2014/04/06

GIPUZKOAKO MUGIMENDU EKOLOGISTAK ALDUNDIAREN AURRERAPAUSUA ONGI BALORATZEN DU, ETA IZEN-ALDAKETATIK HARATAGO, NATUR KONTSERBAZIORAKO POLITIKETAN DITUEN ESKUMENAK GARATZEN HASTEA ESKATZEN DIO



Prentsaurreko honen helburua Gipuzkoako 16 natur talde eta erakunde ekologistok Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzarekin, eta zehatzago esanda, natur kontserbazioari eta bioaniztasunari lotutako gaiekin, legegintzaldi honetan izan dugun harremanaren balorazioa egitea da. Bide batez, Berrikuntza, Landa-Garapena eta Turismo Sailean berriki egon den kargu aldaketa baloratzea ere.
Bilduk Foru Aldundiko agintaritza aldaketaren izenean hartu zuela ikusita, Gipuzkoako mugimendu ekologistak elkarlanean aritzeko apustua egin zuen. Hamasei natur talde elkartu eta lanean hasi ginen Foru Aldundiaren arlo honetako Zuzendaritzaren kudeaketa beste norabide batean jartzeko.
Hasieratik izan da bidea aldapatsua. Batetik, Sailen banaketa egiterakoan ingurumena bioaniztasuna eta natur kontserbaziotik bereizi zen, azken hau jarduera ekonomiko gisa planteatuz; bestetik, karguen izendapenak ikustearekin batera adierazi genuen zailtasunak aurreikusten genituela aldaketarako. Hain zuzen, egurgintzako interes pribatu jakinek bioaniztasunaren zaintzarekiko lehentasuna izaten jarrai zezaketelakoan. Hala ere, aurrera egin genuen, eta azken urte hauetan Gipuzkoako Foru Aldundian inoiz diseinatu eta garatu ez den natur kontserbazioaren aldeko plangintza egiteko oinarriak ezartzen saiatu gara.
Proposamen  ideologiko  eta  tekniko  serioak,  gaitasuna  eta elkarrizketarako borondatea badituela erakutsi dugu. Ondare naturalaren kontserbazioa, defentsa eta berreskurapena ahalbidetuko duen kudeaketa-eredua ezartzeko bost txosten aurkeztu ditugu, eta dozena inguru bilera egin ditugu gure ikuspegiaren beharra eta zilegitasuna erakusteko. Bi dira ozen egin ditugun aldarrikapenak: (1) naturaren kontserbazioa eta ustiapena argi bereiztea aurrekontuetan, naturaren  kontserbazioa  helburu estrategiko nagusia bilakatuz, eta (2) natur ondarearen ustiapenaren plangintzan eragile sozialen (naturazaleak eta naturaren babeserako ekintzaileak) eta Udalen  hitza aintzat hartzea.

EGUR-LOBBYen ERAGINA
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzak, nagusiki, bi lobbyen interesei erantzuten die, gure iritziz: (1) egurraren negozioan interesak dituzten baso-jabeen elkarteari (GEBE), eta (2) ehiza-federazioari. Baso zaleek eta ehiztariek beti izan dituzte ateak irekita Gipuzkoako Foru Aldundian, eta eurak baldintzatu dituzte sail honen norabidea, aurrekontua eta politika publikoak. Arlo horretan interes zuzena duten taldeak izanda, ulertzekoa da euren ikuspuntua kontuan hartzea. Baina, ezin da ahaztu guztiona den ondare naturala dela, biek ala biek, ustiatzen dutena, eta sail horrek kudeatu beharko lukeena: ibaiak,  ura,  lurzorua,  kalitatezko  paisaiak, basa  fauna  eta  flora,  basoak,  larreak,  beste  habitat  naturalak,  prozesu ekologikoak … eta  horretarako aurrekontu  publikoak. Hori da Aldundiko arduradunei adierazten dieguna: guztiona den eta lehentasunez babestu beharko litzatekeen ondare naturala eta baliabide ekonomiko publikoak, gutxi batzuen interes pribatuen menpe jarri dituela. Lobby horien kudeaketa-eredua ez baita jasangarria, ez behintzat naturazaleon ikuspegitik.

