur baliabideen ustiapena lehenetsi dela natur balioen kontserbazioaren gainetik; alegia, gutxi batzuen interesak lehenetsi dira gizartearen interesen gainetik eta planteamendu horretarako funtzionalitate gutxi dute Patronatuek.


2. AURREKO LEGEALDIAREN (2015-2019) BALORAZIO OROKORRA

Gipuzkoako natur talde eta talde ekologistek Arantza Ariztimuñoren zuzendaritzapean Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendiak eta Natura Ingurunea Sailak egindako lana OSO MODU NEGATIBOAN balioztatzen du. Hainbat dira horretarako arrazoiak:
  • Sail honen helburu nagusiak natur ondarea kontserbatzea izan beharko zuelarik, urteroko aurrekontuen % 1-a ere ez du bideratu zeregin horretara.
  • Babestutako eremuetan ez da natur ondarea ikertzeko plangintzarik sustatu (bestelako erakundeen gerizpean izan ezean …)
  • Babestutako eremuen kudeaketan ez da natur kontserbazioaren aldeko irizpide zientifikorik aintzat hartu orokorrean.
  • Babestutako natur eremuen kudeaketarako tresna nagusiak, BBEak (ZEC) garatu eta gauzatzeko ez da ahaleginik egin; guztiz kontrakoa, ahalegin berezia egin da natur kontserbazioaren aldeko araudia eta kudeaketa oztopatzeko. Ez dago Natura 2000 Sarean indarrean dauden Kudeaketa Planen betetze mailaren ebaluaziorik.
  • Naturkon elkarteak arazo handiak ditu informazioa eskuratzeko: eskatutako informazioa ukatu egiten da edota berandu helarazten da oro har.
  • Natur kontserbazioaren alde dauden gizarte eragileak eta haien parte-hartzea guztiz arbuiatu da ezinbestekoak diren organoetatik at; eta egoera horietan ere parte-hartze hori tramite hutsean gauzatu da.
  • Aldundiak ez du bideratu aurreko legealdian sortu eta funtzionatzeko bidean jarri zuen Bioaniztasunaren Kontseilua.

2.1 PINUDIEN KRISIA

Gipuzkoan pinudi-landaketetan inoizko krisirik handiena bizi izan da azken urteetan. Latza izan da gertaera, eta oso negatiboa Gipuzkoako Aldundiaren (eta Erkidegoko gainerako administrazioen) erantzuna. 

Naturkon elkarteak ez du aukerarik izan krisi honi buruzko ikuspegia Aldundian aurkezteko, ez zaio inolako espaziorik eman horretarako. Ezin daiteke esan kontu honetan Aldundiak gardentasunez eta parte-hartzea sustatzeko borondatez jokatu duenik. Natura egoskorra da eta arlo honetan Aldundiak baliatu duen politika okerraren emaitzak guztion begi bistan daude. Horrek ez gaitu pozten, besteak beste, ez direlako oinarriak jarri egoera honi aurre egin eta ingurumenarekin arduratsuagoa izango den eta gizartearekiko begirune gehiago erakutsiko duen baso-politika berria ezartzeko, benetako eztabaida publikoa irekiz. 

Tamalgarria da Aldundiak gauzatu duen, gauzatzen ari den, eta dirudienez, etorkizunean gauzatu asmo duen baso-politika intentsiboa. Gure lurraldearen ondare naturala kolokan jartzeaz gain, landa eremuaren etorkizuna zapuzten ari da, hiri eremuetako biztanleriarenganako urruntzea eraginez. 

Egun, begi bistan dagoen eta hain larria den krisi honen aurrean ez daukagu krisi honetatik ateratako ikasbideak zeintzuk diren erakusten duen Aldundiko teknikarien egindako txostenik. Egurgintza-sektoreko ordezkariak ari zaizkigu epe motzean basogintzaren ustiapenerako baliatuko dituzten irizpideak argitzen. Eremu publiko zein pribatuan.  


