2023/07/20

Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari alegazioak egiteko ereduak. B) Oinarri naturalistikoko argudioak

NATURKON kolektiboko kideok pare bat eredu prestatu ditugu Euskal Herriko herritar eta eragileei Lurralde Plan Sektorial horri alegazioak egiten laguntzeko.

A) Oinarri juridikoko argudioak biltzen dituen eredua

B) Oinarri naturalistikoko argudioak biltzen dituen eredua

Biak ahala biak erabil daitezke. Blogaren sarrera bana egin diegu.

Linkak, hemen:

--------------------------------------------

B) Oinarri naturalistikoko argudioak:

--------------------------------------------

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, lraunkortasun eta lngurumeneko Sailari

Donostia-San Sebastian  kalea 1. Vitoria-Gasteiz-01010

Erreferentzia: Alegazioak Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari

Dokumentu hau sinatzen duena, …….., adinez heldua, nortasun agirian ……. zenbakia duena eta jakinarazpenetarako ………….. helbidea duena, erakunde horren aurrean agertzen da eta zuzenbidean bidezkoena den aldetik,

AZALTZEN DU:

LEHENENGOA. 2023ko maiatzaren 10ean Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko apirilaren 27ko Agindua argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) --Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean azken argitalpena 2023ko maiatzaren 19koa da--. Agindu horren bidez, Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari (hemendik aurrera EEBB-LAP, ikus azken oharra 1, 35. or) hasierako onespena eman zitzaion, eta jendaurrean jarri zen alegazioak aurkezteko apeari bide emanaz.

BIGARRENA. EEBB-LAPhorretan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eskala handiko dozenaka zentral eoliko eta poligono fotovoltaiko ezartzeko kokapenak proposatzeaz gain, eskala txikiagokoentzako eremuak gordetzeko planteamendua egin da. Zehazki, Planak zentral eolikoak ezartzeko hautatutako 57 kokaleku markatzen ditu eta azpiegitura fotovoltaikoetarako 150 kokaleku baino gehiago (nahiz eta Eusko Jaurlaritzak energia fotovoltaikorako "Aukeratutako Kokapen Eremuak" 53 baino ez diren, teknologia horrekin egindako bi azpiegitura Km bakarraren barruan kokatuz gero, azpiegitura bakar gisa hartzen direlako Planaren aplikazio-arauen arabera). Gainera, LAPetik kanpo izapidetzen ari diren zentral eolikoak eta fotovoltaikoak ere zerrendatzen dira, Planak energia eolikoaren eta fotovoltaikoaren industria-ekoizpenerako eskala handiko proiektuen garapena lehenesten duela argi utziz.

HIRUGARRENA. EEBB-LAPa jendaurrean jartzeko epearen barruan irregulartasunak atzeman dira: besteak beste, aurretiazko kontsulten fasean parte hartu duten administrazioek LAP honek lurralde-antolamenduko zein naturaren babeserako araudien eta natura-ingurunea zein biodibertsitatea babesteko hainbat planetan ezarritako helburuekiko kontraesanak eta gatazkak erakusten dituzten txostenak ez direlako jendaurrean jarri.

LAUGARRENA. CO2 isuriak murrizteko eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeko energia berriztagarriak ekoizteko azpiegituren hedapen masibo eta industriala azkartzeko arrazoibidea zalantzan jartzen duten azterlanak gero eta ugariagoak dira (ikus azken oharra).

BOSGARRENA. Aurretik aipatutakoez gain, EEBB-LAP honek natur ondarean eta biodibertsitatean izango duen eragina ez denez neurtu,  txosten honetan ondorengo alegazioak aurkezten dira

ALEGAZIOAK

AURKIBIDEA:

1)      EUSKADIKO ENERGIA BERRIZTAGARRIEN LURRALDE PLAN SEKTORIALAK EZBAIAN JARTZEN DU EAEko LURRALDE ANTOLAKETA: besteak beste, EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak behin betiko onartzen dituen uztailaren 30eko 128/2019 Dekretua.

(3. orria)

2)      EUSKADIKO ENERGIA BERRIZTAGARRIEN LURRALDE PLAN SEKTORIALA EZ DA BATERAGARRIA EAEko PAISAIAREN KONTSERBAZIOAREKIN: bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzearen gaineko 90/2014 Dekretuarekin.

(12. orria)

3)      EUSKADIKO ENERGIA BERRIZTAGARRIEN LURRALDE PLAN SEKTORIALA EZ DA BATERAGARRIA NEKAZARITZAREKIN, ABELTZAINTZAREKIN ETA BASOGINTZAREKIN: bereziki, irailaren 16ko Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektoriala behin betiko onartzen duen 177/2014 Dekretuarekin.

(14. orria)

4)      EUSKADIKO ENERGIA BERRIZTAGARRIEN LURRALDE PLAN SEKTORIALA EZ DA BATERAGARRIA BABESTUTAKO NATURAGUNEEKIN ETA EZTA BABESTUTAKO ESPEZIEKIN ERE:  bereziki, natura ondarea kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legearekin eta EAEko hegazti nekrofagoak eta kiropteroak kudeatzeko plan bateratuekin (eta ondoriozko foru aginduekin).

(19. orria)

5)      EUSKADIKO ENERGIA BERRIZTAGARRIEN LURRALDE PLAN SEKTORIALAK EZ DITU KONTUAN HARTZEN ENERGIA BERRIZTAGARRIEN APROBETXAMENDURAKO AZPIEGITUREN FUNTSEZKO ERAGINAK: LAPean nahitaez aurkeztu beharreko Ingurumen Inpaktuen Azterketan ez dira kontuan hartu energia-sarbideak eta ebakuazio-lerroak.

(33. orria)

6)      ESKAERA (34. orria)

1. EUSKADIKO ENERGIA BERRIZTAGARRIEN LURRALDE PLAN SEKTORIALAK EZBAIAN JARTZEN DU EAEko LURRALDE ANTOLAKETA: besteak beste, EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak behin betiko onartzen dituen uztailaren 30eko 128/2019 Dekretuarekin.

1. Lurraldearen antolaketa

Aipatutako dekretutik eratorritako dokumentazio idatzi osoan (https://www.euskadi.eus/lurralde-antolamenduaren-gidalerroak-lag/web01-a2lurral/eu/), Aurkibidean bertan, III. puntuan aipatzen da (18. or):

“…. Zehatz esanda, erabilera-matrizeak adierazten du Euskal Autonomia Erkidegoko lurzoru urbanizaezina antolatzeko oinarria, zeina lurraldearen % 93 baita; gainera, ingurune fisikoaren elementuei eta prozesuei eta jardueren kontrolari buruzko jarraibideak sartzen dira, eta jasangarritasuna eta garapen orekatua dira jarraibide horien guztien funtsak. Azpiegitura berdea hiru modu hauetan sartzen da Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan: bere definizioa eta ezaugarriak jasoz; autonomia-erkidegoan duen azpiegitura berdea adieraziz; jarraibideak ezarriz, gidalerro horiek eskala desberdinetan garatzeko, lurralde- eta hirigintza-plangintzaren bidez, horrela tresna bat izango baita lurralde-zatiketa birmoldatzeko eta ekosistemetako zerbitzuak indartzeko, lurraldean isolatuta dauden espazio babestuen ikuspegi tradizionala gaindituz eta horren ordez plangintza kontziente bat ezarriz, naturak eskaintzen dizkigun zerbitzu ugariei eta beren funtzionamenduari buruz ulertzen duguna oinarritzat hartuta.

Landa-arloaren eta hiri-arloaren arteko inbrikazio sendoko lurralde batean, ereduak planteatzen du landa-habitatak lehenengo sektorea zaindu eta sustatzea eta herritarren zerbitzuak hobetzea duela premisatzat, bere bizitza-maila hiri-habitatarenarekin parekatzeko”.

EEBB-LAPak aipatutako Lurraldearen Antolamendurako Gidalerroetan (LAG) zehazten diren ingurune fisikoa antolatzeko matrizearen irizpideak erabat desitxuratzen ditu. Izan ere, Planaren "LAGekiko koherentzia" izeneko kapituluan proposatzen diren eskala handiko energia berriztagarrien aprobetxamendurako azpiegiturak LAGetan aipatzen diren "B motako izaera ez-linealeko zerbitzuen instalazio teknikoak" direla kontsideratzen da (Hasierako Onespenerako Dokumentua, MEMORIA, 114. or). Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan, kategoria hau duten energia berriztagarriak ekoizteko azpiegiturak --txikiak, ertainak edo eskala handikoak diren bereizi gabe-- beste instalazio batzuekin parekatzen dira:

“(…) B motako izaera ez-linealeko zerbitzuen instalazio teknikoak: hainbat instalazio, hala nola irrati, telebista eta satelite bidezko komunikazioa hartzeko eta bidaltzeko dorreak, antenak eta estazioak; eta faroak, irrati-faroak eta ingurumen-inpaktu berdintsua eragiten duten beste komunikazio-instalazio batzuk. Hemen sartzen dira aparkaleku txikiak (50 ibilgailu baino gutxiago), bai eta aerosorgailuak eta energia berriztagarrien beste instalazio batzuk (hidroelektrikoa, fotovoltaikoa, geotermia eta antzekoak). (…)”

Ondorioz,  LAGetan zehazten den “Ingurune fisikoa antolatzeko matrizean”, energia berriztagarria ekoizteko instalazio horiek --eskala-bereizketarik gabe-- "jarduera onargarritzat" hartzen dira “Nekazaritza eta Abeltzaintza eta Landazabala (bi azpikategoriak barne), Basokoa-Baso orbana, Basoa, Larre menditarrak eta Ingurumenaren Hobekuntza gisa sailkatutako eremuetan”. Baina, EEBB-LAPean proposatzen diren eskala handiko azpiegitura eoliko eta fotovoltaikoek izango duten ekoizpen-ahalmena eta dimentsioa kontuan hartuta, "A motako izaera ez-linealeko zerbitzuen instalazio teknikoak" dira, horien barruan sartzen diren “energia elektrikoa produzitzeko zentralak”, hain zuen. Izan ere, dagoeneko 200 m baino luzeagoak diren haize-errotez osatutako zentralak planifikatzen ari badira ere, LAPean jasotzen denez, Sektorean motibazio handia dago fabrikatzaileen aldetik potentzia handiagoko aerosorgailuak lortzeko, eta hori errotorearen tamaina handituz edo errotorearen beraren altuera handituz lortzen da. Premisa horiei jarraikiz, dimentsio handiagoko modelo berriak garatzen ari dira egiazko muga non dagoen oraindik jakin gabe (Hasierako Dokumentu Estrategikoa, MEMORIA, 32. or). Alegia, ahalik eta gailu handienak jartzearen alde egiten du LAPak.

Azpiegitura fotovoltaikoei dagokienez ere, nahiz eta jendaurrean jarritako Plan horrek ez duen zehazten eskala handiko azpiegitura fotovoltaikoetarako hautatutako kokalekuen lurzoru urbanizaezinaren okupazio-azalera, Planaren Aurrerapenean jasotzen denez, “2030. urterako, sektore elektrikoan instalatutako 157 GW-ko guztizko potentzia aurreikusten da; horietatik 50 GW energia eolikoa izango dira; 37 GW eguzki-energia fotovoltaikoa;” (Aurrerapen Dokumentua. Memoria, 159. or). Hasierako Onespenerako Dokumentua, MEMORIA (HOD-MEMORIA hemendik aurrera) txostenean jartzen duenez, “Eguzki-panel baten batez besteko eraginkortasuna % 15ekoa da, eta, beraz, azalera handiak okupatu behar dira energia nahikoa sortu ahal izateko, MW bakoitzeko 2 hektareako ratioan, gutxi gorabehera”. (54. Or). Kalkulu azkarrak eginez, ia 75.000 hektarea lur okupatzeaz ari da plana. Bada, ez dago zalantzan jartzerik LAPean proposatzen diren azpiegituren dimentsioa eta izaera: energia elektrikoa produzitzeko zentralak sustatzen ditu LAPak, eskala handiko azpiegiturak.

Hala ere, EEBB-LAPean eskala handiko azpiegituretarako “salbuetsitako gune” bakarrak Natura 2000 Sarean babestutako eremuak eta hiri-gune bakoitzaren inguruko baretze-eremuak dira. Baina, atal honetan erakutsi bezala, hori justifikatzeko baliatu den argudio teknikoa ez da zuzena. Azpiegitura horiek  A motako izaera ez-linealeko zerbitzuen instalazio teknikoen kontsiderazioa izan beharko lukete  LAGean zehazten den “Ingurune fisikoa antolatzeko matrizean” eta izaera horren baitan  kokatu behar dira lurzoru ez urbanizagarrian.

Azkenik, aipatzekoa da Energia Berriztagarrien garapenaren antolaketa helburua duen Arloko Planak berariaz aitortzea planifikazio horretatik kanpo izapidetzen ari diren proiektuen baliagarritasuna. EEBB-LAParen Arrerapen dokumentua: Memoria, 197. orrian, hala-nola, Hasierako dokumentu estrategikoan 204. orrian honakoa irakur liteke:

“Energia Berriztagarrien LPS hau indarrean jarri aurretik eraikitako eta ustiatzen ari diren eskala handiko ekoizpeneko energia berriztagarriko instalazioak gune optimo garbiak izango dira, eta instalazio bakoitzerako emandako administrazio-baimenetik eratorritako araubidea aplikatuko zaie, eta, hala badagokio, dagokion ingurumen-inpaktuaren adierazpenetik eratorritakoa. Horietan aurreikusi ez den orori dagokionez, Energia Berriztagarrien LPS honetako zehaztapenak aplikatuko dira”

Hasierako Onespenerako II Dokumentua- Aplikatzeko Arauak txostenean, Xedapen Iragankorra atalean berriz, honakoa (21. or):

“ LAP hau indarrean sartu aurretik izapidetzen ari diren instalazio berriztagarriek, beren ezarpenari dagokionez, baimena eskatzen den egunean indarrean dagoen hirigintzako eta lurzoruko erregulazioa bete beharko dute”.

Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak, onartua izan aurretik aurreikusi du energia berriztagarrien ekoizpenerako eskala handiko instalazioak Planak egokitzat aukeratutako eremuetatik kanpo uzteko aukera; eta Hasierako Onespenera Dokumentuek, gainera, egitatetzat hartzen dute aukera hori. Horrek zalantzan jartzen du Lurralde Plan Sektorialak planifikazio-tresna gisa duen balioa.

2. Lurraldearen artifizializazioa

LAGen memoria-txostenean 76. Orrian, 2. Lurralde Ereduaren Oinarriak eta Printzipio Gidariak atalean, ondorengoa irakur daiteke:

Epe luzean garapen egiaz iraunkorra lortzeko gainditu beharreko erronka nagusiak lurralde- eta hirigintza-arloko gaiekin daude hertsiki lotuta. Lurzoruaren artifizializazioa elementu kritikoa da gure lurraldean. EAEko azaleraren % 6,77 gutxi gorabehera azpiegitura “grisak” eta zona urbanizatuek osatzen dute dagoeneko. Hazkuntza azpimarratzearen aurrean, hiri-kokaguneen trinkotasuna berreskuratzea proposatzen da, eraikitako zonen hedatze-prozesuak mugatzea eta eraikitako guneak berritu eta berrerabiltzeko ekimenak etorkizuneko ekimenen ardatz bihurtzea.

Ikuspegi hau funtsezkoa da iraunkortasunerako; izan ere, prozesu naturalentzako euskarri diren lurzoruak hondatzea ekiditen du, baliabide estrategikoen kudeaketa hobetzea ahalbidetzen du (hondakinena eta urarena kasu), joan-etorri motorizatuen beharrizana murrizten du, eta garraio kolektiboko sistemen erabilera lehenesten du. Hiri-forma edo erabilera jakin batzuen kokapena, besteak beste, funtsezkoak dira garraio kolektiboa ibilgailu pribatuaren gainean nagusitzeko eta errepide berrien beharra murrizteko.

Nahiz eta Gidalerro horietan bereziki jartzen den arreta lurzoruaren artifizializazioan, EEBB-LAParen Ingurumen Azterketa Estrategikoa deitutako txostenean  (IAE hemendik aurrera) aipatzen da LAP horrek proposatzen duen energia fotovoltaikoaren garapenak “ingurumen-eraldaketa handia," eragingo duela “eraldaketa nabarmena, okupazioaren hedaduragatik eta lurzoruaren erabileren aldaketagatik”. Taula berean aipatzen da, “Inpaktu negatiboa natura- eta landa-lurren azalera garrantzitsuen okupazioagatik, batez ere eskala handi eta ertainaren kasuan” eragingo duela (IAE 264. or).  Energia fotovoltaikoari dagokionez, EEBB-LAPak onartzen du IAEak "6" batekin puntuatzen du (hau da, inpaktu larritik hurbil dagoen inpaktu batekin) "landa-lur/lur naturaleko azalera garrantzitsuak okupatzeak eragindako inpaktu negatiboaren magnitudea, bereziki eskala handi eta ertaineko kasuan", eta horrek "ingurumen-eraldaketa nabarmena" eragingo duela uste du, "okupazioaren hedaduragatik eta lurzoruaren erabilerak aldatzeagatik". Kontuan hartu behar da, halaber, Instalazio gehienak hesituta daude, eta, ondorioz, ezin dute erabili beste erabiltzaile batzuek lurraldearen zati hori"; Era berean dio, baina zona batzuetako erliebe irregularrak, bereziki Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak, zaildu egiten du panelak behar bezala jartzea, eta lurra nibelatu egin daiteke” (HOD-MEMORIA, 54. or). Hau guztia kontuan izanda ere, LAPean jasotzen denez, azpiegitura horietarako "gaitasun oneko zona antropizatuak" dauden arren eta “zona antropizatu horiek lurrean instalazio horiek egiteko egokiak diren arren”,  " zenbait muga daude, hala nola lurzoru kutsatuak eta ezegonkortasun geoteknikoak zabortegien kasuan, eta lurzoruaren okupazio handia, beste hiri-garapen batzuk mugatu ditzakeena, energia berriztagarriak aprobetxatzeko instalazioez ari garela kontuan hartuta. Hori guztia dela eta, gertagarriena da gehienak lurzoru urbanizaezinean kokatzea”. (HOD-MEMORIA. pag 51). Laburtuz, EEBB-LAPak berak aitortzen du Planean proposatzen den eguzki-energia fotovoltaikoaren aprobetxamendurako eskala handiko azpiegituren eragin handia izango luketela lurzoruaren antropizazioan eta hori LAGek proposatutakoaren kontra doa.   

Energia eolikoari dagokionez, aipatutako IAEan zehazten denez,  Kalkuluen arabera, 6 MW/km²-ko okupazio-ratioa dago egungo teknologiarekin, baina datu hori orientagarria da, eta, neurri handi batean, aplikatutako teknologiaren eta haren eraginkortasunaren mende daude, bai eta baldintza orografikoen mende ere. Ratio horrekin 105 km² beharko lirateke Euskadiko Energia Estrategiaren 2030eko helbururako falta diren 630 MWak lortzeko, hau da, Euskadiko azaleraren % 1,45. (IAE 248. or). Datu horiekin, IAE txostenean aipatzen da azpiegitura eolikoek lurzoruaren eskuragarritasunarekiko izango luketen eragina “urria” izango litzatekeela, nahiz eta beste inpaktu batzuekiko interakzioari dagokionez, “Proiektuen diseinuaren eta azken kokapenaren arabera, posibletzat jotzen da metatze- eta/edo sinergia-efektuak agertzea beste teknologia berriztagarri batzuekin edo lurraldeko beste erabilera batzuekin, energetikoez haratago” (IAE 248 or).

Testutik jasotako pasarteek erakusten dutenez, LAP horrek lurraldearen artifizializazioan eragin handia izatea aurreikusten da eta horrek are kritikoagoa egingo du baliabide berriztaezin honen egoera. Eraikitako zonen hedatze-prozesuak eta errepide berriak eraikitzea eragotzi ordez, EEBB-LAPean aurreikusitako metropolizazio- eta kolmatazio-prozesuaren areagotze bortitzak, mendi eta haranetara bizi-, kultura- eta paisaia-zentzua galtzea ekarriko luke.

LAGaren memoria-txostenean, 5. Landa Habitata atalean aipatzen da (120. or):

“Landa-lurzoruaren kudeaketa aktiboa nekazaritza-lurzoruaren babes- eta kontserbazio-eskema batetik soilik abiatuta da bideragarria (nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza), bereziki balio agrologiko handiko lurzoruarena, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako 17/2008 Legeak hedatzen duen nekazaritza-jardueraren egikaritzapenari lotuta. Lege horrek nekazaritza-jardueraren aitorpen soziala lortzea aldezten du, ez baita elikagai-ekoizle bakarrik, eta gizartearentzako beste onura batzuk ere bai baitakartza (ingurumena babestu eta birsortzea, paisaia eta biodibertsitatea babestea, lurraldea modu orekatuan kudeatzea eta nekazaritza-ingurunea eta kultur ondarea gordetzea”).

EEBB-LAPak ez du kontsiderazio bera landa-lurrekiko. Energia ekoizteko erabilera nola egin nekazaritza-jarduerarekin bateragarria ez da jaso txostenean.

Azkenik, aipatzekoa da ere EEBB-LAPak EAEko 2030erako Biodibertsitate Estrategiarekin duen bateragarritasuna aztertzerakoan, “L4. Natura 2000 sareko guneak era eraginkorrean kudeatzen direla bermatzea” atalean jasotzen dena: “Nabarmendu behar da gune horietan energia eolikoaren, fotovoltaikoaren eta minihidraulikoaren garapena baztertu egin dela, haren balioak kontserbatzearekin bateraezina dela uste delako, lehen aipatu den bezala. (HOD-191. or).

Argi dago Natura 2000 sareko eremuak salbuetsita gelditzen direla Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialean; baina, ez horrela babestutako eremu horien konektibitatea bermatze duen azpiegitura berdea edota korridore ekologikoak, aurrerago ikusiko den bezala. Eskala handiko azpiegituren eraginak kinka larrian jar dezake babestutako guneen balio naturalen kontserbazioa.

3. EEBB-LAParen eraginak landa eremuan

Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektoriala behin betiko onartzen duen 177/2014 Dekretuaren hasierako paragrafoetan zehazten denez:

…. Gidalerroetako Ingurune Fisikoaren Antolaketa Kategorien garapen moduan, planak honako kategoria hauek ezartzen ditu: Nekazaritza nahiz Abeltzaintzakoa eta Landazabalekoa, Balio Estrategiko Handia; Nekazaritza nahiz Abeltzaintzakoa eta Landazabalekoa, Trantsizioko Landa Paisaia; Basoa - Mendi Barbana; Basoak; Mendi Larreak; Mendi Larreak - Harkaitzak; Ingurumenaren Hobekuntza; eta Gainazaleko Uren Babesa.

Planak, halaber, LAGetako Ingurune Fisikoaren Antolaketarako Matrizea ere zehazten du, erabilerak egokiak, onargarriak edo debekatuak diren kontuan hartuta zenbait kategoriaren arabera arautuz. Zehazki, merezi du berezitasun hauek azpimarratzea:

a) Erabilera onargarrien (2a) eta debekatuen (3a) arteko desberdintasunak argitzea. Erabilera onargarriaren kasuan (2a), nekazaritza eta basozaintzako jardueran duen eragina aztertu egingo da, eta neurri zuzentzaileak hartuko dira. Erabilera debekatuen kasuan (3a), erabilera ez da nahi izatekoa, baina, salbuespen moduan, onargarria izango da bermatuta badago nekazaritza-arloan eskumena duen foru-organoaren txosten baten bidez eta nekazaritza- nahiz basozaintza-jardueraren gaineko eragina berariaz kontuan hartzen duen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura baten bidez.

Alegia, LAGek Ingurumen Fisikoaren Antolaketarako nekazaritzarako eta abeltzaintzarako lurrak kategoria ezberdinetan sailkatzen ditu Gidalerroetan zehaztutako Ingurune Fisikoaren Antolaketarako Matrizean, kategoria horren baitako “erabilerak egokiak, onargarriak edo debekatuak”  arautzeko.

Dekretuak aipatzen duenez, "Balio Estrategiko Handia" azpikategoriari dagozkion nekazaritza-lurzoruetan instalazio fotovoltaiko handien erabilera debekatua dago. EEBB-LAPean dionez, aldiz, “…, AKEetan –Aukeratutako Kokapen Eremuetan-- eskala handiko instalazio eoliko eta fotovoltaikoak ezartzea erabilera edo jarduera egokitzat jotzen da, LAP hau indarrean jarri zenetik zuzenean aplikatzekoa, lurzoruaren sailkapena eta kalifikazioa edozein izanik ere, Lurralde Antolamendurako Artezpideetako ingurune fisikoaren gidalerroan aurreikusitako antolamendu-kategoria guztien barruan, eta geroko garapen-plangintzarik behar izan gabe, ez lurraldekoa ez hirigintzakoa, LAP honetan ordenatuta geratzen delako (HOD-104. or). 177/2014 Dekretuari kasu eginez, kasu honetan, instalazioek balio agrologiko handiko nekazaritza-lurzoruetan duten eragina baloratu beharko da, eta Nekazaritzako Afekzio Sektoriala Ebaluatzeko protokoloa aplikatu beharko da, nekazaritza eta basogintzaren LPSaren arabera, konpentsazio-neurriak aurreikusiz.

Ildo berean, EEBB-LAParen Ingurumen Azterketa Estrategikoaren I. Eranskinak D13 puntuan ere honako hau adierazten du: "balio agrologiko handiko lurzoruak okupatuz gero, azterketa bat egingo da Nekazaritza eta Basogintzaren LAParen D Dokumentuaren --Nekazaritza eta Basogintzaren LAPeko jarduketa trenak-- I. Eranskinean jasotako Nekazaritzako Sektorearen afekzio sektoriala ebaluatzeko protokoloa eskatzeko”. (Ingurumen Azterketa Estrategikoa, I Ernaskina: Energia-instalazio berriztagarrietako proiektuen ingurumen Inapaktuen Azterketen eta Ingurumen Dokumentuen gutxieneko edukiak, 3. or)

Aurreko atalean aipatu bezala, eskala handiko energia berriztagarria ekoizteko proiektuak "B motako izaera ez-linealeko zerbitzuen instalazio teknikoak" bezala kategorizatzeak, proiektu horien instalazioa “erabilera onargarria” litzateke nekazaritzarako eta abeltzaintzarako sailkatutako edozein lurzorutan.

Premisa eztabaidagarri horrek (eskala handiko energia berriztagarriak ekoizteko proiektuak beren izaera eta dimentsioa ez dator bat kategorizazioarekin) ezbaian jartzen du LAGetan  zehaztutako Ingurune Fisikoaren Antolaketarako Matrizea ez ezik, Nekazaritza eta Basogintzarako LPSan (177/2014 Dekretua) balio agrologiko handiko lurzoruak okupatzeko ezartzen den araudia; LPS horrek nekazaritza lurrak zaindu eta sustatzeko duen eginkizuna oztopatuz.

 4. EEBB-LAParen eraginak paisaian

LAGetan jasotzen denez, 7.1 Paisaia atalean. , “Paisaiak erreferentzia izan behar du lurraldearen antolamenduan, eta modu integralean hartu behar da kontuan, paisaia bikainak zein egunerokoak aintzat hartuz, hauskorrenak babesteko eta degradatuak lehengoratzeko neurriekin (225. or).

