2020/08/03

Mendien eta basoen abandonua


Azken urteotan gure paisaiaren koloreak kezkatuta gauzka basozaleak ez ezik, herritarrak. Basogintzak bizi duen krisia begi-bistakoa da eta jabeen zein industriaren kexak hedabidetara iristen dira tarteka. Natur talde eta talde ekologistoi egurraren industriaren mesedetan eraikitzen diren diskurtsoak eta adiera faltsuak argitzea edota ezeztatzea dagokigu, auzi honetan argibiderik aurkituko badugu.

Gipuzkoako Basozaleen Elkarteko ordezkaria entzun berri dugu Euskadi Irratian banda marroiaren izurria (eta pinuak aspalditik dituen bestelako gaitzak) Covik-19ak eragindako pandemiarekin alderatzen; ez baterako ez besterako ez geundela prestatua esateko. Banda marroia eta gorriaren erantzuleak diren onddoak, baina, aurreko mendearen erdi-aldetik dira ezagunak hemen eta jakin badakigu monolaborantzak oinarritutako ekoizpen eredu intentsiboak horrelako onddoak zabaltzeko baldintzak erraztu besterik ez dituztela egiten. Basogintza-eredu horrek, gainera, kaltea ez du zuhaitzetan bakarrik eragiten. Zuhaitz-espezie horiek matarrasa teknikaren bidez ari dira ateratzen eta teknika horrek lurzoruan eragiten duen kalteari buruz ez dute hitzik esaten. Azken urteotan lurzorua higatzen eta galtzen ari gara: tona eta tona lurrak ari gara itsasoratzen baso-mozketa bakoitzean. Lurraren emankortasuna galtzen ari gara eta hori ez da izurrien eraginez bakarrik gertatzen ari: egurraren industriak eta basozaleen elkarteek, administrazioaren laguntzarekin, mantendu nahi duten basogintza-eredua da horren erantzulea.

Konfinamendu garaian basogintza “aktibitate esentziala” izendatu delako ez da eten zuhaitz-mozketa udaberrian. Basozaleen elkarteko ordezkariak egurgintza, papera eta etxegintzarako egurra ekoizteko beharrezkoa delako  justifikatzen du erabaki hori. Baina, esan ez zuena da, Gipuzkoan ekoizten den papera egiteko erabiltzen den egurra itsasontziz ekartzen dutela eta eraikuntzarako eta bestelako erabileretarako baliatuko dena,  kanpora eramaten ari direla kamioietan; egurraren industria kolapsatu egin baita hemen. Ekonomia globalizatuan gure basoetako egurrak gure kontsumorako duen balioa hutsaren hurrengoa da.

Tematuta daude basozaleen elkarteak eta egurgintzaren industria bioekonomiarako egurrak duen balioa goraipatzen. Ekonomia zirkularrarekin eta KM0 estrategiarekin nahasten dituzte kontzeptu denak. Egurrean oinarritutako ekonomia bioekonomia bezala definitzea onargarria da, baina bioekonomia, bere horretan, ontzat ematea ez. Hor daude, esaterako, Amazonia eta Borneoko baso-mozketek edo alboan ditugun Portugal edo Galiziako eukalipto-landaketek eragindako kalteak. Hauek, noski, ez dugu uste bioekonomiaren izenean onartu beharreko ereduak direnik. Gainera, badago gure basoetan benetan kaltegarria izan daitekeen praktika: landaketarik ez dagoen eremuetako biomasa (hildako edo berez etorritako egurra) ustiatzea. Lurzorua emankorra izango bada materia organikoa behar du; lurra onduko bada bizidunak edota haien osagaiak usteldu behar dira bertan. Prozesu hauek zailtzen edota oztopatzen dituen ustiapen-eredua ezin da jasangarria dela onartu.

Azkenik, aipatzekoa da ere lurjabe askok birlandaketak egiteari uko egin diolako, basozaleen elkarteek eta egurgintzaren industriak zabaldu nahi duten beldurra: suteen arriskua emendatuko dela diote. Nortzuk,  eta eukaliptoak bezalako espezie pirofiloak landatzearen alde egiten ari diren berberak. Sutearen kontrako erremediorik onena baso helduak dira, oreka ekologikoan dauden basoak, guk ez dauzkagunak eta basogintza-eredu intentsiboak oztopatzen dituenak. Baso “abandonatu” hauek dira gure berezko basoak berreskuratzeko daukagun aukerarik onena. Denbora beharko da, baina hauek dira sustatu eta saritu beharreko basoak.

Basogintza krisian dago gure herrian. Eredua aldatu behar da, sektorea modernizatu: alegia, ingurumen-kalteen baitako ekoizpen-eredua arautu. Hein batean diru-publikoak eusten du jarduera hau. Bada garaia basogintzara bideratutako diru-laguntzak eta politikak onura publikoaren baitan (osasuna, ura, bioaniztasuna, baliabideak, klima aldaketari aurre egiteko aukerak… alegia, zerbitzu ekosistemikoak) diseinatzeko. Landaketetatik basoetarako bidea egin behar dugu eta horretarako denbora behar da. Natur ingurune osasuntsua nahi badugu, denbora ordaindu beharko dugu, basoak birsortu eta biodibertsitateaaniztasuna berreskuratzeko denbora. Epe luzera begirako politikak diseinatzea eskatzen du honek eta dagoeneko berandu gabiltza, bizi dugun pandemiak erakusten digun bezala. 

NATURKON, Gipuzkoako natur talde eta talde ekologistak

No hay comentarios:

Publicar un comentario