2.2 ARALARKO PISTAK

Aralarren gauzatu diren eta etorkizunean gauzatu nahi diren pistak izan dira aurreko legealdiko beste liskar-iturri nagusia Gipuzkoa osoan. 

Bereziki larria izan da Aldundiak gai honetan erakutsi duen jarrera interesatua. Artzain, eta bereziki abere larrien abeltzainen interesak natur parke horren ondare naturalaren gainetik lehenetsi ditu. Horretarako, Aranzadi Z.E bera gutxiestera iritsi da, elkarte honetako zientzialariek ia mende oso batean egindako ikerlanen emaitzak eta haietatik ateratako ondorioak arbuiatuz. Zientziari bizkar ematen honek naturarekiko eraso larri hau judizializatzea ekarri du. 

Guztiz larria izan da Enirio-Aralar mankomunitatearen bidez eta hainbat Udalen ordezkaritza baliatuta gizartean sortu den liskarra, eta Aldundiak horretan izan duen erantzukizuna ez dago ukatzerik. Naturkonek behin eta berriro salatu du horrelako eztabaidak ezin direla modu hain deitoragarrian eta lotsagarrian plazaratu. Ondare naturala eta bioaniztasuna arriskuan jartzen duten proiektu eta ekimenen aurrean, ikerlari eta teknikariek osatutako mahaiak sortu beharko lirateke, eta zuhurtasun-printzipioa lehenetsi edozein kudeaketa-modutan.


2.3 EHIZA

Gai hau aspaldiko liskar-iturria da gizartean. Bioaniztasunaren alde gero eta ozenago hitz egiten duen gizarteak ez du ulertzen ehizak zein funtzio betetzen duen gaur. Ehiza federazioek euren interesak defendatzeko lotsagabeki baliatzen dituzten baserritar eta nekazariak, eta hauen ordezkariek (ENBA, EHNE …) behin eta berriro ametitzen dute joko hori. Honek gizartean anabasa sortzeaz gain, muturreko jarrerak sustatzen ditu, pentsamendu eta interes ezberdinak dituztenen arteko eztabaidak zailduz.

Ehizaren eta arrantzaren kudeaketa ikerketa zientifikoan oinarritu beharko litzateke. Zientzialari eta ikerlariek egindako lanetatik ateratako ondorio eta gomendioek izan beharko lukete kudeaketarako irizpide nagusiak, eta horien baitan argitaratu aginduak. Batetik, ez delako behar beste ikertzen, eta bestetik, ehiztari eta arrantzaleen federazioen indarra gailentzen delako, oso urruti gaude irizpide zientifikoetan oinarritutako ehiza-kudeaketatik. Hala, gure ustez hegazti exotikoak eta horien erabilera (faisanarena kasu), ez litzateke erregulatu behar, baizik eta ingurune naturaletatik atera beharko lirateke hegazti horiek. Aldi berean, desagertu diren hegaztien erabilerarik ere ez litzateke erregulatu behar, esaterako eper gorriarena. Hauek babestu edota berreskuratu beharko lirateke...

Beraz, arlo honetan ere ahalegin berezia egin behar delakoan gaude, ehiza eta arrantza kontseiluei bestelako funtzionamendua eta funtzionalitatea esleituz.


2.4 BABESTUTAKO NATURA-EREMUEN KUDEAKETA

Gipuzkoako parke naturalen kudeaketa natur ondarean ustiapenera zuzendua dago erabat, natur kontserbazioa guztiz saihestuz. Azken urteotan kezkatzekoa da Aralarren ez ezik, Pagoetan eta gainerako babestutako natur eremuetan bereziki abeltzaintzaren mesedetan gertatzen ari den larre-eremuen endakapena. Gero eta abelburu gehiago dabiltza larrean eremu horietan negu eta uda, aisialdiko abeltzaintza sustatuz. Galdetuta, Aldundiak  LIFE Oreka proiektua aipatzen du kudeaketarako tresna modura baliatzeko balioko duelakoan, baina Naturkonek aipatu bezala, proiektu hori hankamotz eta interes jakinei erantzuteko jaio zen. Gai hau benetan da kezkatzekoa ez dugulako ikusten larre, sastrakadi zein bestelako ekosistemen egoera ekologikoaren benetako azterketarik egiteko borondaterik dagoenik.

