"EZ DUGU ASMORIK GIPUZKOAN NATURA 2000 SAREA GARATZEKO"

Arantza Ariztimuño (PNV)

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi Zuzendaria

Gipuzkoako natura kontserbatzeko ardura duen pertsona (Donostian, 2015eko azaroan)



2019/11/15

Lizarrustin (Aralar), abentura parkea legez kanpo


Kontserbazionistok eta ekologistok natura eta biodibertsitatea babesteaz gain, bertan gozatzea asko estimatzen dugu eta ekintza ezberdinen bitartez hori bultzatzen dugu: oinez ingurua ezagutu, argazkiak egin, fruituak edo perretxikoak bildu, animaliak, landareak, zerua, geologia… ezagutu eta behatu, bereizi, paisaiari so egin… Baina beti ere, ingurunearen arauak errespetatuz. Azkenaldian gure inguruan gero eta abentura parke gehiago bultzatzen ari dira, tirolinen bitartez, zuhaitzen artean zintzilik ibiltzeko: Igeldo, Leitzaran, Lizarrustin… Baina hasieran genioen moduan, inguruko arauak errespetatuz egin behar da, are gehiago, erakundeek bultzatzen baitituzte proiektu horiek.



Baina, alajaina, Aralarko Lizarrustin dagoeneko eginda dago horrelako abentura parkea, ingurumen ebaluazioaren ebazpenik gabe gainera. Oso larria iruditzen zaigu, parke hori Gipuzkoako Parketxe Sareak sustatu duelako, eta Foru Aldundiak bultzatutako fundazio horrek kudeatzen dituelako parke naturalen interpretazio-zentroak eta parketxeak. Halaber, Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Garapena eta Turismo departamendua da parke naturalen arduraduna eta Lizarrustiko abentura parkea bere oniritziarekin egin da nonbait. Irailean, hainbat natur eta ekologista elkartek ekarpenak bidali genizkion Aldundiari, proiektu horren ingurumen-ebaluazioaren txostena ez onartzeko eskatuz, arrazoi hauengatik:
  • Dagoeneko parkea eraikita dago, ingurumen legeak bete gabe eta gainera EITBko abentur@roa programan zabaldu dute: https://www.eitb.tv/eu/bideoa/abenturroa-2019-10-03/3175/159396/abenturroa-2019-10-03/, ingurumen-legeak bete ez dituen parkea. Tamalgarria da telebista publiko batek horrelako delituak zabaltzea.
  • Aralarko Parke Naturalaren arauen arabera, ezin da horrelakorik egin.
  • Parke Natural batean abentura-parkea egitea haren babesaren eta kontserbazioaren aurka doa, bertako habitat eta espezie babestuengan ez duelako inolako onurarik sortuko. Kontrakoa pasako da, hain zuzen: jendearen joan-etorriak ugaritzeak bertako lasaitasunean eragina izango du, eta orain arte gizakirik ibili ez den harkaiztietan jendea gora eta behera ibiltzean ingurunea desitxuratuko da, bertako izaki bizidunengan zuzeneko eragina izan lezakeelarik.
  • Eremu babestu batean izan lezakeen ingurumen-eragina ez da zehaztu.
  • Proiektatzen den tirolinak ez du lotura zuzenik Aralar Kontserbazio Eremu Bereziaren Eremuaren (KEB) kudeaketarekin, eta ez da beharrezkoa horren kudeaketarako.
  • Horrezaz gain, irailean jasotako dokumentazioa espainiera hutsez zegoela jakinarazi behar dugu, Parketxe Sareak hala aurkeztu zuelako eta nahiz eta aurretik euskaratzeko eskatu genuen ez zen egin, euskararen legedia eta gure hizkuntza eskubideak urratuz.
Ia bi hilabete pasa dira harrezkero eta oraindik ez dugu erantzunik jaso, nahiz eta kalteak eginda dauden. Honen bitartez Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari eskatzen diogu neurriak har ditzala Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurka, ingurumen legedia bete gabe Aralar Natura Parkean abentura-parkea eraikitzen uzteagatik, eta Aldundiaren Ingurumen Departamenduari, berriz, ez dezala proiektu horren ingurumen-ebaluazioa onartu.


Donostia, 2019ko azaroaren 14an

NATURKON - Gipuzkoa

No hay comentarios:

Publicar un comentario