Gipuzkoako Talde Naturazaleek beren kezka eta iritziak agertzeko sortutako gunea
2018/05/04
GIPUZKOAKO ALDUNDIAK BEHINGOZ LEGEA BETEARAZI DU ARALARKO PISTEN AUZIAN
Arkarmurka, Eguzki, Itsas Enara, Landarlan eta Mutriku Natur Taldea natur eta ekologista elkarteok, positiboki baloratzen dugu Aldundiko Ingurumen Departamenduko Zuzendariak ez duela onartu, Enirio-Doniturrieta pista proiektuaren ebaluazio inpaktua, tramitatu den eran, gure elkartek pasa den udaran aldundira bidalitako ekarpenekin bat eginez. Horrez gain, zuzendariak adierazi du ingurumen inpaktu ebaluazio sakonagoa behar duela proiektuak, banakakoa sinplifikatuaren ordez, edo bide azpiegituren plan bat, eta dagokion Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura aplikatzea. Behingoz Ingurumen Departamenduak Aralar Natur Parkearen legedia aplikatzea eskatzen du, orain arte, Aldundiak egin ez duena.
Horrez gain, eskatzen dugu Aldundiko Mendi Zuzendaritzak Aralarko kudeaketaren norabidea abeltzaintza eta naturaren kontserbazioaren arteko oreka bermatzera zuzentzea, inplikatutako sektore guztiak kontuan izanez eta ez bakarrik abeltzainena, azken legealdian orain arte egiten ari den bezala.
Amaitzeko, Euskal Mendizale Federazioa ere zoriontzen dugu, bere azken batzarrean, Aralarren alde eta pista proiektuen aurkako adierazpena onartzeagatik, besteak beste, honako puntu hauek onartu dituena: inplikatutako sektore guztien artean parte-hartze prozesu irekiaren beharra, azpiegiturok jasateko gaitasuna aurreikusteko azterketa zientifiko sakon eta zehatza egitea, eta jarduera ekonomikoen azterketa sozioekonomikoa. Horregatik guztiagatik, aipatutako azterketak egin eta parte hartze prozesua bukatu bitarte obrak eta etorkizuneko proiektuak gelditzea eskatu du. Eta gure elkarteak ere puntu guzti horiekin ados daude.
Apirilaren 30eko buletina:
https://ssl4.gipuzkoa.net/castell/bog/2018/04/30/c1802970.pdf
2018ko maiatzaren 3an
ARKARMURKA, EGUZKI, ITSAS ENARA, LANDARLAN ETA MUTRIKU NATUR TALDEA
No hay comentarios:
Publicar un comentario