Honekin batera, TURISMO MASIFIKATUA da kezka eragiten duen beste gai nagusia. Zumaiako Biotopo Babestua da gain honen adibiderik argiena, hain eremu zaurgarrian bideen higadura urtez urte modu esponentzialean nola handitzen ikusten ari baikara bideak jende kopuruaren arabera egiten direlako kopuruak mugatu gabe …. Natur balioarengatik ezagunak diren eremu guztien joera da hau eta nabarmena da eremu horietako bioaniztasunaren gutxitzea.  Gure bezalako lurralde txiki eta demografikoki hain populatuan honek oso kontuan hartzeko faktorea beharko luke, baina gure administrazioek, eta bereziki Aldundiak, muzin egiten dio behin eta berriz, turismoa natura-eremu horietara bideratuz. Turismo-eredu honekin bukatu behar da lehenbailehen.

Parke Naturaletako Antolaketa Planak eta Erabilera Planak (daudenean), Natura 2000 Sareko Kudeaketa Planekiko egokitu gabe ditugu aspaldian. Honek erakusten du Aldundiak naturaguneetan bultzatzen duen desinbertsioa.


3. LEGEALDI BERRIRAKO ESKAERAK

3.1 GIPUZKOAKO ALDUNDIAREKIN HARREMANAK

SAILEKO ZUZENDARITZAREKIN

Ez dugu uste normala denik herrialdeko natur talde eta talde ekologista guztiak ordezkatzen dituen elkarte bat Aldundiak arbuiatu duen bezala arbuiatzea. 

Gizartean gero eta ozenagoa den ingurumenaren zaintzaren eta natur kontserbazioaren aldeko begirada eta ahotsa ordezkatzen dugu. Uste dugu arlo horretaz arduratzen den sailarekin HARREMAN NORMALIZATUAK izan beharko genituzkeela, besterik ez bada naturaren ustiapenean oinarritzen diren sektore ekonomikoen  eragina kontrastatzeko edota natur kontserbazioaren aldeko interesak sektore ekonomiko horien maila berean eztabaidatzeko.  

Aurreko legealdian bezala, oraingoan ere zuzendaritzarekin elkartzeko saiakera egingo dugu, gure betebeharra baita sail honen esku dauden lege-ekimenen eta gainerako kudeaketa-lanen jarraipena egitea, gure ekarpenak eginez.
Era berean, natur kontserbazioan arituko diren teknikari-kopurua, eta orokorrean, giza baliabideak emendatzea ezinbestekoa da 200.000 Ha dituen herrialde honen kudeaketa duina bermatzeko. Zer esanik ez, urteroko foru aurrekontuetan inbertsioak biderkatzeko beharraz, legeak ezartzen dituen gutxieneko betebeharrak asetzeko.


EHIZA/ARRANTZA-KONTSEILUAK eta PARKE NATURALETAKO PATRONATUAK

Parte-hartze organo hauek kontsultiboak dira, eta hala izan behar dute. Baina, egun ematen zaien garrantziak eta duten funtzionamenduak euren izatea ezbaian jartzen du: tramite hutsa bihurtu dira, besteak beste, jarduera zinegetikoaren ordezkarien gain-ordezkaritza izugarriaren eraginez.