Atal horrena, 223-235 orrietan jasotzen da:

Giza esku-hartzeak asko baldintzatzen du paisaia; izan ere, giza jardueren bitartez edertasun paregabeko paisaiak ez ezik, paisaia degradatuak ere sor baitaitezke. Paisaia bizi-kalitate eta ongizate indibidual eta kolektiborako funtsezko elementua da, eta aldi berean, lurraldearen nortasuna eratzen ere laguntzen du. 1997ko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroek ezarri zuten paisaia-balioen kontserbazioa bermatu beharra zegoela, lurraldea antolatzeko tresnen irizpide eta helburuetako bat den heinean. Hori horrela izanik, paisaiaren aldetik tratamendu berezia izan behar duten ikuspen-eremuak katalogatzeko beharra adierazi zuten, eta paisaiaren modelatzea hausten duen obra edo jarduketa ororekin batera paisaia-azterketa bat aurkeztu behar dela. Ezarri zen, halaber, lurralde-eta hirigintza-plangintzak bazterretako guneen tratamendua aztertuko duela.

Paisaiaren Europako Hitzarmenak, Florentziako Hitzarmena ere esaten zaionak, honela definitzen du paisaia: “lurraldearen edozein zati, biztanleriak hautematen duen moduan, zeinaren izaera natur edota giza faktoreen ekintzaren eta elkarreraginaren emaitza baita”, eta nabarmentzen du, batetik, paisaia funtsezkoa dela pertsonen bizi-kalitatean, bai hiriguneetan bai landaguneetan, bai eremu degradatuetan bai kalitate hobea dutenetan, eta, bestetik, paisaiak interes orokorreko rola betetzen duela kulturaren, ekologiaren, ingurumenaren eta gizartearen ikuspegitik, baita ekonomiaren ikuspegitik ere, paisaiaren babesak, kudeaketak eta antolamenduak enplegua sortzeko aukerak ekar ditzakeelako berekin.

Azken batean, Florentziako Hitzarmenaren xedea paisaiaren babesa, kudeaketa eta antolamendua sustatzea bera da, eta, horretarako, zenbait neurri biltzen ditu. Neurri horiek, lurralde-antolamenduari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeari buruzko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren bidez sartu ziren gure ordenamendu juridikoan.

Paisaia lurralde- eta hirigintza-plangintzaren arretagunea da ingurumen-ebaluazio estrategikoko azterlanen bitartez, baina nolanahi ere, 90/2014 Dekretuaren xede bakarra mekanismo normalizatuak finkatzea da, arau-aurreikuspenak betetzeko eta paisaia lurralde-antolamenduan integratzeko. Horretarako, paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeko bitartekoak identifikatzen ditu, hala nola Paisaiaren Katalogoak, Paisaiaren Zehaztapenak, Paisaiaren Ekintza Planak eta Paisaia Integratzeko Azterlanak, eta trebakuntza-, sentsibilizazio- eta laguntza- neurriak.

Paisaia babesteko erantzukizunari begira, Lurralde Antolamendurako Gidalerroek paisaiaren erreferentzialtasuna eta balio kulturala berariaz jasotzen badute ere, EEBB-LAPak aitortzen duenez, energia eologikoaren garapena21. artikuluko paisaiaren gidalerroen aurka egin dezake.Zehazki jasotzen da (HOD-113. or):

Garrantzitsua da 21. artikuluko paisaiaren arloko gidalerroak azpimarratzea. Bertan, paisaia babesteko neurri gisa, proposatzen da bertako elementu nagusien gainean edo mendi-gandor, labar-ertz eta lurreko puntu gorenetan eraikitzea saihestea. Horrek gatazka sor dezake energia eolikoaren garapen zehatzarekin. Energia eolikoa, oro har, haizearekiko esposizio handia duten goi-lurretan kokatu ohi da eta. Edonola ere, gomendiozko jarraibide bat da, eta guztiz bateragarria izan daiteke behar bezalako justifikazio tekniko eta ingurumen arloko justifikazio baten bidez”.

EEBB-LAPak paisaian izango dituen ondorioetan sakonduz, Ingurumen Ebaluazio Estrategikoaren arabera (IAE), “Zalantzarik gabe, energia eolikoak eragin handia izan dezake paisaian; izan ere, haize-sorgailuen eta palen tamainak etengabe handituz joan dira, eta, ondorioz, parke eolikoak distantzia handietatik ikusi ahal dira. Horri gehitu behar zaio lehorreko eolikorako kokaleku egokiak bat datozela ikuspen handiko gune garaiekin (HOD-165. or)

Kokaleku fotovoltaikoek paisaian duten eraginari dagokionez, "ingurumen-eraldaketa nabarmena handi izatea aurreikusten da,Eraldaketa nabarmena; izan ere, eskala ertain eta handiko proiektu fotovoltaikoek, tokian bertan kokatutakoek, intrusio bisual bat eragin dezakete nekazaritzako matrize nagusi bat duen paisaia batean”. (IAE 271 or)

LAGetan lurraldearen antolamendurako irizpideak ezartzen dira, noski gomendiozkoak eta horiek ez betetzeko ezinbestekoa da justifikazio teknikoak ez ezik, ingurumenekoak egitea. EEBB-LAPak inpaktu bisuala arintzen duten neurriak jasotzen baditu ere, bere garpena ez da bateragarria LAGekin eta ezinezkoak egiten du Gidalerro horietan aipatzen diren paisaiari lotutako helburuak (226. or) betetzea:

1.       Lurralde- eta hirigintza-plangintzako bitartekoak lantzean eta garatzean paisaia txertatzea..

2.       Paisaia ikuspegi integral batetik begiratuta balioestea, landa- eta hiri-paisaiak aintzat hartuta, bai kalitate handikoak, bai degradatuak, baita lurpekoak ere.

3.       Herritarren parte-hartze prozesua sustatzea, nola paisaia balioestean, hala paisaia-kalitatearen helburuak zehaztean zein ondare-elementu esanguratsuenak identifikatzean, hain zuzen ere, kolektibo sozial bakoitzaren ustetan, paisaia horiek oroimenezko toki bihurtzen dituzten elementuak.

4.       Paisaiari balioa ematea, kalitatezko faktore den aldetik, gizartearen, kulturaren, ekonomiaren eta ongizatearen ikuspegitik begiratuta.

5.       Mota guztietako paisaia-inpaktuak (ikusmenari, entzumenari edo usaimenari kalte egiten diotenak) saihestea eta lurraldean garatzen diren elementu eta jarduerak integratzea, batik bat azpiegiturak eta jarduera ekonomikoko eremuak.

6.       Energia berriztagarrien garapena eta ezarpena paisaia-ondarea zaintzearekin bateragarri egiten lagunduko duten azterlan, ekintza eta neurriak sakonago lantzea.

EEBB-LAPak jasotzen duenez, “saihestezina da paisaia berria sortzea”. Hala bada, EEBB-LAPan ez da jasotzen horrek lituzkeen ondorioak “pertsonen bizi-kalitatean”, kontuan izanda LAGetan aipatzen denez, “paisaiak interes orokorreko rola betetzen duela kulturaren, ekologiaren, ingurumenaren eta gizartearen ikuspegitik, baita ekonomiaren ikuspegitik ere, paisaiaren babesak, kudeaketak eta antolamenduak enplegua sortzeko aukerak ekar ditzakeelako berekin”.

Honek guztiak berresten du, Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan  Sektorialak paisaian izango duen eragina ez dela bateragarria EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroekin.

2. EUSKADIKO ENERGIA BERRIZTAGARRIEN LURRALDE PLAN SEKTORIALA EZ DA BATERAGARRIA EAEko PAISAIAREN KONTSERBAZIOAREKIN: bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzearen gaineko 90/2014 Dekretuarekin.

Dekretu horren lehen paragrafoetan jasotzen denez:

“2000ko urriaren 20an, Paisaiaren Europako Hitzarmena onartu zuen Europako Kontseiluak, eta, 2009ko uztailaren 21ean, hitzarmen horri atxikitzea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak. Atxikipen horrekin, Paisaiaren Europako Hitzarmenaren edukiak onartzeko eta bere erantzukizuneko esparruetan betetzeko konpromisoa hartzen du Euskal Autonomia Erkidegoak.

Paisaiaren Europako Hitzarmenaren hitzaurrean jasotzen den bezala, paisaiaren gaia –paisaia honela definituta: «lurraldearen edozein zati, biztanleriak hautematen duen moduan, zeinaren izaera natur edota giza faktoreen ekintzaren eta elkarreraginaren emaitza baita»– gai garrantzitsua da kultura, ingurumena, gizartea eta ekonomiaren esparruetan, eta, gainera, «Europako natur eta kultur ondarearen funtsezko osagaia (...), gizakien ongizatea eta europar identitatea bermatzeko mesedegarria».

Paisaiaren Europako Hitzarmenaren sarreran azpimarratzen denez, lurralde guztietan paisaia biztanleen bizi-kalitateko elementu garrantzitsu bat dela onartzen da, direla hiriguneak edo landa- guneak, direla eremu andeatuak edo kalitate handikoak, edo direla aparteko edertasuna aitortzen zaien lekuak edo ohikoenak. Paisaia, beraz, lurraldearen funtsezko alderdi bat da, eta, ondorioz, funtsezko atal bat lurraldea antolatzean.

Dekretu honetan paisaiak gure bizi kalitatean eta identitatearen eraikuntzan duen garrantziarekiko erantzukizunez jokatzeko beharra aipatzen den arren, EEBB-LAPean aitortzen denez, “Oro har, esan daiteke Energia Berriztagarrien LPSaren garapenak (energia eolikoak bereziki) zenbait interferentzia/gatazka sortuko dituela dekretu honetan --(20/2014)-- planteatutako helburu batzuekin, hala nola paisaien balioak kontserbatzearekin, landa-eremuko paisaiak mantentzearekin, hobetzearekin eta leheneratzearekin (Aurrerapen Dokumentua-MEMORIA, 169 or). Eta zuzen dago LPSa: EAEko mendi gainetan kokatu diren zentral eolikoetarako eremuek eta landa eremuan aurreikusten diren hedapen zabaleko zentral fotovoltaikoek, ezinezkoak bihurtu dituzte 20/2014 Dekretuak 2. Artikuluan, Helburuak izenekoan, zerrendatzen diren 8 helburuak:

a)      Berezko izaeragatik edo kultura-izaeragatik jardun espezifiko eta integratuak behar dituzten  paisaien balioak kontserbatzea.

b)      Hiri-inguruetako paisaiak hobetzea: bereziki, aldirietakoak eta biztanle-guneetara sartzeko bideetakoak.

c)       Landa-inguruetako paisaiak zaindu, hobetu eta oneratzea.

d)      Paisaiak harmoniaz antolatzea, arreta berezia jarriz biztanle guztien eskurago daudenei, hiri- eta landa-inguruek elkar ukitzen duten eremuei eta lehorrak eta itsasoak elkar ukitzen duten inguruei.

e)       Lurraldearen gaineko esku-hartzeak egokiro integratzea paisaian: batez ere, azpiegiturei eta ekonomia-jardueretarako eremuei dagozkien esku-hartzeak.

f)        Paisaiari balioa ematea, ekonomia-faktore bereizgarri gisa eta turismorako baliabide gisa.

g)      Paisaiari balioa ematea, Euskal Autonomia Erkidegoko gizartearen kulturaren proiekzio gisa, eta, ondorioz, haren identitatearen adierazpen gisa.

h)      Kulturaren zati diren bide tradizionalei balioa ematea, paisaiara hurbildu eta hartaz gozatzeko puntu bikain gisa.

Helburuak bete ezinik, EEBB-LAPak Dekretuan 3. Artikuluan, “Paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeko bitartekoak” izenburua duen atalean, zehazten diren tresnak ere baliogabetzen ditu: izan ere, Planak ez ditu kontuan hartu EAEko hainbat eremutan dagoeneko onartuta edo onartzear dauden Paisaiaren katalogoak, Paisaiaren zehaztapenak, Paisaiaren ekintza-planak eta Paisaian integratzearen azterlanak.

Gainera, kontuan hartuta Dekretuaren 4. Artikuluko 5. Puntuan azaltzen duenez, “Paisaiaren katalogoak lantzeko prozesuan, eragile publiko eta pribatuen eta dagokien herritarren parte-hartze aktiboa bermatu” dela, ulertezina da EEBB-LAPhonen izapidetzean informazioa jendaurrean jartzeko epea, tokiko erakundeak osatzeko hauteskunde-garaiarekin bateratzea, tokiko Gobernuak desegin eta berriak eraiki bitartean jarri baita informazioa jendaurrean. 

Ez tokiko erakundeei eta ezta herritarrei ere, ez zaie bermatu EEBB-LAPak paisaian izango duen eraginaren aurrean erantzuteko Dekretuak agintzen duen parte-hartze aktiboa.

EEBB-LAPan berariaz aitortu denez, proposatzen diren azpiegituren kokapenak eta dimentsioak paisaian izango duen eragina hain da handia, paisaiak gure identitatearen eraikuntzan duen erreferentzialtasuna mespretxatzera iritsi dela, paisaia baita nortasun sentimendua eraikitzeko gaitasun handienetarikoa duen objektu sinbolikoa.

Mendizaletasunean sustraitutako gure herri izaera ez da ebaluatu eta ezta errespetatu ere Energia Berriztagarrien Plangintza helburu duen planean.

3. EUSKADIKO ENERGIA BERRIZTAGARRIEN LURRALDE PLAN SEKTORIALA EZ DA BATERAGARRIA NEKAZARITZAREKIN, ABELTZAINTZAREKIN ETA BASOGINTZAREKIN: bereziki, irailaren 16ko Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektoriala behin betiko onartzen duen 177/2014 Dekretuarekin.

Dekretu honen Memoria txosteneko lehen paragrafoan jasotzen denez:

1997an onartutako EAEko Lurraldearen Antolamendurako Artezpideek landa-ingurunearen eta lehen sektorearen garrantzia aitortzen dute ingurune fisikoaren artezpidean, bere helburuen artean “landa-ingurunea garatzen laguntzea, natura-baliabideen antolamendu egoki bat eginik eta horien aprobetxamendu iraunkorra antolaturik (…)” jartzean. “Lehen mailako jardueretarako duen izaera ugalezina, urritasuna eta garrantzia” aitortu eta nekazaritza-lurzorua euskarri hutsetik harago doan balio gisa ulertzearen ondorioz, hura babesteko proposamen bat egin da.

