Maiatzaren 22an biodibertsitatearen
nazioarteko eguna ospatzen da. Egun bizi dugun krisialdi ekologiko globalaren
arrazoi eta ondorio nagusia da biodibertsitatearen galera, eta besteak beste, koronabirusak
eragindako pandemiak erakusten du galera horrek guretzat (ere) dituen
arriskuak.
Zientzialarien arabera espezieen 6.
iraungipenaren garaian gaude. Dakigunez, neurri horretako biodibertsitate-galera
kontzienteki eragingo duen lehen espeziea gara. Hainbat dira horren ebidentziak
planetaren txoko ezberdinetan, eta, gurean ere, begi bistan ditugu.
Euskal Herriko inguru naturala, gizakirik
ezean, basoek beteko lukete ia lurralde osoan. Harizti
mistoak eta artadiak ikusi beharko genituzke gure haranetan nonahi, eta
pagadiak goraxeago, mendi aldera. Baso horiek dira bertako aberastasun
biologikoaren euskarria eta horien kontserbazio-egoerak baldintzatuko du gure
biodibertsitatea bera. Alegia, berezko basoa galtzen dugun heinean galdu eta
galduko dugu bertako bizitza: Euskal Herriko biodibertsitatea.
Gainera datorkiguna.... |
Hau jakinda, ulergaitza da Bizkaian eta
Gipuzkoan azken urteotan, batez ere, gauzatzen ari den baso-politika. Gure
paisaia guztiz eraldatu duen pinudien krisian murgilduta gaudela, egoera gogoeta
sakona egiteko eta aldaketarako baliatu beharrean, krisia eragin duen
monolaborantzan oinarritutako baso-kudeaketa intentsiboari eusteko aterabideak
bilatzen jarraitzen du egurgintza sektoreak; beti bezala, Aldundien
babesarekin. Pinua eukaliptoarekin ordezkatzen ari dira han eta hemen, adibidez
Bizkaian, zuhaiztun eremua ia lurraldearen % 60 izanik, % 17 gainditu dute eukalipto-landaketek,
baso autoktonoek % 25 inguru besterik hartzen ez duten bitartean.
Izan ere, eukaliptoa landare exotiko
inbaditzailea izateaz gain, ingurumen-eragin larriak dakartza: lurra lehortu,
haren egitura fisikoa eta kimikoa eraldatu, suteak erraztu… Alegia, bertako biodibertsitateari zuzenean
eragiten dio, kaltetuz eta galduaraziz. Eukalipto-landaketen ingurumen-kalteak
pinudienak baino askoz ere handiagoak dira. Portugal eta Galizian gertatutakoari
begiratzea besterik ez dago gurean hartzen ari garen arriskuez jabetzeko.
Eukaliptoaren hedapena eragiten ari den baso-politika hau onartzea, sustatzea eta
diruz laguntzea guztiz onartezina da.
Nazioartetik
zetorren haizeari jarraituz, Lehendakariak klima larrialdi egoera erabaki zuen
aurreko udan. Berotegi-efektua sortzen duten gasen isurketen murrizketan jarri
da arreta. Beraz, horri ere erantzuteko, bada garaia berezko basoen alde
egiteko, are gehiago, ikusita bizi dugun osasun krisi honen aurrean biodibertsitatea
dela daukagun txertorik eraginkorrena. Intentsiboki ustiatzen diren eukalipto-landaketak
ez dira ez basoak, ez bertakoak, eta bertako biodibertsitatea kaltetzen dute.
Horregatik guztiagatik, eukalipto-landaketa
industrialak gelditzeko eskatzen dugu:
- Aldundiek landaketa horiek geldiarazi (diru-laguntza guztiak ukatuz: pistak, makinak, mantenua…), ingurumen-kalteen ordainak eskatu, araudiak aldatu eta baso-politika berriak planifikatu eta gauzatu ditzatela.
- Jabeek (publiko zein pribatuek) lurraren erabilera adeitsuagoak lehenets ditzatela.
- Gizarteak mezu hau zabaltzen lagundu dezala: hemen ez dugu eukaliptorik nahi.
Eukaliptoak Australiara!
2020ko
maiatzaren 18an
SINATUA:
NATURKON,
Gipuzkoako Natur eta Ekologista taldeen koordinakundea