Koronabirusaren krisi larriaren
aurrean, neurri zorrotzak hartu dituzte hainbat administraziok, esparru ugaritan.
Eta azoketara ere iritsi dira, udal dezentek aurreko astean beren herrietako
azokak bertan behera utzi baitituzte. Beste udal batzuek, ordea, segurtasun-neurri
zorrotzak ezarrita, azokak bestela egiteko aukera eman dute: Arrasate,
Azpeitia, Oñati, Ordizia… Krisi hau lezio ugari ematen ari zaigu: osasun- eta
zaintza-sistema publiko indartsuen beharra dugula ez ezik, globalizazioak
ekarritako merkataritzak eta ekoizpena kilometroetara eramateak ondorio
lazgarriak dituela ere bai, larrialdi egoera honen kasuan bezala. Eta orain ere
bizitzeko elikagaiak behar ditugunez, ondoko baserritarrek eskaintzen
dituztenak herritarren eskuetara iristea aldarrikatzen dugu, haien beharra
izango baitugu orain eta etorkizunean, eta aste batzuetako geldialdia,
baserritar askori ekoizpena galtzea ekarriko baitio.
Horregatik, lerro hauetatik
Gipuzkoako Foru Aldundiari, Osasun Sailari eta udalei eskatzen diegu, behar
diren neurriak hartuta, aukera eman diezagutela herritarroi azoken bidez,
zuzenean gure baserritarrei bertako fruitu, barazki eta bestelako jakiak
erosteko; orain da garaia, kanpaina ugaritan esandakoari eusteko: bertatik
bertarako, garaiko eta bertako elikagai ekologikoen alde! Trantsizio
ekologikoaren bidean eta Klima Aldaketaren larrialdia murrizteko, ekoizte- eta
merkaturatze-zirkuitu laburrak behar ditugu, horien artean azokak, ahalik eta
seguruenak, osasunari dagokionez zein ingurumenari dagokionez.
NATURKON - Gipuzkoako natur eta
ekologista taldeen koordinakundea
No hay comentarios:
Publicar un comentario