Dekretu honetan jasotzen denez, nekazaritza-lurzorua baliabide ez berriztagarria eta urria da bere izaera “ugalezinarengatik” eta horregatik da garrantzitsua hura babestea.

Dokumentuan bereko 1.4.1 atalean, Landa-espazioaren espektatiba sozio-ekonomiko berriak  izendatutakoan, aipatzen da, azpimarrarik gabe (19. or):

“Egun, oso onartuta dago funtzio-aniztasun kontzeptua landa-espazioarentzat, eta ikuspegi horretatik, EAEko landa-ingurunearen ezaugarri fisikoak nekazaritza-jardueretarako arazoetan islatzen dira (eskualde menditsua, malda handiak, lehortea eta abar); era berean, ordea, aukera handiak eskaintzen dituzte: turismo-erakargarritasuna, ingurumen-balioa, paisaia, kultura-ondarea eta abar.

Ikuspegi ekonomiko batetik, industrian, artisautzan eta merkataritzan enpresa txikiak ezartzeak, eta aisiarekin, turismoarekin eta atsedenarekin loturiko zerbitzuak eskaintzeak garrantzi handia du. Azken alde horrekin loturik, hiriko eta landa-inguruneko populazioaren arteko harremanen hazkunde nabarmenak azpimarrarazten du natura-ondarea eta berdeguneak babestearen eta gizakiak historian zehar eraikitako paisaia kontserbatzearen onura”.

Halaber, hurrengo atalean, 2. Landa-ingurunea, interesak bateratzeko espazio gisa izendatutakoan, hitzez-hitz jasotzen da, azpimarrarik gabe (20. or):

“…, hiriguneen eta hiriguneetako bizimoduaren hedapenak landa-ingurunearekiko presio handia eragiten duten zonak sortzen ditu: bizitegi- eta industria-guneak hedatzea, horrek lurzoruaren okupazioan duen zuzeneko eraginarekin, eta nekazaritza-lurzoruak hirigintza-espekulazioko dinamiketan sartzea, aisialdiko jarduerak kontrolik gabe zabaltzea, azpiegiturak ugaritzea (horniketarako ur eskasia, pistak asfaltatzea...), fenomeno kutsagarriak agertzea (zabortegiak, isurketak ur-ibilguetara, paisaia-degradazioa...), eta abar. Zona horietan, lurralde-antolamenduaren erronka honetan datza: hainbat jarduera berriz zehaztean, intereseko nekazaritza-lurzoru eta -unitateen kontserbazioan, ingurumen-degradazioaren aurkako borrokan, landa-paisaiak mantentzean eta euren artean oso lehiakorrak diren askotariko erabileren bizikidetza ahalbidetuko duen lurralde-eredua segurtatzean.

“…, nazioarteko lehiakortasunari aurre egiteko arazoak eta hurbileko hiri-merkatuen gabeziak gainbehera, lurrak uztea eta, nekazaritzaren osagarri diren jarduera faltaren aurrean, populazioa zahartzea eta murriztea eragiten dute. Kasu honetan, lurralde- eta arlo-antolamenduak dibertsifikazio ekonomikoa (nekazaritza-jarduera babestuz), gutxieneko zerbitzu-maila eta bizi-kalitate bat mantentzea eta/edo garatzea, tokiko baliabideak baliagarri bilakatzea, etab. bultzatu behar ditu; ekintza horiek lurraldea berregituratzera daude zuzendurik erabilera-gatazkak konpontzera baino gehiago”.

Alegia, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialak (NNBB-LAPhemendik aurrera) berariaz jasotzen du nekazal lurretan nekazaritza-jarduera lehenesteko eta lurra erabilera horretarako babesteko beharra.

Horri begira, Memoria-txosten horretan aipatzen den Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Sailaren Ekintza Politikoaren Esparru Orokorra (2002-2005) txosteneko lehen helburua hauxe da (33. or): “1. Nekazaritza eta arrantza profesional eta aktiboa, lurraldearen kudeaketaren eta kalitatezko elikagaien horniduraren arduraduna dena, mantentzea”. Memorian zerrendatzen diren gainerako helburuetatik 5.a ere azpimarragarria da: “Landa- eta arrantza-espazioak gizartearen ondare gisa kontserbatzea, eta espazio horien gozamenerako leku izan daitezen laguntzea”.

Ildo berean daude, memoria horretan aipatzen den 1994-2030 Aldirako Euskal Basogintza Planean zehazten diren lehen helburuak: lehena, “I. Zuhaiztutako mendien dibertsitatea eta iraunkortasuna bermatzea, basoak eta ekologia- eta paisaia-segizioa mugatuta, antolatuta eta artikulatuta” eta bigarrena,  II. Natura-ingurunearekin errespetagarriak eta ondasun eta zerbitzuen etengabeko horniduran eragingarriak diren baso-kudeaketako artezpideak zehaztea.

Hau guztia gainera, guztiz bat dator NNBB-LAPtxostenean aurrerago, 44. Orrian, aipatzen denarekin:

“EAEko mendiaren beste ezaugarrietako bat erabilera-aniztasuna da. Basogintza- eta abeltzaintza-erabilerak izaten dira nagusi zona horietan, LAPak “Mendia” gainkategorian jasotzen dituenetan, horretarako potentzialtasun handiagoa dutelako eta produktibitatea horietan biltzeko aukera eskaintzen dutelako. Dena den, “mendia” espazioan badira bestelako erabilerak ere, munduan mendiaren funtzio hirukoitza gisa ezagutzen denaren barnean: aisia- eta kultura-guneak, errenta- eta enplegu-faktorea, eta natura-baliabideak eta basabizitza kontserbatzeko euskarria (EEEko Nekazaritza Ministroen Kontseiluaren Presidentziaren Memoranduma, Luxenburgon, 1989ko ekainaren 19-20an).

Estatuko 43/2003 Legearen, Mendiei buruzkoaren helburu nagusia da “Espainiako mendien kontserbazioa bermatzea, eta horien leheneratzea, hobekuntza eta aprobetxamendu arrazionala sustatzea, ezinbesteko elkartasun kolektiboaren laguntzarekin” (1. artikulua).

Bukatzeko, NNBB-LPsaren 5. atalean “Nekazaritza eta Basogintza Antolatzeko LAP idazteko komenigarritasuna eta aukera” deitutakoan azpimarratzen denez (47. or):,

“…, EAEko landa-inguruneak elkarrekin erlazionatuta dauden bi frontetan jokatzen du bere etorkizuna. Batetik, nazioarteko merkatuek NPBk planteatutako erronka berrietara egokitzeko ahalmenean. Bestetik, berriz, EAEko esparruan lurraldeen garrantzia defendatzeko ahalmenean. Bitxiak dira, ordea, landa-espazioa babesteko eta antolatzeko premiak landa-irizpideetatik garatzen dituzten lurralde-planeamenduari buruzko udaleko edo udalaz gaindiko dokumentuak: “lurzorua baliabidearen” kontserbazioa, ustiategien ekoizpen-ahalmena mantentzea eta garatzea, eta abar. Horixe zen duela hainbat urte, halaber, ingurumena eta baliabideak babesteko gaien kasua; egun, ordea, eztabaidaezina da lurraldeko hainbat jardunen alternatibak planteatzeko edo babesteko edo berreskuratzeko sistemak zehazteko, ingurumen-aldagaiak kontuan hartzeko premia.

             (…)

Era berean, NBALAP honek bat etorri behar du Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legearen xede eta sektore-helburuekin, batik bat nekazaritza-lurzorua —eta bereziki nekazaritza-balio handikoa— babesteko eta defendatzeko legezko aginduari eta nekazaritza-ustiategien jarraitutasuna ziurtatzeko aginduari dagokienez; hori guztia, lege horrek eman dion nekazaritza-lurzoruari buruzko alderdiak antolatzeko erreferentziazko esparruko izaeran oinarrituta.

Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren memoria txostenak argi jasotzen ditu nekazaritza-lurzoruaren urritasuna eta izaera ez berriztagarriagatik, baliabide hori zaintzeko eta babesteko betekizunak. Horri begira, nekazaritza-lurretan lehentasunez nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza jarduerak sustatu behar direla aldarrikatzen eta eremu horiek gizartearen ondare gisa kontsideratzeko betekizuna azpimarratzen du. Hau guztia ez da jaso EEBB-LAPan.

Are gehiago, EEBB-LAPan eskala handiko azpiegitura industrialak, alegia, zentral eoliko eta fotovoltaikoak lehentasunez nekazaritza-lurretan jartzeko hautua egiten da hautu hori NNBB-LPSaren lehentasunekin zenbateraino den bateragarria justifikatu gabe. Besteak beste, tostenean jasotzen denez (HOD 13. r):

 “Era berean, energia berriztagarriak sustatzeari eta berotegi-efektuko gasak murrizteari buruzko helburu horiek betetzeak beste helburu paralelo batzuk ere baditu, ingurumen-helburuak barne, hala nola:

-          Euskadiren independentzia energetikoa sustatzea eta bultzatzea, kanpoko mendekotasun energetiko handia murriztuz.

-          Denboran agortu ezin diren energia autoktonoen erabilera sustatzea.

-          Euskadiko energia-ekoizpena dibertsifikatzea.

-          Industria-garapena bultzatzea eta erraztea, energia-kostua murriztuta.

-          Landaguneetan energiarako sarbidea sustatzea, baliabide berriztagarria baita, eta, beraz, eremu horiei lotutako ustiapen potentziala, landa-ingurunean biztanleria finkatzen lagun dezakeena “

Txosten berdinean aurrerago esaten da . (HOD 30. or)

“Landa-eremuari dagokionez, energia berriztagarrien garapena eragile ekonomiko garrantzitsua da, biztanleria landaguneetan finkatzen eta lurraldea egituratzen laguntzen baitu; izan ere, oro har, baliabide berriztagarria lan-aukera gutxien dauden landa-eremuetan kokatzen baita.

Alderdi horrek, halaber, landa-eremuen despopulazioa saihesten laguntzen du, eta, aldi berean, beste jarduera batzuk erakartzeko trakzio-faktore gisa jarduten du. Horrela, gero eta nabarmenagoak diren lurralde-desorekak zuzentzen dira, egun hiriguneetan populazio ugari biltzen den bitartean landa-guneak etengabe husten ari baitira.  

Azkenik, pasarte hau ere irakur daiteke HOD-182. orrian:

Era berean, beharrezkoa da energia eolikoaren kasu zehatza aipatzea; izan ere, parke eoliko berriak sortzeak aukera emango du tokiko enplegua garatzeko, zuzeneko nahiz zeharkako lanpostu berriak sortuz, aisialdiko eta turismoko jarduerak sustatzeari esker, hala nola parkeetara bisita gidatuak egiteari eta turismo mota horrek ondoko udalerrietan izan dezakeen eraginari esker.

Energia berriztagarrien azpiegitura horiek nekazaritza-lurretan kokatzeko, arrazoi horiek ez dira NNBB-LAPak lehenesten dituenak: besteak beste, nekazaritza-lurzoruaren babesa, nekazaritza-ustiategien jarraitasuna, intereseko nekazaritza-lurzoru eta -unitateen kontserbazioa, ingurumen-degradazioaren aurkako borrok eta landa-paisaiak mantentzearen alde egitea.

Atal honekin bukatzeko, deigarria da Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren (NNBB-LPS) D Dokumentuan, Eranskinak deituan, jasotzen diren Jardun tresnak (esaterako, Nekazaritza Arloko Afekzioen Ebaluazio Protokoloa) edota nekazaritza-lurzoruetan kontuan hartu beharreko faktoreak (Higadura, EAEko Korridore Ekologikoen Sarea, Paisaia…) kontuan hartu gabe, nola proposatzen den eremu horietan eskala handiko azpiegiturak ezartzea.

Esaterako, NNBB-LAPean Eranskinak atalean, EAEko Korridore Ekologikoen Sarea atalean (16. or) jasotzen da:

Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako Zuzendaritzak 2005ean Euskal Autonomia Erkidegoko Korridore Ekologikoen Sarea aurkeztu zuen, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak 1995ean egindako azterlana oinarri hartuta, eta aurrerapen handia da Korridore Ekologikoen Sarea lurralde- eta arlo-antolamenduaren esparruan ezartzeko. Eranskin honetan azterlan horren laburpen bat aurkeztu da.

(…)

Babestutako Natura Guneak deklaratzearen helburua biodibertsitatea bermatzea da. Espazio horiek beren barneko jardunak mugatzen dituen araudia dute; inguruko lurretan, berriz, biodibertsitatea mugatzen duten erabilerak eta jarduerak egiten dira; horrek natura-irlak bihurtzen ditu haiek askotan, asfaltoaren, eraikinen eta batez ere oso antropizatutako nekazaritza- edo baso-paisaien artean. Horregatik, mundu osoko Babestutako Natura Gune asko etengabeko narriaduraren, eta horiek babestea eta babestutako natura-gune deklaratzea eragin zuen mende daude. Gero eta jende gehiagok dio lurraldea osotasunean hartu ezean natura babesteko politikek porrot egingo dutela.

(…)

Hortik ondorioztatzen da ongi kontserbatutako natura-irlak babestean oinarritutako politika ez dela nahikoa irla horietan bizi diren espezIAEn biziraupena finkatzeko. Gabezia hori arintzeko modu bakarra da babestutako espazioen artean aleak trukatzeko kanalak ezartzea, uhartetasuna murrizteko eta lurralde osoan zehar fluxu genetikoak bermatzeko. Hori lortzeko modu bakarra “korridore ekologikoak” ezartzea da.

Aurrerago, 3.4.1. Oztopo motak eta horiek iragazkortzeko jarraibideak atalean (27. or) zehazten da, azpimarrarik gabe:

Eraldatze garrantzitsuenak urbanizazio-prozesuak eta azpiegituren eraikuntzak dira. Kasu horietan, ekosistema guztiz eraldatu da, eta biotopo berria giza presentziara ohitutako espezie bakan batzuentzat bakarrik da egokia, eta gehienetan bertako baliabideak aprobetxatzen dituzte.

