"EZ DUGU ASMORIK GIPUZKOAN NATURA 2000 SAREA GARATZEKO"

Arantza Ariztimuño (PNV)

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi Zuzendaria

Gipuzkoako natura kontserbatzeko ardura duen pertsona (Donostian, 2015eko azaroan)



2017/07/13

Naturkonen proposamena laguntza publikoak arautzeko

Naturkonen proposamena, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari luzatua eta beste hainbat euskal administrazio publikori jakinarazia. *|MC:SUBJECT|*

Euskal erakunde publikoen diru-laguntzak
arautzen dituzten oinarrietan
ingurumenaren eta kontserbazioaren aldeko baldintzak
gehitzeko eskaera

 
 

Naturkon
Naturaren  Kontserbazioa  Gipuzkoan

 
 

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailari
bidali zaio idatzi hau eta, jakingarri gisa,
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien, Udalen
eta Zerbitzu Mankomunitateen administrazio-organoei ere bai.
Halaber Eusko Legebiltzarreko
eta hiru lurralde historikoetako Batzar Orokorretako taldeei.

 


Administrazio-kudeaketaren fragmentazioak, oro har, sektorekako espezializazio handiagoa dakar eta, beraz, aldian aldiko sektorean zerbitzu hobea ere bai. Haatik, fragmentazio horrek berak disfuntzioak ere ekartzen ditu maiz, ekintzak abiarazten dituen sektorean ez beste guztietan kalteak eragiten baitira beste departamenduek kudeatzen dituzten politika publikoen helburuen kontrako ondorioak ekarrita. Hala, alde batetik sektore batean lortzen den onura beste sektoreetan eragindako kalteekin batera iristen da, eta zalantzan jar liteke neurriak gizarteari eta interes orokorrari egiten dion ustezko onura.
 

---------------------

 

Halako disfuntzioen kalteak ahal beste leuntzearren, aspaldi xedatu ziren hainbat aurreikuspen, sail guztiek errespetatu beharreko zeharkako araubide moduan. Esaterako, gure eremuan baditugu zenbait araubide erosketa eta kontratazio publikoko prozeduretan hondakinen bolumena eta energia gastua ahal bezain urriak izan daitezen; gardentasuna, parte hartze librea eta merkatu-askatasuna ez ezik, esleipendunaren langileen lan-eskubideak, genero-berdintasuna eta abar luze bat ere errespeta dezaten.

Hizkuntza-normalizazioarekin zerikusia duten zeharkako politikak ere badute beren zuzeneko eta berariazko isla kontratazio- eta hautaketa-prozesuetan eta laguntza-deialdietan, dela bete beharreko baldintza gisa, dela lehian baloratu beharreko irizpide gisa.

Haurren babesean ere aplikatu izan dira zeharkako klausulak  laguntza eta diru-laguntza deialdietan. Katalunian, esaterako, bortxatzaileen erregistroko ziurtagiria eskatzen hasiak dira adingabeei zuzendutako nahiz batez ere adingabeekiko tratua duten jarduera kulturaletarako diru-laguntzak jaso eman ahal izateko.

Beste hainbeste esan liteke gutxieneko araubide eta jokabide etiko batzuei jarraitzeko exijentzia dela eta: administrazioari ez ezik, hark diruz lagundu beharreko pertsona, enpresa zein erakundeei ere exijitzen zaie horiek betetzea.

Eusko Jaurlaritzan bertan, oraintsu idatzi berriak dira sari, beka, laguntza eta diru-laguntza deialdietako oinarrietan gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko irizpideak aplikatzen lagunduko duten klausulak behar bezala gehitzeko gomendio eta argibideak. Hainbat eragilek hartu dute parte horiek biltzen dituen dokumentua prestatzen, horien buru Emakunde izanik, noski,  eskumen nagusiaren titularra denez.

