Gipuzkoako Aldundiak atera berri ditu “basoak zaindu, hobetu eta ugaritzeko diru laguntzak”. Urtero onartzen duten Foru Aginduak erakusten du euren baso-politika: alegia, zer nola ulertzen duten basogintzaren kudeaketa. Diru-laguntza publiko horiek dira politika hori gauzatzeko bide edo tresna; basogintza, hein handi batean, guztion diruarekin kudeatzen baita.
Berriki, Mendiak eta Natura Inguruneko Zuzendaria den Arantxa Ariztimuñok agerraldi batean esana da, eukaliptoari mugak jarriko dizkiotela. Pozarren hartu ditugu hitz horiek, behingoan, eurek sustatuko monolaborantzan oinarritutako baso-kudeaketa intentsiboaren ondorioak ulertu dituztelakoan. Bere hitzetan, “Gipuzkoaren erliebea menditsua denez eta euria sarri egiten duenez, lurraldea "higaduraren aurrean bereziki zaurgarria" da, eta basoak "ahultasun horren aurrean babes nagusia" dira.
Eukalipto-landaketek ingurumen-arrisku handia eragiten dutela frogatu da, baina, eukaliptoa Aldundiak lehenesten duen monolaborantza-ereduan landatzen den espezietako bat besterik ez da; oraingoz, Gipuzkoan estaldura txikiena duena. Askoz ere landaketa-sail handiagoak hartzen dituzte koniferoek, pinuek. Hauen kudeaketa intentsiboak ere higadura handia eragiten du lurzoruan eta horri aurre egiteko inolako intentziorik ez du erakutsi, beste behin, Aldundiak. Eukalipto-landaketak ez dituzte diruz lagunduko eta eukalipto-sailen mozketak denboran atzeratuko omen dituzte. Baina, monolaborantza sustatzen jarraituko dute, basoen kaltetan.
Izan ere, Foru Agindu honen izenean bertan dago okerra. Testuan, diru-laguntzak baso eta baso azalerentzat direla zehazten da; gaztelaniaz: para los bosques y superficies forestales. Aldundiarentzat zuhaitz-azalera guztiak dira baso-azalerak, nahiz eta Gipuzkoan zuhaitz-azalera gehienak egurra ekoizteko zuhaitz-landaketak diren, hauen aldeko apustu argia egin dutelako. Administrazioak gizartean nahasmena eragiten jarraitzen du, guztion diruarekin gutxi batzuen interesen aldeko politika bideratzeko. Landaketa intentsiboak nahi dituzte, ez basoak.
Ez da inor harrituko bada, Ariztimuñok esandakoak ezin direla aintzat hartu diogunean: "basoek gizarteari eskaintzen dizkion aktiboak babesten laguntzeko" asmoa dutela, “paisaia, ingurumena, bioaniztasuna, baliabide berriztagarriak edo naturaz gozatzea, lurraldearen baso kulturatik abiatuta". Oraindik zalantzan dagoenak, begiratu besterik ez ditu argitaratu berri dituzten diru-laguntzen zehaztasunak: iazkoekin alderatuta, baso-ekosistemak egokitzeko gaitasunera edota natur hondamendiek eta zorigaitzek eragindako kalteak konpontzera bideratutako laguntzak desagertu egin dira, eta berariaz, natur kontserbazioari dagozkionak erdira murriztu. Basoen berreskurapena ez dago euren helburuetan.
Iaztik hona, herriz herri ari dira bozkatzen eukaliptoaren kontrako udal mozioak. Aldundiak gure mendien natur kontserbazioarekiko zein bioaniztasunaren zaintza eta berreskurapenarekiko erakutsi duen abandonua ikusita, Udaletara eta baserritar zein gainerako lur-jabeengana zuzentzea beste biderik ez dugu ikusten. Honetan ere, Aldundiak oztopoak jarri ditu: izan ere, udalei baso-lurrak erosteko diru-laguntzak kendu zaizkie. Dirudienez, Aldundiak ez du beste administraziorik nahi beretzat nahi duen esparruan, nahiz eta Udalek landa-eremua kudeatzeko eskumenak aitortuak dituzten, legez. Gizartean sortzen ari den eztabaidarekin baino, ez dugu aldatuko Aldundiaren baso-politika suntsitzailea.
Ariztimuñok agerraldian aipatutakoa zuzena da: "Baso politika eraginkor batek epe laburrera baino, etorkizuneko erabakiak hartzea behar du”, baina ostean esandakoa sinestea nahi badu, “lurraldeko basoen aktiboak kontserbatzea da xedea, baso kudeaketa jasangarrian sakonduz", errotik aldatu beharko du bere sailetik bideratzen duen baso-politika.
No hay comentarios:
Publicar un comentario