Azpiegitura-oztopoen kasuan (autopistak, autobideak, errepideak, bideak, pistak eta trenbideak), eraldatzea animalia-populazioa bakantzeko eta elkarren artean ia kontakturik ez duten bi populazio txikiagoetan zatitzeko bezain garrantzitsua izan daiteke. Oztopoaren garrantzia hainbat faktoreren mendekoa izango da, hala nola zabalera, ezponda edo lubakien presentzia, trafikoaren bolumena, eraikuntza-materialak eta inguruko obren presentzia (hesiak, bidezubiak, tunelak, ur-bideak…)

Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialean (EEBB-LAP) lurzoru ez urbanizagarrian, eta beraz, nekazaritza-lurzoruetan proposatzen diren eskala handiko energia ekoizpenerako azpiegituren kokapenerako ez da kontuan hartu Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako Zuzendaritzak 2005ean Euskal Autonomia Erkidegoko Korridore Ekologikoen Sarea. Ondorioz, esan daiteke EEBB-LAPa kontraesanean dagoela NNBB-LAPak aspektu korridore ekologikoen gainean adierazitakoarekin.

Hau guztia kontuan izanda, argi gelditu da EEBB-LAPa ez dela bateragarria NNBB-LPSarekin.

4. EUSKADIKO ENERGIA BERRIZTAGARRIEN LURRALDE PLAN SEKTORIALA EZ DA BATERAGARRIA BABESTUTAKO NATURAGUNEEKIN ETA EZTA BABESTUTAKO ESPEZIEKIN ERE:  bereziki, azaroaren 25eko 9/2021 Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzko legearekin eta hegazti nekrofagoak kudeatzeko planei buruzko foru aginduekin.

9/2021 Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzko legearen ZIOEN AZALPENA atalean jasotzen denez:

(…)

Arauak natura-ondarearen kontzeptua ikuspegi integral batetik interpretatzen du, zeinak barne hartzen baititu dibertsitate biologikoarekin eta geologikoarekin lotutako natura-ondasunak, -balia­bideak eta -zerbitzuak. Horiek funtsezko balioa dute ingurumenean, paisaian, zientzian edo kulturan, eta lotura estua dute pertsonen osasunarekin eta ongizatearekin, eta garapen sozial eta ekonomikoarekin.

Era berean, legeak espezie basatien eta gune babestuen tipologia definitzen du, Europako Natura 2000 Sarearen barruan eta hortik kanpo daudenak kontuan hartuta, bai eta nazioarteko beste tresna batzuk ere. Era berean, «azpiegitura berdea» kontzeptua ere jorratzen du, eremu naturalen eta erdi-naturalen estrategikoki planifikatutako sare bat, gune babestuen multzoa konek­tatzeko, balio ekologikoa duten eremu isolatuak saiheste aldera. Horrela, jarraipena ematen zaie berariaz babestu gisa izendatutako espazioei, eta lurralde osora eta inguruko eremu geografikoe­tara zabaltzen dira.

Aurreko atalean aipatu bezala, EEBB-LAPak ez ditu kontuan hartu azpiegitura berdeak (korridore ekologikoak ere deituak). Zehazki, hauxe jasotzen du (MEMORIA 115-16 or):

(…)

Bestalde, Azpiegitura berdeari dagokionez, LAGen berrikuspenean EAEko azpiegitura berdea sustatzea aurreikusten da, hain zuzen ere sistema naturalek gizarteari zerbitzu ugari hornitzen dizkiona eta ingurumen- eta gizarte-fluxuak ahalbidetuko dituena hiri-esparru, landa-esparru eta natura-esparruen artean. Horrela bada, azpiegitura berdea kontzeptuarekin jauzi kualitatiboa ematen da kapital naturala kudeatzeko modu tradizionalari dagokionez -espazio babestuak izendatuz edo korridore ekologikoak ezarrita-, izan ere, eskala geografiko guztiei eragiten die eta aukera ugari eskaintzen ditu hainbat arlotan, hala nola ingurumenean, osasunean, nekazaritza-jardueretan, ekonomian edo aisialdian.

Azpiegitura berdea holistikoa denez, hau da, ikuspegi orokorra eta osoan oinarritzen denez, LAGek gainjarritako baldintzatzaile gisa barneratzen dute, eta lurralde- eta hirigintza-planeamenduaren esku uzten dute azpiegitura horren eraginpeko eremuen mugaketa.

Energia eolikoaren garapena Azpiegitura Berdearekin bateragarri izateari dagokionez, ingurune fisikoaren antolamendu-matrizeak ezartzen du "B motako izaera ez-linealeko instalazio teknikoak" erabilera onargarriak direla, baina beren ingurumen-balioengatik babestutako espazioetarako, irizpideak eta erabileren erregulazioa dagozkien babes-figurek ezarritakoak izango direla ezartzen du, lehen ere aipatu den bezala.

Azpiegitura Berdea osatzen duten Korridore Ekologikoak eta Natura Intereseko beste espazioei dagokionez, LAGen berrikuspenean jasotzen denez, gune horietan aurreikusitako edozein erabilera azpiegitura berdearen helburuen mende egongo da, eta batez ere korridore ekologikoei dagokienez, beren ingurune-balioek babestutako guneen arteko konektibitate ekologikoaren mesedetan adierazitako helburuak ahalbidetzen dituzten jarduerak onartuko dira. Alderdi hori ezarpen-erregimenaren onargarritasun-baldintzetan txertatu da, eta baldintza horiek lurralde-eredua definitzen laguntzen dute (ikus 13.8. atala).

Laburbilduz, azpiegitura berderako LAGen berrikuspenean zehaztutako helburuak eta irizpideak Energia Berriztagarrien LAPean sartzen dira, bai bertan ezarritako kontserbazio-helburuekin bateraezinak diren eremuak baztertuz, bai iragazkortasuna bermatuko duten baldintzak ezarriz eta, hala badagokio, lortu nahi diren proiektu zehatzen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozeduran izan dezaketen eraginaren balorazio zehatza eginez.

Kontuan izanda azpiegitura berde horiek babestutako eremuen kontserbazioan duten garrantzia, natura-ondarearen kontserbazioa ezbaian jar dezakete horrelako eremuetan kokatzea aurreikusten den eskala handiko energia berriztagarria ekoizteko azpiegiturek.

Legearekin jarraituz, 1. Artikuluan aipatzen denez (azpimarratu gabe):

“Lege honen ondorioetarako, Euskadiko natura-ondaretzat hartuko da naturaren ekosistema, espezie, ondasun, baliabide eta zerbitzuen multzoa, zeina biodibertsitatearen eta geodibertsita­tearen iturri baita; horiek guztiek funtsezko balioa dute ingurumen, paisaia, zientzia edo kulturaren ikuspuntutik, eta Autonomia Erkidegoaren lurraldeko lur, lurpe eta hegalkineko lur eta itsasoko eremuetan daude kokaturik.

Alegia, ondare naturala eta bere osagaiak (ekosistemak, espezieak edota zerbitzu ekosistemikoak, biodibertsitatea, geodibertsitatea …), ingurumen, paisaia, zientzia edo kulturaren ikuspegitik baino ezin dira ulertu: ez dira modu independentean ulertu behar diren osagai edota elementuak. Horregatik da ulergaitza paisaia bezalako funtsezko elementuaren endekapenean EEBB-LAPak izan dezakeen eragina ez aztertu, eztabaidatu edota adostea dagokien herritarren ordezkariekin eta tokiko erakundeekin.

Lege honen 2. Artikuluak Helburuak zehazten ditu (azpimarratu gabe) eta nabarmentzekoa da ia guztiak bateraezinak direla EEBB-LAParekin:

a)      Funtsezko prozesu ekologikoen eta oinarrizko bizi-sistemen funtzionamendu egokia berma­tzea, ekosistemek eskaintzen dituzten zerbitzuak babestuz.

b)      Natura-ondarearen dibertsitate biologikoa eta geologikoa eta produkzio-ahalmena kontser­batzea eta leheneratzea.

c)       Ekosistema naturalak eta ondare geologikoaren eta paisaiaren barietate, berezitasun eta edertasuna kontserbazio-egoera onean gordetzea.

d)      Soinu-paisaia, jatorri naturaleko soinu-erreserbak eta zeru-ingurunearen kalitatea babestea, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera, hala badagokio.

e)       Dibertsitate genetikoa eta basafloraren eta basafaunaren populazioak eta horien habitatak kontserbazio-egoera onean daudela bermatzea.

f)        Baliabideak erabiltzea natura-ondarearen eta, bereziki, espezie eta ekosistemen aprobetxamendu jasangarria, kontserbazioa, leheneratzea eta hobekuntza bermatzeko, eta biodibertsitatearen galera garbia eragozteko.

g)      .

h)      .

i)        Kontserbatu behar diren naturaguneen kudeaketa bizkortzea eta erraztea.

EEBB-LAPan proposatzen diren dimentsio handiko azpiegiturek lurralde ez urbanizagarrian eraikitzeko, hainbat mendi muino edo gainetan eta natur ikuspegitik kokapen bereziko eremuetan, pista berriak eraikitzeaz gain, hondakin-pilaketak eta artifizializatutako zein hesitutako eremu zabalak sortuko dira. Bestalde, 200 m baino luzeagoko haize-errotek sortuko duten zarata eta bibrazioak erabateko eragina izango du eremu horietan eta bertako biodibertsitatearengan.

Horregatik guztiarengatik, legeak aipatzen dituen c), d) eta i) helburuak guztiz bateraezinak dira EEBB-LAParekin eta besteak ere, ikusteko dago.

EEBB-LAPak neurri aringarriak proposatzen baditu ere, ez du inolaz jasotzen bere garapen osoak ondare naturalean izango lukeen eragin osoa edo bateratua. Ingurumen eraginak proiektuz-proiektu eta kokalekuz-kokaleku neurtzeko prozedura proposatzen da, baina LAPhorren dimentsioak (eskala handiko proiektuentzako kokapen kopuruak eta lurralde-azalerak) prozedura horren zentzua eta baliagarritasuna zalantzan jartzen ditu.

9/2021 Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzko legearekin jarraituz, 3. Artikuluak (Printzipioak) dio:

1.-Euskal administrazio publikoek lege hau aplikatzen dutenean printzipio hauetan oinarri­tuta jardungo dute: administrazioarteko koordinazio eta elkarlana, jasangarritasuna, prebentzioa, zuhurtasuna edo kautela, kalteak konpontzea (sorburuan konpontzea lehenetsiko da), eta kutsa­tzen, suntsitzen edo andeatzen duenak konpentsatzea eta leheneratzea.

Administrazioarteko koordinazio eta elkarlanari dagokionez, aurreko atalean aipatu da EEBB-LAParen izapidetzearen informazioa jendaurrean jartzeko epea,  tokiko Gobernuak osatzeko hauteskunde-garaian ireki dela; Tokiko Gobernuak desegin ostean. Bistakoa denez, haien parte-hartzea zaildu da LAPhonen izapidetze-prozeduran, EEBB-LAParen eta 9/2021 Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzko legearen bateragarritasuna aztertzeko epeak murriztuta. Gainera, EEBB-LAPak salbuespenezko prozedurak eta neurriak aplikatzea aurreikusten du: hain zuzen ere, xedatzen du Eusko Jaurlaritzak eremu berriak onartu ahal izango dituela eskala ertain eta handiko energia eoliko eta fotovoltaikoa ekoizteko proiektuak zuzenean ezartzeko, baldin eta "Interes Publiko Gorenekotzat" jotzen baditu. Horretarako, "Euskadiko Ingurumen Administrazioari" buruzko 10/2021 Legea (Tapia Legea) onartu ondoren Lurralde Antolamenduari buruzko Legean sartutako presazko prozedura erabiliz. Lege horren azken xedapenetatik bosgarrenak aukera ematen dio Eusko Jaurlaritzari bertan behera uzteko Lurralde Antolamenduko planetan eta horiek gauzatzeko oztopo izan daitezkeen udal-plangintzetan ezarritako zehaztapenak.

Horrek, erabat zailduko luke ez Tokiko Erakundeek 9/2021 Legea bete eta betearazteko betekizuna bakarrik, baita herritarren natura-ondarea babestu eta kontserbatzeko dutena ere.

Jasangarritasunari dagokionez, oso eztabaidagarria da EEBB-LAPak zentral eolikoak kokatzeko baliatutako arrazoiketa aipatutako 9/2021 Legearen printzipio horrekin bateragarria den. Izan ere, “bazterketa-eremuetan sartzen ez diren lurzoru urbanizaezineko azalera guztiak --zentral eoliko eta fotovoltakok kokatzeko- -Zona Egokien –barruan sartuko dira, eta horiek mota horretako instalazioak hartzeko gaitasun desberdina izango dute. Hori oinarri hartuta, LPSaren aplikazio-arauek, "gaitasun-eremuak" definitzen dituzte:  instalazioak hartzeko gaitasunaren mailaketa ezartzen da --altua, ertaina, baxua edo oso baxua--". Alegia, behin landa eremu ia osoa eremu potentziala bihurtu ostean, kokapen egokienak identifikatzen dira “gurutzaketa bat egin da 1. fasean identifikatutako aldeko baliabide gordina duten eremuen eta lurraldearen ingurumen-sentikortasunaren artean. (HOD 87. Or).