 

---------------------

 

Naturaren eta haren kontserbazioaren aldeko elkarteek osatutako erakundea garenez, Naturkonen ederki asko dakigu joera handia, bereziki handia, dutela horiek, naturak eta kontserbazioak alegia, administrazio sektorialek diruz lagundutako jardueren eragin kaltegarriak pairatzeko. Ezin konta ahala jarduera laguntzen dituzte administrazio publikoek, kirol arlokoak, kulturalak, aisialdikoak, turistikoak eta, naturarekiko gutxieneko begirunerik eta kalterik ez eragiteko gutxieneko neurririk erakusten ez dutenak. Ondorioak negargarriak izan ohi dira, inguru naturalaren kaltean, jakina.

Are mingarriagoa da, gainera, espezie babestuei eragiten dietenean halako jarduerek kaltea, hainbat espezieren ugalketa, migrazioa, oinarrizko portaera edo atsedena oztopatzen dutenean, besterik gabe suntsitzen direnean eta, bereziki, botere publikoek diruz lagundutako jarduera horiek naturagune babestuetan antolatzen direnean edo haiei zuzenean eragiten dietenean.

Gero eta sarriago gertatzen dira halakoak, eta gero eta dimentsio handiagokoak izan ohi dira, ‘abenturako’ jarduerek, turismoak eta, gero eta jarraitzaile gehiago baitituzte eta halako ekimenen antolatzaileek haientzako kondizio ezin hobeak aurkitu baitituzte landa-eremuan eta naturaguneetan. Kontzertuak, mendi-lasterketak, nekazaritzako elikagaien feriak, festak, erromeriak, motordun ibilgailuen zeharkaldiak… inoiz baino maizago antolatzen dira naturagune babestuetan, gero eta irisgarriagoak baitira eta, beraz, kalte hartzeko aukera gehiago baitute. Hori gutxi ez, eta parte-hartzaile arruntak naturan egoki portatzeko eta behar bezala errespetatzeko prestakuntzarik ez du izaten gehienetan.

 

---------------------

 

Horregatik guztiagatik uste dugu interesgarria ez ezik, behar-beharrezkoa ere badela ahalik eta lasterren dokumentu orokor bat egitea, gizon-emakumeen berdintasunaren aldeko irizpideen kasuan egindakoaren antzera, natura eta ingurumena errespetatzeko eta babesteko irizpideak ere aintzat har daitezen euskal administrazio publikoek jarduerak diruz nahiz bestela laguntzeko nahiz saritzeko argitaratzen dituzten oinarrietako baldintzetan, horiei gehitu beharreko klausulak gehituz, hala lehia bidezko deialdietan, nola, are motibo handiagorekin, erantzukizun handiagoa baitute, berariaz ematen dituzten zuzeneko laguntzetan eta diru-laguntza izendunetan ere.

Eta, koherentzia hutsez, ez baita inola ere etikoa nork bere burua salbuestea besteei exijitzen dizkien kondizioak betetzeko obligaziotik, euskal administrazio publikoek berek, zeinek bere eskumeneko arloan eta nork bere politika publikoen baitan, zuzenean antolatutako nahiz sustatutako jardueretan ere jaso behar lirateke irizpide horiek.

 

---------------------

 

Hori guztia dela eta, Naturkon - Naturaren Kontserbazioa Gipuzkoan kolektiboak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailari eskatzen dio albait lehen abiaraz dezala, eta gida dezala, gizon-emakumeen berdintasuna sustatzeko kasuan egindakoaren antzeko prozesu bat eta euskal administrazio publikoentzako gida moduko dokumentu bat sor dezala haren bitartez, nork bere sari, beka, laguntza eta diru-laguntza deialdi publiko guztietan gehi ditzaten berek lagundutako nahiz saritutako jarduerek naturari, ingurumenari eta horien kontserbazioari kalterik ez eragiteko behar diren klausulak.

 

Zarautzen, 2017ko uztailaren 13an

 

Copyright © *|CURRENT_YEAR|* *|LIST:COMPANY|*, All rights reserved.
*|IFNOT:ARCHIVE_PAGE|* *|LIST:DESCRIPTION|*

Our mailing address is:
*|HTML:LIST_ADDRESS_HTML|* *|END:IF|*

Want to change how you receive these emails?
You can update your preferences or unsubscribe from this list.

*|IF:REWARDS|* *|HTML:REWARDS|* *|END:IF|*

No hay comentarios:

Publicar un comentario