BASO-KONTSEILU BERRIAN NATUR TALDEAK KANPORATUTA
Baso zaleekin zuzena zen lehendik ere harremana, eta orain Baso Kontseilua sortu da baso zaleen elkartearen (GEBE), nekazal sindikatuen (EHNE, ENBA, zeinak lurjabe diren heinean, ezin dugun ahaztu ustiatzaileak direla) eta egurraren eraldaketa enpresen ordezkariekin. Natur taldeak ere partaide gara, baina azken bileran kanporatuak izan ginen. Aipatzekoa da sailean bertan lanean ari diren teknikariek, eta Mendi Ingeniaritza Eskolaren izenean kontseilu honetara aurkeztu diren agiriek arlo honetan egiten den kudeaketa nola justifikatzen duten. Baso-politika intentsiboaren ardatza den pinuaren gainbehera, eta horri lotutako negozioa, ezbaian egonda ere, status quo hau, gure ustez lotsagarria dena, defendatu eta diru publikoa orain arte bezala banatzearen alde egiten ari diren lana harrigarria da, zinez, gure iritzian. Baina ulergarria, euren negozio pribatuak bide honetatik baino ez direla errentagarriak ulertzen bada. 
Basogintza-sektoreko elkarteek lantzen duten baso ustiapenaren eredua ez da jasangarria. Mendian irekitako ehunka kilometro pista, matarrasek eragiten duten higadura, espezie arrotzen monokultiboen landaketak mendiak basamortu ekologiko bihurtzeak … ez du zerikusirik naturaren kontserbazioarekin edo bioaniztasuna hobetzearekin. Eta ingurumena kaltetzen duten interes pribatu horiek guztiak, diru publikoz lagunduta daude, naturaren kontserbaziorako diru-laguntzen bitartez. Horrela uler daiteke sektoreko interesatuek egungo egoera aldatzeko adierazten duten beldurra, ustiapen hauek errentagarriak izateko diru-laguntza publikoen premia baitute.

EHIZTARIAK KONTSERBAZIOAREN KONTURA
Ehiztariak, lotura zuzena izan dute beti sail honetako arduradunekin. Ehiza-federazioari eta baso-jabeen elkarteari milioika euro eman zaizkie, horrela, diru publikoa jarduera pribatuetarako desbideratzen delarik diru-laguntza nominatiboen bidez. Aitzakietako bat, nekazaritzan kalteak eragiten dituzten piztiak kontrolatzea ei da, baina hala balitz, diru-laguntza horiek nekazaritza sailetik bideratzea litzateke zentzuzkoena, gure ustez. Ehizaren inguruko kudeaketa naturazaleon bizkar (kontserbaziorako aurrekontuetatik) egin da.

PARTEHARTZE PUBLIKOA BERMATZEA: BIOANIZTASUNAREN MAHAIA OSATZEAREN ESKAERA
Mendietako Zuzendaritzako parte-hartze publikoaren eredua (egurra, ehiza) lobbyen mesedetara eraikita eta egokituta dago: interes korporatibistak dituzten gutxi batzuek erabakitzen dute  gipuzkoarren dirua nola kudeatu. Esan bezala, lobby horiena ez ezik naturazaleon ahotsa ere arlo honen kudeaketan aintzat hartzea izan da azken legealdi honetan egin dugun aldarrikapena. Horretarako, Bioaniztasunaren Mahaia sortzea eskatu dugu: guztion interesak ikusaraziko lituzkeen parte-hartze publikorako organo zabala egituratzea. Natur ondarea kontserbatzeko, ezinbestekoa da ustiapena eta kontserbazioa kontrajarriko dituzten begiradak eta diskurtsoak bateratzea. Bestela, natur ondarearen etengabeko galera pairatzen jarraituko dugu.
 Mahai horrek, ordea, ez luke zentzurik bertan urteko (eta urteetako) plangintzak aztertuko eta eztabaidatuko ez balira. Hau ere ametsa da gaur gaurkoz. Iaz sail horretako arduradunek plangintza baten egitasmoa aurkeztu baziguten ere, ia urtebete beranduago ez da ezertan gauzatu, eta larriagoa dena gure ustean, ez du aurrekontuetan eragin.

AGINTALDI HONEK KALE EGIN DU
Agintaldi honetan ez genuen miraririk espero, baina posible zen, eta uste dugu zilegi dela aldaketarako oinarriak ezartzea. Gure aldetik ahalegina egin dugu. Prozesu luze honetatik gauzatu dugun lorpenik handiena Gipuzkoako natur kontserbazioaren eta ekologismoaren ahotsa bateratzea izan da. Ezagutzen ditugun talde guztiak batu gara, eta guztion artean partekatzen dugun diskurtsoa harilkatu eta proposamen zehatzen bidez bideratu dugu Gipuzkoako Foru Aldundira. Ez du balio gizarte eragileen aldeko diskurtsoak egiteak, aurrean daudenean aintzat hartzen ez badira. Horrela sentitu gara, eta horrela adierazten dugu.
Urte hauetan naturaren kontserbazioak ez du ia lekurik izan Gipuzkoako Foru Aldundian, eta ondare naturalaren defentsan, zaintzan eta kontserbazioan aritu beharko luketenak naturaren ustiapena kudeatzen ari dira. Hutsa, lehen sektorearen onerako eta gizartearen onurarako balitz, baina horretarako ere ez, lehen sektoreak bizi duen gainbehera ikusita. Baina, eredu honek badu alternatibarik. Natur eremuen zaintzatik bestelako inbertsioak eta lanpostuak eragin daitezke. Ingurumen enpresetan, I+G+i-ak, turismo jasangarrian aukera berriak, natur behatokiak, azterketak, argazkilaritza-molde berriak (birdwatching taxuzko ekimenak), edota  gizartean eta hezkuntzan barneratuak dauden natur eremuekiko tailerrak (zeinak nekazaritza-eredu berriekin uztartu daitezkeen) ...
Naturaren  eta  basa  bizitzaren  kontserbazioaren arloan argi dugu legealdi honek  ez  duela  aldaketarako aukera handirik eman orain arte. Dena dela, txalotzekoa da Mendietako eta Natur Inguruneko Zuzendariaren ordezkapena. Aldaketa horren hasiera bada, ongi etorria izan bedi. Baina, argi gera dadila, mendietako zuzendari berriarena bide baten lehen pauso gisa bakarrik uler dezakegula, eta jarraian helburuetan, planifikazioan eta organigraman aldaketak etorri beharko dutela, baita egun onartutako aurrekontu urrien tamainan eta norabide-aldaketa ere.
Zehazki, eta aurrekonturik ezean eragina sinbolikoa baino izango ez bada ere, legegintzaldi hau bukatu aurretik egin daiteke: Foru Aldundiko jabegokoak diren baso-eremuetan bioaniztasuna lehenetsiko duten plangintzak egin (monokultiboak kudeatzean natur balioen kontserbazioa lehenetsiz balizko errendimendu ekonomikoaren gainetik eta eremu horiek bertako espezieekin birlandatuz), babestutako eremuetako plangintzak Kontserbazio Bereziko Lekuen plangintzetara doitu eta eremu horietarako aurrekontuak zehaztu, eta bukatzeko, Bioaniztasunaren mahaia sortu.

BIDELAGUNAK IZATEKO PREST
Ez dugu egindako bidea ezkortasunetik bizi nahi. Prozesu honek Gipuzkoako natur eragileak biltzeko balio izan du, eta elkartuta jarraitzeko asmoa erakutsi dugu. Gure lana da denon ondarea den natur kontserbazioko politika publikoen defentsa egitea, noski, ingurumenarekin benetan bateragarria den jarduera ekonomikoa ere sustatuz.
Hala  bada,  Gipuzkoako Foru Aldundian ondare  naturala, mendiak eta basa bizitza zaindu, kontserbatu edota  berreskuratzeko bidean lana egingo duen arduradunik izendatzen bada, jakin beza bidelagun izango gaituela edo, bestela, aurrez aurre.

Donostia, 2014ko apirilaren 5ean.

Orain arteko prozesuan parte hartu dugun, eta prentsaurreko hau sinatu dugun Gipuzkoako natur taldea eta talde ekologistak:

Eguzki
Erkaxo Azpeitiko Natur Taldea
Haritzalde,Naturzaleen elkartea
Herrio, Orioko Natur Taldea
Itsas Enara Ornitologia Elkartea Katamarrua, Zestoako Natur Taldea
Landarlan Natur Elkartea
Mutriku Natur taldea
Okil Beltzak Elgoibarko Natur Taldea Osina Natur Taldea
Ugatza Ornitologia Elkartea
Zumaiako Natur Taldea
Arkamurka Natur Elkartea
Ondarroa 12 milia
Berdeak
Ekologistak Martxan


Taldeen logoak

INFORMAZIO OSAGARRIA
Orain arte aurkeztutako txostenak eskuragarri dituzue gure blogean. Gurekin harremanetan jarri nahi baduzue, erabili helbide elektroniko hau: aisaregi@hotmail.com, edo telefono hau: 655 722 399 (Aitor Leiza).
Hau da blogaren helbidea:  naturkon.blogspot.com.es

No hay comentarios:

Publicar un comentario