Hau da, zentral eoliko eta fotovoltaikoak kokatzeko, lurraldea gaitasun-eremuetan eta "gehieneko, goi-mailako, neurrizko edo behe-mailako ingurumen-sentikortasuneko" eremuetan mailakatzen du. Energia eolikorako kokaleku edo Lokalizazio Eremu Hautatu (ZLS) guztiak "aldeko haize-baliabide gordina" duten eremuetan badaude ere (Informazio-planoen 2.2 planoa, "Aldeko baliabide eoliko gordina" izenekoa), deigarria da, eskala handiko instalazio eolikoak ezartzeko hautatu diren ZLS edo kokaleku ia guztiak "gaitasun txikiko" eremutzat jotako eremuetan daudela (1.2.2 zk.ko planoa. "Energia eolikoaren gaitasun-eremuak", eta 1.2.4. plano-seriea). EEBB-LAPan definitzen denez: "gaitasun txikiko" eremuak dira: "aldeko baliabidea izanik, ingurumen-sentsibilitate handiko eremuetan sartuta dauden zonak, edo ingurumen-sentsibilitate handiko eremuetan, baina ez dute aldeko baliabiderik" (HOD 87. Or).

Bada, argi dago hau ez dela bateragarria 9/2021 Legea ikuspegi jasangarritik betetzeko printzipioarekin.

Zuhurtziari dagokionez, beste hainbeste esan daiteke. EEB-LAPak atal horretan bertan jasotzen duena irakurtzean (HOD 87-88, azpimarrarik gabe):

“Hala ere, gaitasun ertaineko eremuak, ondorio guztietarako, gaitasun handiko eremutzat hartu ahal izango dira, baldin eta sentikortasun ertaineko edo txikiko eremuetan egonda, justifikatuta badago eremu horietan aldeko baliabidea dagoela, LAP honetan baliabidea autonomia-erkidegoan balioetsi baita, eta, beraz, hobi eoliko mesedegarri gehiago identifikatu ahal izango dira, kokapen zehatzetan xehetasun handiagoko azterketak eginez.

Era berean, gaitasun baxuko eremuak, ondorio guztietarako, gaitasun ertaineko eremutzat hartu ahal izango dira, baldin eta ingurumen-sentsibilitate handiko eremuetan egonda, eremu horietan aldeko baliabidea egotea justifikatzen bada.

Era berean, gaitasun oso baxuko eremuak Gaitasun baxuko eremutzat hartu ahal izango dira ondorio guztietarako, baldin eta ingurumen-sentsibilitate handieneko zonetan egonik, eremu horietan aldeko baliabidea egotea justifikatzen bada.

Zentral eolikoen kokapenerako gaitasun-eremuak ezartzeko baliabidea haizea da. Haizeak ingurumen-sentsibilitatearekin duen loturarik egin gabe, aurreko irizpideek landa-eremuan eskala handiko zentral eoliko eta fotovoltaikoak ezartzeko aukera mugagabea eskaintzen dute, 9/2021 Legea ahalgabetuz.

Kalteak konpontzea (sorburuan konpontzea lehenetsiko da), eta kutsa­tzen, suntsitzen edo andeatzen duenak konpentsatzea eta leheneratzea printzipioei dagokienez, azpimarratu behar da eskala handiko azpiegitura hauek biodibertsitatean eragin dezaketen kaltea ez dela neurtzen eta konpontzen erraza.

Aurrerago aipatuko dugunez, arrisku bizia dira hainbat flora eta fauna espezientzat eta horien inguruko azterketa bateraturik ez da egiten.

9/2021 Legearekin jarraituz, 6. Artikuluan, Botere publikoen betebeharra, aipatzen da:

2.– Administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan:

a) Informazioa eskuratzea erraztu eta parte-hartze publikoa sustatuko dute; halaber, lege honen helburuak betetzeko lagungarri izango diren jarduerak sustatuko dituzte.

b) …

c) Natura-ondarea kontserbatzeko eta baloratzeko, biodibertsitatea eta geodibertsitatea babes­teko, baliabide naturalak kontserbatzeko eta modu jasangarrian erabiltzeko, habitaten zatikatzea prebenitzeko, eta ekosistemen osotasunari eta ekosistemen zerbitzuei eusteko eta, hala bada­gokio, leheneratzeko beharrezkoak diren helburu eta aurreikuspenak txertatuko dituzte politika sektorialetan.

Informazioa erraztu eta eskuratzeari dagokionez, EEBB-LAPan izapidetzean, naturaren ondarearen kontserbazioari buruzko txosten esanguratsuaren irismena zaildu da hain zuzen, Ingurumen Jasangarritasuneko Zerbitzuak eta Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak 2022ko urtarrilaren 31n egindako txostena, Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren Ohiko Ingurumen Ebaluazio Estrategikoari buruzkoa (Esp.: 21/45, Arabako Foru Aldundia). Txosten honek zehatz-mehatz azaltzen ditu EEBB-LAPak hautatutako 13 kokaleku eolikoek Arabako hegazti-faunarentzat balio handia duten hainbat eremutan eragindako inpaktu larriak eta Arabako Foru Aldundiak emandako aurretiazko kontsultei erantzuteko txosten hau ez da jendaurrean jarri (http://www.arabakomendiakaske.com/alegaciones-pts / estekan dago eskuragarri dokumentu hau). Politika sektorialetan natur kontserbaziorako irizpideak txertatzeari dagokionez, ez da irizpide argirik ematen EEBB-LAPak proposatzen dituen eskala handiko energia eskuratzeko proiektuak bideratzeko aukera anitzetan.

Bada, laburtu daiteke, berretsiz, EEBB-LAPak ez dituela bere egiten 9/2021 legeak ezartzen dituen Botere Publikoen betebeharrak.

Aipatutako Legearen 7. Artikuluak Herritarren eskubideak eta betebeharrak zehazten ditu:

1.– Pertsona guztiek dute batera bizitzeko eta natura-ondareaz gozatzeko eskubidea eta ondare hori kontserbatzeko, era arduratsuan erabiltzeko, narria dadila saihesteko eta eragindako kaltea aurreikusi eta konpontzeko betebeharra.

2.– Eskubide eta betebehar horiek erabiltzeko orduan, edozelan ere, kontuan hartuko dira natura-ondarea babesteko neurriek eragindako lurzoruaren titularren berezitasunak, bai eta eko­sistemen zerbitzuekin lotuta zer eginkizun betetzen duten ere.

3.– Informaziorako sarbideari, herritarren parte-hartzeari eta ingurumen-justiziarako sarbideari buruzko eskubideei dagokienez, indarrean dagoen araudia beteko da.

EEBB-LAPhonen garapenak ondare naturalean izan dezakeen eragina kontuan izanda, herritarren euren betebehar eta eskubideak gauzatzeko Planak proposatzen ez dituen parte-hartze espazioak eta bideak ezinbestekoak dira. Planaren izapidetze-denborak ez dira egokiak bere dimentsio osoan aztertu eta ingurumen eta natur kontserbazioaren  ikuspegitik ekarpenak egiteko. Kontuan izanda, gainera, LAPhonetan proposatzen diren kokalekuen informazio kartografikoa eta topografikoa, ez dela zehatza eta ulerterraza.

Bukatzeko, 9/2021 Legearen 9. Artikulu horretan jasotzen denez:

3.– Energia Berriztagarrien Euskadiko Lurralde Plan Sektorialak irizpideak ezarriko ditu bate­ragarritasuna bermatzeko iturri berriztagarrietako energia-ekoizpeneko instalazio berrien eta natura-ondarearen kontserbazioaren artean, eta natura-ondarean inpaktu larriak eragitea saihes­tuko du.

Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak ez du bateragarritasuna bermatzeko irizpiderik ezarri, ez bederen EEBB-LAPak bere garapen oso eta zehatzak natura-ondarean izan dezakeen inpaktuak kontuan izanda. Gertaera hau larriagoa egiten du 9/2021 Legearen BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA atalean, Igarobide Ekologikoen Euskadiko Katalogoa izenekoan aipatzen denak: “Lege hau indarrean jarri eta bost urtera, Igarobide Ekologikoen Euskadiko Katalogoa argitara­tuko da, dagokion kartografiarekin”.

Katalogo horrek zentzua gal lezake aurretik EEBB-LAPa onartzen bada, bertan aipatzen diren eskala handiko hainbat azpiegitura Eusko Jaurlaritzak 2005ean argitaratutako EAEko Korridore Ekologikoen Sarean kokatu direlako eta azpiegitura horien eraikuntzak eremu horiek “gune babestuen multzoa konektatzeko” duten balio galduko luketelako.

Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzko 9/2021 legeak, natur eremuena ez ezik, biodibertsitatearen babesa eta zaintza ere arautzen du. Hain zuzen, V Tituluan, ESPEZIE BABESTUEN BABESA izenekoan, hitzez hitz dio:   

1.– Euskal administrazio publikoek, beren eskumenen eremuan, modu basatian bizi den biodiber­tsitatea kontserbatzea bermatzeko beharrezko neurriak hartuko dituzte. Horretarako, lehentasuna ematen zaio haien habitatak zaintzeari eta araubide espezifikoak ezartzen dira espezie basatiak babesteko, horien egoerak hala behar duenean. Espezie horiek Babes Bereziko Araubidean dau­den Espezie Basatien Zerrendan edo Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan sartzen dira.

2.– Lege honetan eta indarrean dagoen gainerako legerian ezarritako printzipioak errespetatuz, euskal administrazio publikoen jarduna espezie basatiak kontserbatzeko honako jarraibide haue­tan oinarrituko da:

a) Lehentasunezko arreta eskaintzea habitat eta espezie basatiak babesteari, haietan eragina izan dezaketen politikak definitzean eta ezartzean.

Landarediaren babesa eta kontserbazioa

Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialean jasotzen denez, eskala handiko energia ekoizteko azpiegitura eolikoen garapenak “Eraldaketa nabarmena da, izan ere, proiektu eolikoak, baliabidearen kokapena dela eta, landaredi-komunitateak eta are intereseko habitatak ere izateko aukera handiak dituzten mendilerroetan kokatu ohi dira. Hala ere, aldaketa hori arindu egiten da proposatutako zonifikazioaren ondorioz; izan ere, eremu babestuen eskala handieneko instalazioak, floraren interes bereziko eremuak, lehengoratze-planak eta lehentasunezko intereseko habitatak baztertzen ditu, baita diseinu-jarraibideak eta inpaktua leheneratzeko eta/edo konpentsatzeko aukerak ere(IAE, 254. or). Azpimarratutako atal hori, baina, babestutako natur eremuetarako bakarrik da aplikagarria eta Natura 2000 sareko eremuak EEBB-LAP honetatik kanpo gelditu dira. Beraz, sobera dago azalpena.

Eguzki-poligonoen inpaktuari dagokionez, natura- eta nekazaritza-ondarearen degradazioa eragiteko gaitasun handia duten instalazioak dira. EEBB-LAParen arabera, kokalekuek eguzki-energia fotovoltaikoarentzat eragindako “Eraldaketa eskasa da; izan ere, lurralde-antolamendua arautzen duten irizpideetako bat den aldetik, Natura 2000 Sareko guneak eremuetatik kanpo utzi dira, eskala ertain eta handiko proiektu berriztagarri fotovoltaikoak hartzeko, zuzeneko eraginak saihestuz. Horrela, ezarpen horrek ez die eragingo Natura 2000 Sarea eta beste gune babestu batzuk osatzen dituzten intereseko habitatei, eta teknologia horrek ere ez du zeharkako inpaktu esanguratsurik eragingo sakabanatzeko gaitasuna duten elementuetan, hala nola hegaztietan eta kiropteroetan, energia eolikoan ez bezala.. (IAE, 268.  or).

Kontua da baina, basa bizitza ez dagoela Natura 2000 Sareko eremuan kontzentratuta. 9/2021 Legeak basa-bizitzaren kontserbazioa bermatzea du helburu, administrazioaren eta herritarron betebeharra baita biodibertsitatea zaintzea: babestutako eremuetan eta babestutako eremuetatik kanpo.  

EEBB-LAParen Antolamendu Planoetan mugatutako eguzki-kokalekuek ehunka hektarea hartzen dituzte Nekazaritza, Abeltzaintza eta Landazabaleko Eremuaren kategorian sartutako lursailetan ("Trantsizioko Landa Paisaia" azpikategoria, landatutako eremuak eta landazabaleko eremuak belardi eta baso-unada txikiz estalitako eremuak biltzen dituena), bai eta “Mendiak” kategoriari dagozkion lurzoruak ere (Basoa-Mendi Orbanak azpikategoria): asko eta asko, korridore ekologikoetan. Landa-eremuetan eta mendi-eremuetan nabarmenak dira basoak eta kontserbatutako natur eremuak ez ezik, landazabalak, baratze-laboreak eta zuhaiztiak barne. Eremu horietan ugariak dira, hegaztiak ez ezik, bestelako bizidunak; lurzoruaren erabilera-mosaikoak ingurune horiek berezi egiten baititu.

Eremu horietan eskala handiko azpiegiturak ezartzeak modu basatian bizi den basabizitza kaltetuko luke, biodibertsitatearen kontserbazioa zailduz.

Faunaren babesa eta kontserbazioa

EEBB-LAPean jasotzen denez, eskala handiko zentral eolikoen eraikuntzak “Eragin negatibo larria eragingo du, iraunkortasun handiarekin eta inpaktu horrek eragin ditzakeen espezieen mugimendu-erradioak oro har estimatutako eraginarekin”. Horrekin batera aipatzen da: “proiektu eolikoek hegaztiek eta kiropteroek talka egiteko arriskua dakartelako, eta hori delako teknologia mota horren inpaktu nagusietako bat, literatura zientifikoarekin bat datorrena”. ((IAE, 256.  or).

Nolabait, saiatzen da eragin larri hau leuntzen, argibide hauekin: “Maila estrategikoan hartutako neurrien ondorioz, transformazio-maila handia da, eta neurri horien artean nabarmentzekoak dira ingurumen-irizpideekin egindako zonifikazioa eta aurretiazko azterketetarako ezarritako irismena, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren barruan sartzen baita, hala badagokio”. Honek baina, balio gutxi du aurretik kokapen guztiak balekoak kontsideratu direnean.

