Urte zaharreko kanpaiak jotzear zirela,
korrika eta presaka, deitu zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak lau Parke
Naturaletako osoko bilkura telematikoak. Aurreko urtean azalpenik eman
gabe kale egin ostean, jakinminez eta beti bezain prestu bertaratu ginen
naturazaleen ordezkari garenok, udalerrietako, lehen sektoreko hainbat
arlotako eta unibertsitateko ordezkariekin batera, Aldundiko arduradunen
gidaritzapean. Bizi izan genuena sinetsi ezinik atera ginen
bilkuretatik.
Gure Natura Kontserbatzeko Legeak dioenez, Patronatuak Parke Naturalen
parte-hartze organoak dira eta, beren zereginen artean, Parkeen urteko
aurrekontuak eta kudeaketa programak onartzea daude. Aldundiak azaldu
beharko liguke ea nola demontre bete ahalko ditugun eskumen horiek,
urtea bukatzera doanean deitzen bagaitu edo deitzea ahazten bazaio.
Beste hamaika zeregin ere aitortzen dizkie Patronatuei aipaturiko
Legeak, denak natura babesteko ekimenak sustatu edo kontrolatzeko, guzti
guztiak alferrikakoak, arduradunek legea betetzeko inongo intentziorik
erakusten ez duten bitartean.
Are lotsagarriagoa da 'Herritarrek Parte Hartzeko Zuzendaritza Nagusian”
urtero ia 3 milioi gastatzen dizkigun administrazio batean horrela
ibili beharra, eta “Gobernantza irekia eta kolaboratiboa gobernuen eta
gizarte zibilaren arteko harreman eta lankidetza forma berrietan
oinarritzen dela” enpatxurik gabe predikatzen digun gure Aldundi
honetan, Patronatuak Naturaren administrazioan parte-hartze organo
ofizial bakarrak izanda!
Eta bileren edukiari buruz, zer esan; Parkeko ustezko zuzendariek
irakurri zizkiguten azken bi urteetako txostenetan garbi utzi ziguten
Parke Naturalak ez dituztela natura babesteko kudeatzen, alderantziz,
ekimen publikoek espazio hauetako erabiltzaileek ahalik eta etekin
gehien ateratzea beste helbururik ez dutela. Badakigu dena ez dela
dirutan neurtu behar, baina, gabe ere, ezin dela miraririk egin. Ba
Patronatuek onartu ezin izan zituzten aurrekontuen bi heren
abeltzaintzarako azpiegituretan edota erabilera publikoaren kudeaketan
joan zela jakinarazi ziguten, eta ia beste herena pertsonal gastuan.
Kasurik onenean, ikerketarako % 3a baino ez zen bideratu. Natur Parkeen
lehen helburua “Parkearen eremuan dauden ekosistemak babestu, artatu eta
lehengo egoerara itzularaztea” bada ere, Aldundiak uko egin dio helburu
honi, biodibertsitatearen berreskurapena ez da Aldundiaren lehentasuna.
Eta egoera honetaz larrituta egin genizkien galderei, erantzun ere ez!
Ez florarik, ez faunarik, ez habitatik, ez ekosistemarik, ez paisaiarik,
ez klima larrialdirik ez natura-ondarerik aipatu gure agintariei.
Alperrik ari dira Europar Batasunean Itun Berdeak sinatzen. Aldundiko
Landa Garapeneko zuzendaritzakoei ez zaie buruan sartzen naturaren
babesean eta berreskurapenean inbertitzea beharrezkoa dela ekonomiaren
susperraldirako; ezta COVID-19 krisiak erakutsi bezala, ingurune
osasuntsua izatea inoiz baino beharrezkoa bihurtu zaigunean. Ez dute
ulertu nahi biodibertsitatea berreskuratu ezean, natur ondarea ez ezik,
horrelako krisiei aurre egiteko aukerak galduko ditugula.
Europako itunetan jaso bezala, ea nork esaten dien natura garrantzitsua
dela ongizate fisiko eta mentalerako, bai eta gure gizarteak aldaketa
globalari, osasunerako mehatxuei eta hondamendiei aurre egiteko
gaitasuna duela. Edo natura gure bizitzan presente egotea behar dugula.
Gure Kontinentean natura babesteko gero eta saio eder eta sakonagoak
egiten ari diren honetan, agian gu gabiltza oker europarrak garela
pentsatzean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario