Horixe ari zaigu bada esaten Gipuzkoako Aldundia: Gipuzkoan naturalizazio-prozesuan dauden eremuak abandonatutako eremuak direla. Gurean basoa baita berezko ekosistema, eta, gizakiaren esku-hartzerik gabe, baso bihurtzeko joera du gure lurraldeak. Naturalizatzea, berezkoa duen izaera hartzea, abandonatzea da gure Aldundiaren esanetan, egurraren ekoizpenerako ez den basoak ez duelako, antza, inolako baliorik.
Aldundiak ez du basorik nahi, egurrera bideratutako zuhaitz-landaketak nahi ditu. Ezin daiteke ikuspegi produktibistagorik izan, ezin daiteke norbere lurraldearekiko ikuspegi suntsitzaileagorik erakutsi. Gure aberria, gure hizkuntza eta gure kultura aldarrikatzen dituztenek, ez dituzte gure basoak nahi, ez dute gurean berezkoa den bioaniztasuna maite. “Zenbaitek basoa zeharkatzen duenean sua egiteko egurra baino ez du ikusten”, idatzi zuen Lev Tolstoi idazleak. Ez zuen arrazoirik falta.
Zuhaitz-landaketak ez dira basoak. Inguru naturalaren ustiapena helburu duen jarduera guztiek bezala, egurgintzak ere eragin kaltegarriak ditu, eta, gurean bezala modu industrialean gauzatzen denean, monolaborantzaren bidez eta makinaria astunekin, lurzoruaren emankortasuna bera kaltetzen da eta bizitzarako sistema oro arriskuan jartzen.
Inoiz baino gehiago, behar ditugu baso naturalak, berezkoak. Klima aldaketa atarian daukagu, pandemia honek erakutsi bezala, aurreikusi ezin ditugun hondamendi biologiko eta ekologikoak bizitzera kondenatuta gaude, bioaniztasunaren eta ondare naturalaren planeta mailako galera saihesten ez badugu. Beraz, ongi etorriak bitez abandonatutako baso horiek.
Jabe pribatuen eskuetan daude naturalizatzen ari diren eremu horiek, Aldundiak dioenez, abandonatuta daudenak. Gizarteari jabe horiei eskerrak ematea dagokigu, etekin ekonomikoa lortzeari uko egin diotelako. Administrazioak gizarte osoarentzat onuragarria den gertaera hori saritu beharko luke: jabegoari lotutako zergak kenduta, eremu horiek eskaintzen dizkiguten ekosistema-zerbitzuengatik ordainduta.
Jabego publikoa duten eremuei dagokienez, azkar baino lehen abandonatu beharko lituzkete Udalek eta Aldundiek naturalizazio-prozesuan ez dauden lur horiek. Egurra ez da gaur aberastasuna gizartearentzat. Baso naturalak, suteei, lehorteei… oro har hondamendi naturalei aurre egiteko aukera eskainiko diguten balio ekologiko handiko eremuak behar ditugu eta Aldundiak ‘abandonu’ deitzen dion hori da horretarako bidea.
Administrazioari eskatzen diogu, bada, bila ditzala abandonua saritzeko moduak, bideratu dezala herritarron dirua, egurraren etekinei uko egin dietenei basoak berreskuratzean guztiontzat mesedegarri izango diren ekosistema-zerbitzuak (aire eta garbiak, kalitatezko paisaia, elikagaiak, bioaniztasuna …) saritzera.
Baina, egur ekoizpena bada haien hautua, jakin badakigu monolaborantzan oinarritutako egurgintza-eredu intentsiboa ez dela bateragarria bioaniztasunaren eta natur ondarearen kontserbazioarekin. Ustiapen-eredu honetan oinarritutako ekonomia zirkularra edo bioekonomia ez dira klima aldaketari edo krisi ekologiko globalari aurre egiteko aukerak. Horregatik, administrazioari eskatzen diogu diru-laguntzak ingurumen-kalteak kontuan izango dituen egurgintza-eredu jasangarria sustatzeko baliatu ditzala.
No hay comentarios:
Publicar un comentario