Arrisku eta eragin hauek jasotzen zituen EEBB-LAP Aurrerapen Dokumentu Memoriak 90. orrian:

Aipamen berezia egin behar da energia eolikoaren garapenari dagokionez; izan ere, berezko ezaugarriak direla-eta, eragin larria izan dezake mehatxupean dauden hegazti- eta kiroptero-komunitateentzat, eta haren mehatxu nagusia honako hauek dira: zuzeneko hilkortasuna (talkak eta/edo barotrauma kiropteroen kasuan), habitata galtzea (habitata suntsitzea, degradatzea eta/edo aldatzea), hesi-efektua (migrazio-bideak oztopatzea edo elikadura- eta atseden-guneak oztopatzea) eta/edo obren eta jardueren beraren ondoriozko eragozpenak.

Martxan dauden parke eolikoetan hegaztien eta saguzarren zuzeneko heriotza-tasaren jarraipena egiteko metodologiek hildakoen gorpuak detektatzearekin lotutako eragozpenak dituzte, eta eragozpen horiek are nabarmenagoak dira paseriformeekin eta, bereziki, saguzarrekin, aldi berean gorpuen detekzio-tasa oso baxuak eta banakoen desagertze-tasa oso altuak dituztelako. Dena den, azken urteotan baieztatu ahal izan da talken ondorioz eragindako kiropteroen heriotza-tasa hegaztiena baino handiagoa dela. Zehazki, EUROBATSen arabera, Europan, aerosorgailuko 6,3 eta 99 saguzar artean hiltzen dira urtean; aerosorgailuko eta urteko hegaztien heriotza-tasa, ordea, Espainiako Ornitologia Elkartearen arabera (Atienza et al. 2011) 1,2 da Oizko Parke Eolikoan (Euskadin) eta 64,26 Erreniegako Parke Eolikoan (Nafarroan).

EEBB-LAP Hasierako Dokumentuan, 187. orrian ere azpimarratzen da:  

“…, parke eolikoek hegazti-faunari eta kiropteroei eragiten dizkieten kalteen kasu zehatza aipatu behar da. Dokumentatu egin dira hegaztien eta saguzarren heriotzak, ez bakarrik azpiegiturarekin zuzenean inpaktu edo talka egiteagatik, baita palen birak eragindako presio atmosferikoaren aldaketengatik ere, eta, neurri txikiagoan, fauna-mota horrek maiz erabiltzen dituen habitatak aldatzearen ondorioz, nahi gabeko afekzioak eraginez, bereziki ugalketa- eta hazkuntza-garaietan, ustiapen-fasean eragindako inpaktu akustikoaren ondorioz. Horregatik, plangintzari dagokionez, ezinbestekoa da energia-aprobetxamendu mota hori bateragarri egitea natura-elementu kalteberenen kontserbazioarekin, kasu honetan faunarenarekin; izan ere, hori funtsezkoa da biodibertsitatea eta ematen dituzten zerbitzu ekosistemikoak mantentzeko, eta bigarren mailan, horien inguruan sortzen den sektore ekonomikoa, hala nola ekoturismoa zaintzeko”.

Kontua da EEBB-LAPak ez duela esaten NOLA EGIN BATERAGARRI faunan halako eragina izango duten instalazioen energia aprobetxamendua eta biodibertsitatearen biziraupnea.

Energia ekoizteko zentral eolikoen inpaktua larria izan daitekeela hegaztiengan eta kiropteroengan. Horregatik, garrantzia berezia hartzen dute Eusko Jaurlaritzak eta hiru lurraldeetako Aldundiek 2015. urtean adostutako “EAEko interes komunitarioko hegazti nekrofagoek kudeatzeko plan bateratuak” zein  eta 2019an adostutako “EAEn lurrazpian eta eraikinetan bizi diren Kiropteroen kudeaketa plan bateratuak”.

Lehenari dagokionez (Plan conjunto de Gestión de las aves necrófagas de interés comunitario de la Comunidad Autónoma del País Vasco), 12.4 artikuluan jasotzen da (12. or): 

4.- Para evitar el riesgo de colisión contra los aerogeneradores y los tendidos de evacuación de energía, se evitará la instalación de centrales eólicas en las Áreas de Interés Especial para las aves necrófagas de interés comunitario y en especial, en un radio de 10 Km en torno a las Áreas Críticas para el Quebrantahuesos y/o el Alimoche.

Sai zuriaren (Neophron pernocterus) eta bereziki, sai arrearen (Gyps fulvus) kasuan, irizpide hau bete ezinezkoa da, azken honi dagokionez, 3.1.2. puntuan jartzen duen bezala, ia ezinezkoa bihurtzen da “En el País Vasco ocupa las zonas montañosas de los tres Territorios Históricos, localizándose las principales buitreras en las sierras occidentales alavesas de Valderejo, Sobrón y Sierra Salvada. No obstante, el área de campeo y de alimentación se extiende prácticamente por toda la Comunidad Autónoma, aunque la franja costera es poco frecuentada.”

Ondorengo atala EEBB-LAParen Aurrerapen Dokumentuan, 91-92 orrietan, irakur daiteke:  

“Euskadiko Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planean, aipatutako sai zuriaren, sai arrearen eta ugatzaren (Gypaetus barbatus) populazioak kontserbatzeko beharrezko neurriak proposatzen dira:.

-      

-       …Ugatzaren eta sai zuriaren eremu kritikoetako 250 metroko erradioan azpiegiturak instalatzea arautzen duen 7. artikuluan ezarritako debekuak, eta gehitzen du zentral eolikoak ez direla instalatuko haien inguruko 10 km-ko erradioan (12.4 artikulua).

-       Hegaztientzako janlekuei dagokienez, ordea, adierazten du horiek ezin izango direla kokatu aireko instalazio elektrikoetatik 1 km-tik beherako distantziara, ezta energia eolikoa ekoizteko instalazioetatik 3 km-tik beherako distantziara ere. Hala ere, aireko instalazio elektrikoetarako distantzia laburragoa izan daiteke, baldin eta aireko instalazioek hegazti-faunak talka egiteko eta elektrokutatzeko arriskuen kontrako seinale- eta babes-sistemak badituzte (19.4 artikulua).

Hori dela eta, lehen aipatutako kudeaketa-planetan adierazitako babes-eremuen erradio edo azalerei dagokienez, honako ohar hauek egin behar dira:

-       Alde batetik, tamaina horretako eremu edo distantziak zehaztean ia erabat eragozten dute parke eolikoak garatzea lurralde osoan, eta zenbait eremu gelditzen dira horiek garatzeko, eta litekeena da horiek behar besteko baliabiderik ez izatea instalazioen bideragarritasuna ziurtatzeko. Hala ere, eremu kritiko horien kokapena denborarekin aldatzen denez, LPSak ezingo luke behar den lurzorua erreserbatu edo antolatu, gerta daitezkeen aldaketen zain egon behar badu.

-       Era berean, hain babes-eremu zabalak ezartzean, litekeena da esparru horien barruan espezie horiek garatzeko egokiak ez diren habitatak egotea, parke eolikoak egiteko bideragarriak izan daitezkeenak, alegia. Hortaz, beharrezkoa da garapen eolikoa eta basa-faunaren kontserbazioa bateragarri egiteko modu egokiago bat aurkitzea, are gehiago esperientziak dioenez, instalazioa egoki kokatu izanez gero, hegaztien eta kiropteroen gaineko inpaktu gehienak murriztu edo saihestu ere egin zitezkeelako, oro har ondorio kaltegarriak aerosorgailu jakin batzuei lotuta baitaude, eta ez parke eoliko osoei.

EEBB-LAPak eskatzen duen bezala, “modu egokiagoa” aurkitzeko bi baldintza bederen, bete beharko lirateke: lehena, hegazti nekrofagoen kudeaketa plan bateratua hiru lurraldeetan indarrean egotea, eta Gipuzkoan Foru Aldundiak ez dio onarpenik eman planari, Gipuzkoako Batzar Nagusiek eskaera egina duten arren; bigarrena, hegazti hauen ugaltze- eta hedatze-eremuen, mugaketa zehatza egitea.

Informazio hori, balego, ez da kontuan hartu EEBB-LAPan.

Dena dela, eta idatzitakoari men eginez, modu egokienak aurkitzeak ere ez luke balioko txostenean jasotzen denez, kudeaketa planean jasotako “tamaina horretako eremu edo distantziak zehaztean ia erabat eragozten dute parke eolikoak garatzea lurralde osoan, eta zenbait eremu gelditzen dira horiek garatzeko”. Alegia, aukeratu beharra dago: edo Euskadiko Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak kontserbatu edo Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala onetsi. EEBB-LAPean jasotzen denez, ez dira bateragarriak.

Kiroptero edo saguzarren kasua ez da esperantzagarriagoa. EEBB-LAParen izapidetzean aurretiazko kontsultei emandako erantzunen eranskinean, Ingurumen Agintaritzen Sareak egindako eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak argitaratutako "Lurreko parke eolikoaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismena" izeneko dokumentuak ezartzen du "Natura 2000 Sareko eremuetan eta haren ingurune hurbilean (1-5 Km kiropteroak dituzten KBEetarako eta 2-10 Km ZEPAetarako) eta edozein motatako naturgune babestuetan eta horien babes-eremu periferikoetan" aukerak saihestu behar direla. Horren aurrean, EEBB-LAPak dio (Ingurumen Azterlan Estrategikoa. IV. eranskina: Aurretiazko kontsultei erantzutea, 12. or):  

“Ez da egokitzat jotzen zuzenean naturagune babestuen inguruan baztertzea, espazio horiek izendatzea eragin duten funtsezko elementuak espazio horien eremuaren barruan baitaude. Instalazioak espazio horietatik kanpo egoteak ez du eraginik intereseko habitat edo aterpeei dagozkien balioetan; aitzitik, funtsezko elementu mugikorren gaineko eragina, hegaztien eta kiropteroen gainekoa, hegaldi-ibilbideak eta jarduera handiagoko eremu espezifikoak zehazten dituzten azterketa espezifikoen bidez bakarrik ezar daiteke proiektuaren mailan, baina ulertzen da ez direla orokorrean baztertu behar, behar bezala justifikatu gabe, eta, gainera, aipatutako dokumentuak proposatutako erradioen orokortasuna, gehiegizko zabaltasuna eta justifikaziorik eza kontuan hartzen dira. Gainera, linea elektrikoak ez daude zonifikazioaren barruan, sortzeinstalazioei soilik aplikatzen baitzaie, linea elektrikoek inpaktu desberdinak dituztelako eta zonifikazio independentea beharko luketelako.

Azalpen hauen baitan, intereseko espezieen habitatak babestutako naturaguneetara mugatzen dira. Horrek ez du oinarri ekologikorik eta beste behin berretsi daiteke,  berretsi daiteke EEBB-LAPak ez duela betetzen 9/2021 natura-ondarearen kontserbazioari buruzko Legeak eskatzen duen zuhurtzia printzipioa.

Hegazti nekrofagoa ez bada ere, aipatzekoa da arriskuan dauden espezieen zerrendan dagoen (139/2011 Errege Dekretua) eta Euskadin (2013ko ekainaren 18ko Agindua) miru gorriaren (Milvus milvus) kasua. Espezie honen populazioen jarraipen zehatza egiten ari direlarik, eta dagoeneko Estatuan jaso diren datuak ikusita, bistakoa da haize-sorgailuak etorkizuneko mehatxu potentzialki larria direla (“Denunciamos la muerte de un milano real en un parque eólico de Zaragoza. El ejemplar llevaba un emisor GPS-GSM y fue marcado dentro del proyecto LIFE Eurokite, un proyecto transfronterizo para la conservación del milano real en Europa -- https://seo.org/denunciamos-la-muerte-de-un-milano-real-en-un-parque-eolico-de-zaragoza/ .

EEBB-LAPak proposatzen dituen eskala handiko azpiegitura eolikoek hegaztiengan eragin dezaketen eraginekin bukatzeko, mentzio berezia merezi du Planak hegazti migratzaileei buruz jasotzen duenak. Hegazti migratzaileen migrazio-lerroei dagokionez, aipatutako Planean jasotzen da “Aireko korridoreei dagokienez, 2.1.3.7 atalean aztertu dira, eta ez da ikusi Euskal Autonomia Erkidegoko azalera osoan garrantzi handiko korridorerik, kontsultatutako literaturarekin bat etorriz. Litekeena da eskala txikiagoko korridoreak egotea, baina gaur egun ez dago horri buruzko informaziorik). (IAE 257). Aurrerago, 2.1.3.7 Aireko korridoreak atalean arreta jarrita, ondorengoa irakur daiteke (azpimarrarik gabe), 154-156 orrietan:

“Euskadiko Azpiegitura Berdeak eta Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeko azaroaren 25eko 9/2021 Legeak ezartzen dute beharrezkoa dela konektibitate ekologiko egokia bermatzea, ez bakarrik lehorrean, 2.4.4.3 atalean aztertu den bezala, baita aireko korridoreetan ere.

Hala ere, aireko korridore horien mugaketa baldintzatuta dago migrazioan dauden hegaztiek jarraitzen dituzten ibilbide erregularrak nolabaiteko konfiantza-mailarekin zehaztu ahal izateko informazio nahikoa biltzeko zailtasunaren ondorioz; izan ere, ahalegin handia egin behar da gutxieneko datu adierazgarriak izateko behar adina indibiduo erradiomarkatzeko.

Dokumentu hau aurkezteko datan, ez da jakin Euskadiko hegaztien migrazio-ibilbideei buruzko informazio kartografikorik, LAParen eskalan erabil daitekeenik. Hori dela eta, gai horri buruzko berrikuspen bibliografiko bat egin da, eta duela gutxi egindako argitalpen interesgarri bat --(Gauld JC, et al (2022) Hotspots in the grid: Avian sensitivity and vulnerability to collision risk from energy infrastructure interactions in Europe and North Africa, Journal of Applied Ecology--) hautatu da, Europan eta Afrika Iparraldean energia-azpiegiturekin talka egiteko sentikortasunari eta kalteberatasunari buruzkoa, bereziki hegazti migratzaileei dagokienez. Argitalpen horretan, azpiegitura energetikoarekin talka egiteko arriskua duten 27 hegazti-espezieren 1.4544 aleko datuak erabili ziren, eta sentsibilitate-eredu bat diseinatu zen.

