"EZ DUGU ASMORIK GIPUZKOAN NATURA 2000 SAREA GARATZEKO"

Arantza Ariztimuño (PNV)

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi Zuzendaria

Gipuzkoako natura kontserbatzeko ardura duen pertsona (Donostian, 2015eko azaroan)



2021/02/09

Euskadiko biodibertsitatea, gero eta okerrago!!


Naturaren kontserbazioa eta biodibertsitatea giza jarduerekin bateragarri egiteak inoiz baino ahalegin handiagoa eskatzen du. Dagoeneko garapen jasangarrirako aukerarik gabe gelditu gara, krisi ekologiko globalean murgilduta, klima aldaketaren mehatxu larriaren aurrean, eta horrela gizateriaren etorkizunari arduraz begiratzen dioten ekonomialariak deshazkundearen beharraz hitz egiten ari zaizkigu: epe ertain eta luzera ezin dugu etorkizunik irudikatu, trantsizio sozio-ekologikoaren bidetik ez bada.

Oso urruti dago agertoki hau, agintean dauden EAJ-PSE alderdi politikoek administrazioetatik sustatzen eta gauzatzen dituzten politiketatik. Etengabeko hazkuntzan oinarri, natur ingurunearen ustiaketa mugagabea defendatzen eta gauzatzen jarraitzen dute han eta hemen, nola barnealdean hala kostaldean. Gero eta eskala handiagoko txikizioa eragiten duten proiektuak defendatzeaz gain, (AHT, Donostiako metroa, Gipuzkoako erraustegia, eguzki eta haize energia eskuratzeko makrozentralak, autopista elektrikoak…), biodibertsitateari eragiten zaizkion eraso larrien aurrean entzungor egiten dute, babestuta dauden espezieen ehiza eta arrantza baimenduz, edota hauen komertzializazioa kontrolatzeari uko eginez (angulak, usapala…).

Gure ustetan, bide honetan marra gorriak gainditu dituzte alderdi hauek. Batetik, zientzialarien gomendioak arbuiatuz ari dira kudeatzen ingurune naturalak, giza jarduerak ingurune naturalean dituen eraginei muzin eginez. Gipuzkoa eta Bizkaian pinuen gaitzekin eta eukalipto-landaketekin sortutako liskarrak dira honen guztiaren adibide. Bestetik, euren interesen defentsan herritarrek administrazioaren aurrean eragiteko ahalmena gutxitzeko EAEko oinarri instituzionalak ahultzeko prest daudela erakutsi dute, Gipuzkoako errauskailuaren kasuan SOS Gurasoak auzi-bidetatik baztertzeko egin duten ahalegina kasu. Bukatzeko, baliabide publikoak interes pribatuen esku jartzeko baliatzen duten euren gobernantza eredu ez demokratikoari eusteko, herritarren arteko liskarrak sortuz instituzioak kaltetzen ari dira, Enirio-Aralar mankomunitateari egiten ari zaizkien erasoak kasu. Eta zer esan Zaldibarko ingurumen-hondamendiaren aurrean erakutsi duten lotsagabekeriari buruz! Ezin da onartu.

Ikusi berri dugu Euskadi Natura 2000 ikus-entzunezko zoragarria. Irudiak ederrak dira, baina mezua propaganda hutsa da. Eusko Jaurlaritzak ez dauka politika, plangintza eta bide lerro argirik EAEn dauzkagun ingurune naturalak babesteko eta bioaniztasuna berreskuratzeko. Aldundiek ez dute Natura 2000 sarea kudeatzeko intentziorik. Propagandarako eta autoengainurako balio lezake horrelako irudietan dirua xahutzeak, agian inor naturara hurbiltzeko ere bai. Baina, gure herria txikiegia da irudi horien atzean dagoen errealitatea ezkutatzeko. Ia guztiz eraldatutako paisaia da gurea, kalitate ekologiko eta osasun-kalitate gero eta eskasagoko ingurunea, basa-bizitzari irauteko baldintzak ozta-ozta eskaintzen dizkiona, eta gure osasuna eta ongizatea kaltetzen dituena. Propagandarekin ezkutatzeko errealitate gordinegia.

No hay comentarios:

Publicar un comentario