Honek ez du zertan horrela izan. Askotan eskatu dugun bezala, bilera hauek hobeto antolatu daitezke partaideek prestatua eraman ditzaten. Aldundiak partaideen parte-hartzea sustatu beharko luke batzuen eta besteen ideiak, nahiak eta interesak kontrastatzeko eta horrela arlo horien inguruko ezagutza gizarteratzeko bideak jartzeko. Parte-hartze aktibo eta arduratsuaren bidea ezinbestekoa da pedagogia egiteko eta horren beharrean gaude gaur ingurumenaren zaintzan eta natur kontserbazioan inplikatuko badugu gizartea. Krisi ekologiko globalaren garaian administrazioaren lehentasuna beharko luke izan helburu honek.

Ehizarekin legealdi honen hasieran gertatu dena ez da onargarria. Lurralde bateko bioaniztasunaren kontserbazioak ezin du ehiztari federazioen interes ludiko eta ekonomikoen menpe egon. Honek beste garai batzuetara garamatza, natur kontserbazioarekiko eta ingurumenaren zaintzarekiko erabateko ezjakintasuna eta mespretxua zegoen garaietara. Gaur gizartea, eta bereziki gazteak,  bestelako begirada eta sentsibilitatea eskatzen ari dira kalean.


BIOANIZTASUNAREN KONTSEILUA

Gure ustez, ezinbestekoa da parte-hartze organo hau martxan jartzea. Kontseilu honek beharko luken osaera eta bete beharreko funtzioak Dekretu batean idatzita daude. Ezinbesteko baliabidea da hau, gure ustez, natur ingurune eta landa eremuaren etorkizun iraunkorra  irudikatzeko. Naturaren ustiapena eta kontserbazioa orekatu ezean, ez dago ez klima aldaketari, ez bioaniztasunaren galerari, ez lurraren higadurari, ez lehorteari, ez pinudien krisiari eta ez bestelako ingurumen arazoei aurre egiterik. 

Klima Aldaketaren ebidentziek erakusten diguten bezala, ataka larrian gaude, eta zentzuzko aurrerabide arduratsuak sortu nahi baditugu, arlo ezberdinetako adituen hitzak ekarri behar dira erdigunera. Horretarako sortu zen Bioaniztasunaren mahaia.


3.2 BASO-POLITIKA

Gipuzkoako egur ekoizpenera bideratutako landaketa exotikoak larrialdi egoeran daude. Berez, ia oso osorik basoa beharko lukeen eremuan, larria da berezko ekosistemak egoera ekologiko salagarrian egoteaz gain, bertako basoa ordezkatu duten zuhaitz-landaketak paisaia eraldatzeraino gaixotzea. 

Basogintza (ia erabat egurgintza bihurtuta) krisi larrian dago Gipuzkoan eta aukera bikaina sortu da basogintza-politika aldatu eta basoak kontserbatzeko kudeaketa-eredua aldatzeko. Badugu ezagutza, baditugu ideiak eta moduak. Eseri gaitezen Gipuzkoako basoak berreskuratu eta egurgintza-sektorea lurjabe pribatu txikientzat onuragarriagoa izan dadin politika berriak diseinatzeko, ahaztu gabe lurjabe publikoek galdutako basoen berreskurapenean duten garrantzia eta ardura.


3.3 ARALAR

PISTAK

Auzi hau ere beste modu batean kudeatzeko ezinbestekoa da Aldundiaren jokabidea aldatzea. Enirio-Aralar mankomunitateak eta Aralarko Patronatuak ez dituzte beren funtzioak betetzen. Aurreko legealdian gutxi batzuen interes partikularrak ezin ditu administrazioak hain modu interesatuan babestu. Eseri gaitezen auzi hau liskar bidetik atera eta beste modu batean kudeatzeko. 