Aurreko irudietan ikusten den bezala, GPS datuekin lortutako emaitzek iradokitzen dute hegazti-espezieek lehorreko eremuak erabiltzen dituztela migrazioan, estuak erabiliz eta ahalik eta itsas eremu gehien saihestuz. Beraz, Pirinioetatik igarotzeko fluxu handia gertatzen da, NE-SW norabidean, eta, horren ondorioz, Euskadin ale migratzaileen datu oso gutxi daude, korridore nagusiak dituen eremuaren mendebaldera doazelako.

Euskadiko arrisku-mailen xehetasun-irudian ikusten denez, ia ez dago erregistrorik edo datu nahikorik, eta zona batzuetan soilik, batez ere kostaldearekin lotuta, ikusten dira arrisku oso txikiko pixel batzuk.

Horregatik, informazio zehatzagorik ez dagoenez, eta artikulu zientifiko honetan azaldutako arrisku txikiaren ondorioz, ez da egokitzat jotzen irizpide hori lurralde-eredua definitzeko irizpideetako bat izatea, ez baitago informaziorik aireko korridoreei dagokienez sentikortasun handiko eremuak iradokitzen dituenik.

Azalpen horietan, berariaz nahasten dira EAEk duen kokapen geografikoa eta horrek hegaztien migrazioan duen garrantzia eta migrazio horietan, alegia aireko korridore horiei lotuta, egin diren hegaztien hilkortasunari buruzko azterketak.  EAEk duen kokapenarengatik hegaztien migraziorako betetzen duen garrantzia estrategikoa Eusko Jaurlaritzak bere web orrian (https://www.legegunea.euskadi.eus/euskal-herria-enblematikoa-entziklopedia-euskal-herriko-fauna-hegaztiak/webleg00-contfich/es/) ikusgai daukan Euskal Herria entziklopedia enblematikoa: Euskal Herriko fauna /(hegaztiak) argitalpenean irakur daiteke: “Euskal Herria Pirinioetako zatirik lauenaren eta Bizkaiko Golkoaren artean kokatuta, eta garrantzi bereziko migrazio-bide baten barruan egotea dakar horrek. Euskal Herriko mendateak eta kostaldea oso leku aproposak dira, dagokion egunetan, hegazti migratzaileak ikusteko. Egun zehatz batzuetan, ikuskizun bikaina dago, eta ornitologo eta zale asko biltzen dira” (II Euskal Herriko Fauna, ETOR-OSTOA S.L. argitaletxeak, besteak beste, EKOS Ingurumenari buruzko ikerlanak, S.L. egilearen parte-hartzearekin 2008an argitaratua). Ikuspegi zientifikotik, ez dago zalantzan jartzerik hegaztien migraziorako gure lurraldeak duen garrantzia.

Eguzki-energiaren ekoizpenerako azpiegitura fotovoltaiko handiek hegazti-faunan duten eraginari dagokionez, EEBB-LAParen Ingurumen Ebaluazio Estrategikoak ez dio inolako arretarik jartzen, nahiz eta ohartarazten duen nekazaritza-inguruneko hegazti arruntek % 44ko beherakada izan duten Euskadin 1998 eta 2019 artean.

Bada, kasu honetan ere, argi dago EEBB-LAPak ez duela betetzen 9/2021 natura-ondarearen kontserbazioari buruzko Legeak eskatzen duen zuhurtzia printzipioa.

Azkenik, aipagarria da 9/2021 Legearen 9. Artikuluan, Natura-ondarea eta klima-aldaketa deituan, jasotakoa:

1.– Natura-ondarea kontserbatzeko, klima-aldaketa inpaktua arintzeko eta natura-ondarea aldaketa horretara egokitzeko, euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, besteak beste, honako helburu hauek lortzeko jardungo dute:

a) Ekosistemen aniztasuna eta erresilientzia eta haien kontserbazio-egoera ona bermatzea, konektagarritasun ekologikoa areagotzea, ekosistemek ematen dituzten zerbitzuak babestea eta sustatzea eta dauden presioak murriztea.

b) Baso-habitatak, belardiak eta larreak, hezeguneak, itsas belardiak eta beste habitat batzuk garatzen eta leheneratzen laguntzea, klima-aldaketarekiko erresilientzia hobetzeko, karbono-hus­tubide gisa duten gaitasuna areagotuz, baita hiri-eremuetan ere, bereziki ingurumen aldetik sentikorrak diren eremuetan, espezie autoktonoen tokiko barietateak lehenetsiz.

c) Lurrean, landare-estalkian eta uretan muturreko fenomeno naturalek eragindako ondorioak saihestea edo minimizatzea, eta, hala badagokio, aurreko baldintzak leheneratzea. Dauden erregistro historikoetan oinarrituta, administrazioek prebentzio-neurriak ezarriko dituzte, feno­meno horietara egokitzeko gaitasuna areagotuz, bereziki landare-estalkiaren, lurzoruaren eta natura-ondareko gune babestuen babesa handituz.

d) Azpiegitura berdea eta irtenbide naturalak sustatzea, klima-aldaketaren inpaktuak murrizteko balio duten neurri gisa, bereziki natura-ondareko gune babestuen ondoko eremuetan.

e) Aurreikuspen-ereduak izatea, espezIAEk eta komunitateek aldaketei emandako erantzunetan eta klimaren eskualde-ereduen proiekzioetan oinarrituta.

f)

g) Naturaguneek kliman gertatzen diren aldaketen aurrean duten erresilientzia handitzea eta, gainera, espazio horiek aprobetxatzea landa-eremuen eta hiri-inguruetako eremuen erresilientzia hobetzeko.

h) Lurzoruek, biomasak eta hildako egurrak karbonoa xurgatzeko duten gaitasuna handitzea.

i)

j)

k) Klima-aldaketa natura-ondarea kudeatzeko tresnetan sartzea.

Aipatutako neurri hauek guztiak kontrajartzen dira natur eta landa eremuan eskala handiko azpiegiturak eraikitzeko EEBB-LAPak proposatzen duen plangintzarekin. 9/2021 Legean klima-aldaketari aurre egiteko proposatzen diren neurriak erabat bateraezinak dira EEBB-LAParekin.

Laburtuz esan daiteke, EEBB-LAPa ez dela bateragarria babestutako naturaguneekin eta ezta babestutako espeziekin ere, bereziki larria izanik babestutako eremuen arteko azpiegitura berdeen edo korridore ekologikoetan izan dezakeen eragina.

Larrialdi klimatikoak ez du justifikatzen eta ez du saihestu edota zaildu behar biodibertsitatearen galera eta horregatik da kezkagarria EEBB-LAPean 15.6 Bateragarritasuna ingurumen- eta ekologia-elementuekin atalean, 187. orrian datorrena:

“Neurri batean, Energia Berriztagarrien LAPetik eratorritako azpiegituren garapenak gatazka ekar dezake espazio horien kontserbazioan, bai eta bertan bizi diren espezieena eta horiek osatzen dituzten elementu abiotikoena ere, hala nola lurzorua, ura, geomorfologia, etab.

Parke eolikoak eta instalazio fotovoltaikoak dira, zalantzarik gabe, natura-ingurunearen kontserbazioarekin bateraezintasun handienak sor ditzaketen energia-motak; izan ere, garatu ahal izateko azalera handia okupatu behar duen aprobetxamendua da. Horrek eragina izan dezake babes-erregimena duten eremuetan, bai eta lurraldean bizi diren flora- eta fauna-espezien gainean ere, jarduera behar bezala planifikatzen ez bada eta, kokalekuari dagokionez, justifikazio ezin hobea egiten ez bada proiektu-mailan..

5. EUSKADIKO ENERGIA BERRIZTAGARRIEN LURRALDE PLAN SEKTORIALAK EZ DITU KONTUAN HARTZEN ENERGIA BERRIZTAGARRIEN APROBETXAMENDURAKO AZPIEGITUREN FUNTSEZKO ERAGINAK: bereziki, LAPean nahitaez aurkeztu beharreko Ingurumen Ebaluazio Estrategikoan ez dira aipatzen energia-sarbideak eta ebakuazio-lerroak.

Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak, eskala handiko energia ekoizpenerako zentralak “B motako izaera ez-linealeko zerbitzuen instalazio teknikoak" direla kontsideratzeaz gain, Planean nahitaez jaso beharreko Ingurumen Ebaluazio Estrategikoak sorkuntzarako azpiegiturak baino ez ditu hartzen kontuan; ez du aurreikusten ez energia-sarbiderik eta ezta ebaluazio-lerrorik ere. Alegia, azpiegitura horien dimentsioa ez da erreala, alta, guztiz okerra da eta horrek, ingurumen ebaluazioaren irismena eta helburuak desitxuratu ditu.

Batetik, azpimarragarria da proposatzen diren dimentsioko haize-erroen garraioak pista berrien eraikuntzan eta lehendik egindako errepideetako segurtasunean eragin dezakeen inpaktua. EEBB-LAPak berak, planaren garapenak bide-segurtasunean izan ditzakeen ondorioak aipatzen ditu, baina ez dio ezer pista berri horiek egiteak eragingo lituzkeen ingurumen-eraginen inguruan.

Bestetik, EEBB-LAPak ez ditu ebaluatzen azpiegitura “osagarrien” eraginak; txostenak dionez, “Zonifikazio honen xede ez dira izango horiei lotutako instalazio osagarriak, hala nola sarbideak, hesiak, ebakuazio-linea elektrikoak, etab. Horien balorazioa proiektuaren eskalan egin beharko da, instalazio osagarri horietako bakoitzaren berariazko xehetasunak zehaztuta daudenean (aireko edo lurpeko linea, bide-sarea, hesitutako altuera, etab.” (IEA, 200. or).

EEBB-LAPean aurreikusitako azpiegiturek energia banaketa-sare orokorrera sartu ahal izateko beharrezkoak izango dituzten ebakuazio-lineen ibilbideak eta luzerak ez dira aurreikusi, HOP-V.Dokumentua, Ingurumen azterketa estrategikoa, IV.eranskina: Aurretiazko kontsultei erantzutea txostenean, hainbat aldiz errepikatu bezala. Horrek, besteak beste, talka egiten du Planean zehaztutako helburu honekin: "gaur egun Euskadin dagoen energia-banaketako sare elektrikoa lehenestea ahal den neurrian sare horren  erabilera bultza dadin linea elektriko berriak egiteko aukeraren aurretik (Aurrerapen Dokumntua. MEMORIA. 7. or); bistakoa denez, egun dagoen sarea ez delako nahikoa ez azpiegitura hauek ekoitzitako energia jaso eta garraiatzeko bakarrik; ezta gure herritik kanpora ekoitzitako energia berriztagarria eta gure herrian barna, atzerriko eskualdetara eramateko dauden aurreikuspenentzat ere.

BOSGARRENA. Aurretik aipatutakoez gain, EEBB-LAP honek natur ondarean eta biodibertsitatean izango duen eragina ez denez neurtu,  txosten honetan ondorengo alegazioak aurkezten dira.

Bada, funtsezkoak diren elementu hauen ingurumen eraginak aintzat hartu ere ez dituen Ingurumen Ebaluazio Estrategikoa ez da baliagarria  EEBB-LAP honek ondare naturalean eta pertsonen bizi-kalitatean izan ditzakeen ingurumen eraginak ebaluatzeko.

7. ESKAERA

Honengatik guztiarengatik, ondoren sinatzen duenak eskatzen du:

-       Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren (EEBB-LAP) onarpena ezestea.

-       EEBB-LAPa indarrean sartu aurretiko energia berriztagarrien aprobetxamendurako eskala handiko proiektu guztiak (zentral eolikoak eta fotovoltaikoak) gelditzea.

-       Informazioa jendaurrean jartzeko eta EEBB-LAPari alegazioak aurkezteko epeak luzatzea, interesa duten pertsona, elkarte eta administrazio guztiek Plana aztertzeko eta beharrezkotzat jotzen dituzten ekarpenak egiteko behar duten denbora izan dezaten.

………………, 2023ko uztailaren …………………..an.

SINATUTA: …………………………………..

AZKEN OHARRAK

1

Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala egiteko prozesurako baliatzen diren hainbat dokumentu Lurralde Arloko Planaren izenean jaso dira. Dokumentuen artean anabasa izugarria eragiten da bi adiera horiek “Lurralde Plan Sektoriala” eta “Lurralde Arloko Plana” sinonimo gisa baliatu direnean prozesuaren atal ezberdinetan. Eskertzeko litzateke erabakitzea nola itzuliko den euskarara gazteleraz Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak inolako nahasmenik gabe Plan Territorial Sectorial izendatzen duena.

2

Energia berriztagarrien hedapena intentsifikatu ahala, gero eta ozenagoak dira energia berriztagarrien eredu industrialaren garapenak ez duela balio arrazoitzen dutena, haren beharra justifikatzeko baliatzen diren helburuen baitan: eredu honek ez ditu "CO2 emisioak murrizten", ez du "baliabide finituen eta lehengaien gaineko presioa gutxitzen, eta, ondorioz, ezta lurraldearen eta haren balio naturalen gainekoa ere", ez du "biodibertsitatearen kontserbazioa errazten" eta ez du "energiaren erabileraren eraginkortasuna hobetzen, eskualdearen autonomia energetikoa faboratzean" (Aurrerapen Dokumentua: MEMORIA, 176. or).

Argudio hauek guztiak garatzen dituen gero eta literatura zabalagoa aurki daiteke nazioarteko, estatuko zein gure herriko adituek (besteak, beste, ikerlariek) idatzitako artikuluetan, aldizkari zein bestelako hedabide espezializatuetan. Horiek guztiak zerrendatzea gehiegikeria izan daiteke, nahikoa baita “Trantsizio energetikoaren inguruko eztabaida” sareko bilatzaileetan jartzea, iritzi eta datu esanguratsuekin, eztabaidarako argudio mamitsuak irakurtzeko.   