2020/09/30

Garapen ekonomikoa, jasangarritasuna eta ingurumena

 

Nekez ezkontzen dira hiru dimentsio horiek gurean —garapen ekonomikoa, jasangarritasuna eta ingurumena—, azken urteotako politika publikoa naturaren kontserbazioaren ikuspegitik aztertzen bada, bederen. Izen hori hartu duen sail berriaren buru izendatu dute Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzan, eta badugu motiborik kezkatuta egoteko.

EAEko erakundeen egituraketak eta agintean egon diren alderdien botere banaketak ez dute lagundu, gaurdaino, gure ingurune naturalaren kontserbazioa eta biodibertsitatearen zaintza. Aurreko mendearen bukaeran Europako Batzordeak garapen jasangarria eta biodibertsitatea kontserbatu edota berreskuratzeko araudia eta plangintza onartu zituen, Europa osorako Natura 2000 sarea sortu eta kudeatzeko tresnak arautuz. Garai hartan eta ondorengo urteetan EA eta PSEren esku egon zen Ingurumen Sailak hartu zuen Europako legediaren transposizioa egiteko ardura batez ere, EAEn babestutako eremuak (parke naturalak, biotopoak, …) Kontserbazio Bereziko Eremu izendatuz.

Izendatu ostean, babestutako eremu horien kudeaketa foru aldundien eskumena da, eta aldundietan EAJ alderdiaren esku egon da ia beti, Landa Garapenaren Sailean. Alegia, eremu naturalen eta basabizitzaren kudeaketa nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza kudeatzen dituen sail berak kudeatzen ditu aldundietan; baina zentzuzkoa izan daitekeena saihestu ezinezko oztopo bihurtu da. Izan ere, EAJk ez du interesik natur kontserbazioan; urteetan Jaurlaritzako eta aldundiko ordezkariak ika-mikatan ikusi ditugu parke naturaletako patronatuetan interes kontrajarriak babestuz: batzuk natur kontserbazioaren alde, eta besteak, babestutako eremuak abeltzainen eta basozaleen interesen mesedetan kudeatzearen alde. EAJren «eredu jasangarrian» ez baita ingurunearekiko eragina kontuan hartzen, ez da dirutan neurtzen, eta, beraz, eragindako kalteak ez zaizkie ustiatzaileei ordainarazten.

Jaurlaritzaren egituraketa berrian, Tapiaren sailak hartu du ingurumenaren ardura. Aldundiekin batera lerratu da sail berria, eta natur kontserbazionistok badugu kezkatzekorik, Abaltzisketako alkate independenteak Facebooken irailaren 10ean idatzi zuena irakurtzen badugu: «Jaurlaritzako estruktura berrin, Ingurumena ezkerreko ta ekologistan eskutatik, Tapian aterkipea pasatzeala. Joe, ustekabean harrapatu nau ta ikearrizko ilusioa ta esperantza sortuizkit. Oain, atzeko atetik sartu zaizkiguen Parke Natural da babestutako eremutako lege protekzionista zahar hairi hautsek arrotzea falta da. Ta geo, ganaduzale, ehiztari, terrenojabe ta landa eremutako herri ordezkarikin adostuta berri batzuk ittea». Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkatearen eta Enirio-Aralar mankomunitateko ordezkariaren hitzak dira. EAJk Aralarren pista berriak egiteko ekimenak sortutako liskarrean mantentzen duen posizioa oso argi adierazten du, inork zalantzarik balu.

Kargua hartu berri du Tapia andereak, eta, normala denez, denbora gutxi izan du bere proposamenak plazaratzeko. Adi-adi gaude garapen jasangarritasunaren eta ingurumenaren esparruetan bere planteamenduak entzuteko. Irailaren 18an Euskal Telebistari eskainitako elkarrizketan, ekonomia berdeaz aritu zen, proiektu berritzaile eta enplegu sortzaileak izan behar dutela esanaz, lehiakortasunaz. Enpresa eta lanpostu berriak sortzeaz, transformazio energetiko eta digitalaz, ekodiseinuaz, hondakinen kudeaketaz; alegia, produktibitateaz. Ongizate sozialak gure aktibitate ekonomikoa behar duela defendatu zuen, ohi bezala, baina orain arteko eredu ekonomikoak ingurumenean eta bioaniztasunaren galeran izan duen eragina aipatu gabe.

Natur kontserbazioak sor dezake lanposturik. Naturaren ustiapenaren mesedetan diharduten hainbat enpresa eta ikerketa zentro jar daitezke naturaren kontserbazioaren eta bioaniztasunaren berreskurapenaren mesedetan. Herri honetan badago ezagutza eta bagaude eragileak horretan laguntzeko prest. Herritarrok ingurumen osasuntsua behar dugu, pandemiak saihesteko bioaniztasuna berreskuratu behar dugu, arnasa hartzeko natur ingurune osasuntsuak behar ditugu.

Hori ekonomia bihurtzea eta horretan transformatzaileak eta lehiakorrak izatea da sail berri horren benetako erronka, gure ustez, eta klima larrialdian lehentasuna behar lukeela uste dugu. Natur kontserbazionistak prest gaude bide horretan laguntzeko. Ondorengo belaunaldiek eskertuko digute.

No hay comentarios:

Publicar un comentario