LIZARRUSTIKO ABENTURA PARKEA

Auzi-bidean dago ekimen hau. Aldundiak parke naturalekiko duen begiradak kezkatzen gaituela azaldu dugu behin baino gehiagotan, eta Aralarko parke naturalean gertatzen ari diren gatazkak dira horren lekuko. Abentura-parke hau baimentzeko prozedurak, pistenak bezala, babestutako eremu horiek duten garrantzia gutxiesten du gure ustez. Eztabaidarako gaia da hau ere ezbairik gabe.


3.4 BABESTUTAKO NATURA-EREMUEN KUDEAKETA

Eremu hauen kudeaketan natur kontserbazioak beharko luke lehentasuna, baliabide naturalen ustiapen jasangarria bermatuz. Azken urteotako joera geldi araztea larritasunezko kontua da: eremu horien urbanizazioa gelditu, abelburuen kopurua txikitu, turismoa mugatu, erabiltzaileen inpaktua eta ondoriozko higadura kontrolatzeko planak diseinatu, ondare naturala berreskuratzeko planak egin, … dena dago egiteko. Natura 2000 sarearen garrantziaz jabetu eta horretarako tresnak (BBEak) garatzea ezinbestekoa da eta horretarako gure lankidetza eskaintzen dugu, lehenbailehen hasteko.

Atal honen hasieran aipatu bezala, lankidetza hau bideratzeko modurik eraginkorrena  parke naturaletako PATRONATUAK aktibatzea da. Patronatu horiek sekulako aukera ematen dute ahots ezberdinak entzuteko. Parke naturaletan erabilera publikoak ez ezik, interes partikularrek natur kontserbazioa auzitan jartzeko dute, sarritan bateraezinak diren errealitateak sortzeraino. Patronatuak dira interes horiek mahai gainean jarri eta horien inguruko eztabaida zintzoak gauzatzeko. Aldundiak patronatuen funtzionamendu eraginkorra sustatzea eskatzen dugu. 

Bukatzeko, katalogatutako flora eta fauna espezieen Kudeaketa Planak, eta arriskuan dauden habitat naturalena, onartu eta garatu behar dira. Ezinbesteko tresnak beharko lukete Foru kudeaketan, eta horien baitako kudeaketak (diseinatutako plangintzek eta lortutako emaitzak) publikoak izan beharko luke; sortuta daude horretarako foroak (Patronatoak eta Bioaniztasunaren Kontseilua).


3.5 BABESTUTAKO EREMUETATIK AT DAGOEN NATURA-EREMUEN KUDEAKETA

Bereziki kezkatzekoa da abeltzaintza intentsiboaren eraginez purinekin Gipuzkoan begi-bistan dagoen arazoa. Urte luzeak daramatzagu honi benetako aterabidea jarri behar zaiola eskatzen. Administrazioaren aldetik daturik ez badugu jasotzen ere, argi dago modu intentsiboan eta purinekin ustiatzen diren larreetan landareen (eta bestelako bizidunen) aniztasuna eta kopurua ez ezik, lurzoruaren izaera ere guztiz aldatzen dela. Purinak, gainera, az dira zelaietan bakarrik zabaltzen, mendiko larreetan eta baso-lurretan zabaltzen ere zabaldu dira. Arazo honi behin betiko aterabidea eman behar zaio.


3.6 NATUR EREMUAREN ZAINTZA

Urtea bukatzeko atarian, kezkaz bizi izan dugu Guardia Zibilak ingurumena zaintzeko talde bat sortuko duela eta, sortu den harrabotsa. Kontu honek talde ekologistek eta natur taldeek aspalditik salatu izan dugun egoera bistarazi du: gure natura- ingurunearen zaintzarako ez dago behar besteko bitartekorik. Presazkoa da basozainen kopurua handitzea ez ezik, haiei eskumen handiagoak esleitzea: Bioaniztasunaren kudeaketa dago jokoan, eta hori da egun bizi dugun, eta gero eta ozenago salatzen den, krisi ekologiko global honen arriskurik handiena. Aldundiari eskatzen diogu dagozkion erantzukizunei arduraz erantzutea. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario